Elkarte Babesleko animaliak hartzera deitu dute

Talde animalistek dei egin dute Gipuzkoako Abere eta Landare Elkarte Babeslearen instalazioetan dauden animaliak adopzioan hartzera. Hamahiru elkartek sinatu dute oharra, eta salatu dute Elkarte Babeslearen instalazioak “leporaino” beteta daudela, hara eraman dituztelako epailearen aginduz itxitako Igeldoko Txakur eta Katuen Etxean zeuden 70 txakur eta sei katu.

Komunikatua sinatutako elkarteak, Elkarte Babeslean dauden animalia horiek adoptatzeko deia egiteaz gain, prest agertu dira Elkarte Babeslearekin hitz egiteko, eta, azaldu dutenez, “bitarteko guztiak” jarriko dituzte animaliak zaintzen lagundu ahal izateko.

Hala ere, kexu agertu dira, orain arte ez dutelako erantzunik jaso. Gaineratu dute Elkarte Babesleen mundua “oso iluna” eta “zeharkaezina” dela. Komunikatuaren sinatzaileetako Jose Mari Erauskinen ustez, bai atxiloketa bai zentroaren itxiera Ertzaintzak aspaldi zabaldutako ikerketaren ondorio dira, eta udalarentzat animalia horiek “zaborra dira”, eta “zabor gisa” erabiltzen dituzte. “Udalari gauza bakarra axola zaio: kalean dauden animalia hauek guztiak kaletik kendu eta nonbaitera eramatea. Berdin zaie gero animaliekin zer egiten den”. Gehitu du garai “larri” honetan garrantzitsua dela Elkarte Babesleko animaliei beharrezkoa duten espazio bat ematea, eta animaliak adoptatzeko interesa duen orok Elkarte Babeslean adopta dezala eskatu du. Talde animalistek telefono zenbaki bat eman dute: 943-37 66 50.

Leave a Reply

Your email address will not be published.