Donostiako Udalak webgune eraberritua aurkeztu du, administrazioak, herri mugimenduek eta eragileek hirian eskaintzen dituzten ekitaldi, jarduera edo zerbitzuen berri emateko. Hiru berrikuntza nagusi izan ditu www.euskaraz.net atariak, Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Euskara eta Kultura arduradunak jakinarazi duenez.
Alde batetik, edukiak herritarrentzako “ulerterrazagoak eta hurbilagoak” egiteko asmoz eraberritu dute ataria. Bestetik, diseinua berritu, eta webgunea kudeatzeko lan tresna egokia landu nahi izan da. Eta, hirugarrenik, herritarrari informazio “hobea, zabalagoa eta hurbilagoa” ematea izan du helburu. Txapartegik nabarmendu duenez, atariaren diseinua “berria da, garaikidea, garbia, irakurterraza eta edukiak nabarmentzen dituena”. Atari “erakargarriagoa” egin dute; “Atal bakoitzak bere kolorea du bata bestearengandik bereizteko eta nabigazioa errazteko”.
Berrikuntza gisa, Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzuak antolatutako eta eskainitako zerbitzuen berri ere emango du. Gainera, Euskaraz.net atariarekin batera, Merkatari.net atariak ere berrikuntzak dakartza. Nobedade bezala, lehen bereizita zeuden bi atari horiek gune bakarrean egongo dira integratuta.
Euskaraz.net ataria 2003an sortu zen, eta, Txapartegiren arabera, “edukien etengabeko eguneraketari esker, Donostian euskararekin zerikusia duen informazioaren erreferentziazko iturri izan da”. Halere, iaz berrikuntzari ekitea erabaki zuten.
295 plaza eta kale, euskaraz
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, euskarazko izen ofiziala jarriko diete orain arte ez zuten kale eta plazei. Horretarako, Euskaltzaindiak Donostiako kale izenei buruz jasotako gomendioetan eta arauetan oinarritu da udala izen horiek proposatzeko garaian, bai eta euskararen erabilera normalizatzeko udalak onartutako arau, irizpide eta halakoetan ere.
Guztira 295 kale eta plazak jasoko dute euskarazko izen ofiziala. Hiru multzotan egongo dira banatuta. Batetik, izendapenaren muina euskaraz eta gaztelaniaz berbera dutenak, Easo plaza eta Hernani kalea esaterako. Bestetik, hizkuntza bakoitzean izen desberdinak dituztenak, Artzain Onaren plaza eta Trinitate plaza tarteko. Azken horietan gaztelerazkoa bere horretan geratuko litzateke.
Eta, azkenik, euskarazko izena normalizatzearekin batera, gaztelaniazkoa ere egokituko luketenak. Adibidez, Aiete pasealekua euskaraz, eta Paseo de Aiete gazteleraz.
Leave a Reply