Hil arte, kokaina ekologikoa

Haurdun dauden auzoko neskatilek atarian pipak janez eta zigarretak errez pasatzen dituzte arratsaldeak. Horregatik bizi naiz hain eroso nire auzoan: ez dirudielako bizilagunek inongo anbiziorik dutenik 100. urtebetetzearen eguna mendi maratoi bat eginez ospatzeko.

Norbere burua eta ingurukoen osasuna zaindu nahi horri berekoikeria hutsa deritzot. Gure existentzia kosmosaren iraupenerako ezinbesteko baldintza balitz bezala jokatu ohi dugu, ahal den luzeen bizirik jarraitzea mandatu sakratua balitz bezala. Eta kontrakoa gertatzen da; gutako gehienok lurrazalari irtendako pikorta mingarriak baino ez gara funtsean. Planetak lasaitutxoa hartuko luke, adibidez, egunkari honen irakurle guztiok Ibarrako piperrek zabaldutako Ebola berri eta zital batek bihar bertan bat-batean hilko bagintu. Edo Troposferan eta Estratosferan oraintxe bertan —eltxo nekosoak balira bezala— hegan ari zaizkion milaka hegazkinak supituki desagertuko balira, Malaysian Airlinesek patentatutako moduan.

Mendebaldeko biztanleen aztarna ekologiko onartezinak eta herrialde jendetsuenak suspertu izanak osatzen duten koktel asasinoa aintzat hartuta, bakoitzaren ekologismoa aldarrikatzeko modu eragingarriena berandu baino lehen harakiria egitea da. Suizidioak oso prentsa txarra dauka, ordea, eta gehienok ez daukagun kuraia eskatzen du. Horrela, irtenbide zentzuzkoena abiadura ertaineko agurra iruditzen zait. Hau da, laster samar hilko garela bermatzea, prozedura zorrotz bat dela medio. Bitartean natura mimatuz.

Diziplina behar da gorputza lantzeko, baina baita hondatzeko ere. Heriorainoko etapa, hala ere, paradisuan barreneko txango bat izan daiteke, gurutze-bidea baino gehiago. Flora eta fungi erreinua prest daude eutanasiarekin laguntzeko. Gutizi kuttunenak, debekatuak ziruditenak eta trantze misteriotsuak eragiten dituztenak, eskura jarriko ditu. Taxuzko masajeak jasoz gero, zelaiek eta sastraka bazterrek kolore guztietako opari lisergikoak ernatuko dituzte. Agure izatera iristearekin tematutakoan bakarrik bihurtzen dira bizioak arazo. Beste aldera badoanarentzat ez da egongo ez errehabilitaziorik, ez delirium tremens-ik.

Zigortu behar bezala gorputza izadia laztantzen duzun bitartean: horixe behar du mezuak. Erein kokaina ekologikoa, sustatu bidezko merkataritzaren bitartez iritsitako speeda. Hartu biak kontrol gabe, busti zintzurra sulfito gabeko ardo litroekin, desagertu azkar, hil lasai asko. Ama Lurrak jakingo du sakrifizio eskuzabala nola eskertu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.