Auzolana lurpetik ateratzen

Aise mugitzen da 4×4 autoa Bizkotxeko meatze eremuko bidexka eta tunel zaharren artean. Sigi-saga dabil, Leitzaran ibaiaren ibilbideari jarraiki, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko muga josten. Autoaren ate bakoitzean, Burdina Taldea, letra larriz idatzita. Hogei minutu igaro dira, Leitzako errepidea atzean utzita, natur gunean barneratu direnetik. Bidea belar eta harri artean desagertu den unean, autoa bazterrean utzi eta oinez egin dituzte azken metroak. Ibaiaren ertzean, antzinako eraikin baten hondakinak ikus daitezke, goroldioaren azpitik muturra ateratzen. Mustarko burdinola zaharra da. Horixe dute helmuga Burdina taldeko boluntarioek.

Bi lagun azaldu dira lan saiora, Xabier Arruti Txanka eta Manu Izagirre. Burdina taldeko sortzaileetako bat da Txanka; Izagirre, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saileko Ondare teknikari ohia. Aurreko egunetan lurpetik ateratako arrastoak aztertzen ari dira. “Xabier Alberdi arkeologoaren esanetan, harribitxi bat da hemen lurpean dagoena”, azaldu du Txankak.

Burdinako kideek bazekiten sutegi, labe edo burdinola bat zegoela inguru horretan, baina xehetasun gehienak itzaletan daude oraindik: eraikinaren garaia, tipologia, erabilera… Itsu-itsuan heldu zioten proiektuari, eta pixkanaka bada ere, hasiak dira misterioa argitzen: “Begien bistan dauden harriak antzinako burdinolaren arrastoak zirela uste genuen, baina oker genbiltzan: ondoko etxe baten hondakinak dira. Benetako burdinola lurpean zegoen”, gogoratu du. Lagin bat atera zuten inguruko lurretan, eta ia kasualitatez, aurkikuntza interesgarria egin zuten: “Modu berezian kokatutako zenbait harri azaldu ziren, eta, gure adituen arabera, burdina lantzeko erabil zitezkeen”.

Izagirreren aburuz, ordea, datu batzuk argitu arren, Mustarko burdinolari buruzko informazio gehiena misterio bat da oraindik. “Indusketa egiten hasi ginenean, labeko errautsez eta karez osatutako eskoria topatu genuen lehenbizi, eta horrek frogatzen du burdingintza lanak egin direla. Beraz, aurkikuntza txiki horrek bide eman zigun hondeatzen segitzeko. Gerora, egituraren zati txiki bat azaleratu genuen, baina gehientsuena lurpean dago. Horregatik, burdinolaren tipologia ez dugu oraindik ezagutzen. Ingurua garbitzen jarraitu behar dugu, orain arte aurkitutakoaren zentzua ulertzeko”.

Eraikin bitxia

Azaleratutako piezen izaera bereziak, gainera, gehiago nahastu ditu ikerlariak: “Nahiko eraikin bitxia da, ez duelako bat egiten orain arte aztertutako tipologiekin: alde batetik, ez dugu uretarako kanalizatzerik topatu; beraz, ondoriozta genezake haizeola bat izan zitekeela, baina, aldi berean, aurkitu ditugun hondakinek ez dirudite ohiko haizeola batenak. Tipologia ezezaguneko eraikina da, eta horrek egiten du interesgarri”, gaineratu du Izagirrek.

Hipotesiak egiten hasiak dira adituetako batzuk, lur azpian topatutako lanabesetan oinarrituta. “Tresna interesgarri bat topatu dugu, tobera edo haizebide bat. Izen hori hartzen du hauspoetatik airea jaso eta labean sartzen duen hodiak. XVIII. mendean brontzez eginak zeuden, baina hemen aurkitu duguna burdinazkoa da; beraz, horrek esan nahi du zaharragoa dela”, azaldu du Izagirrek. “Zer ikas dezakegu pieza horri esker? Bada, seguruenik, Mustarkoa burdinola txiki bat izan zela, eta ez sutegi handi bat. Garaiari dagokionez, XVI. edo XVII. mendekoa dela uste dugu, baina seguru egoteko modurik ez dugu uneotan. Are zaharragoa ere izan liteke”.

Auzia argitzeko, hainbat aditurekin hitz egin dute Burdinako boluntarioek, Txankaren esanetan, “ezinbestekoa delako norberarena baino begirada zorrotzago bat”, korapiloa askatze aldera: “Taldearentzat ezinbestekoa da arkeologoekin eta bestelako adituekin elkarlanean aritzea, guretzat harri soil bat dena haientzat aztarna garrantzitsu bat izan daitekeelako”.

Baina arkeologoen laguntzarekin ere, boluntarioek jakin badakite alimaleko esfortzua egin beharko dutela, Mustarko burdinola berreskuratu nahi badute. “Lan handia dugu aurretik. Aurten, beste bi aldiz etorriko gara hona, eta gainontzekoa datorren urterako utziko dugu. Agian hondeamakina txiki batekin etorri beharko dugu, aitzurrekin soilik ezin baita lur hau guztia kendu”.

Orain arte, bi lan saio egin dituzte Burdinako kideek Mustarren: lehen saioan hamabost boluntario ibili ziren eremua ikertzen; bigarrenean, berriz, bederatzi lagunek parte hartu zuten indusketan. “Mustarkoa bezalako proiektu erraldoi bat bukatzeko urteak behar dira, eta dauzkagun baliabideekin lan egin behar dugu. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak diru sail bat ematen du urtero, eta horrekin, ahal duguna egiten dugu. Ondo pentsatu behar dugu noraino iristeko asmoa dugun, taldekide guztiak boluntarioak baikara. Horregatik, ez dakigu zenbat denbora beharko dugun burdinola berreskuratzeko”.

Lana, “aspertzeko adina”

Orain arte, eraikinaren pareta batez eta toberaz gain, burdina egiteko tresna ugari aurkitu dituzte, baina datozen asteetako lana ez da horretan oinarrituko, inguruko parajeetan baizik. Izan ere, Mustarko burdinolaren inguruko meategi zaharren bila ere ari da taldea. “Bi elementu garrantzitsu behar ditu burdinola batek: egurra eta minerala. Bigarren hori nondik ateratzen zuten ezagutu nahi genuen, eta meategiak bilatzeari ekin genion. Orain arte, lau aurkitu ditugu ingurumarietan, eta oso interesgarriak dira, informazio asko ematen dutelako”, esan du Txankak.

Burdinolan nahiz meatzeetan topatutako guztiaren inbentarioa egin ostean, diputazioaren esku utziko dituzte aurkikuntzak, eta, gero, eskuartean dituzten beste lanei helduko diete. “Aspertzeko adina lan dugu; hori ez zaigu falta”.

Bide askotatik heltzen zaizkie proiektuak, gainera: “Guk geuk bilatzen ditugu batzu-batzuk, Mustarkoa kasurako, baina, askotan, jendea da hurbiltzen zaiguna, bere etxe ondoan edo mendian arrastoren bat aurkitu duelako. Udal askok ere gugana jotzen dute, esku artean duten proiektu bati edo besteri hel diezaiogun”. Asteasun, adibidez, errota bat berreskuratu zuen taldeak orain gutxi. “Bai udala bai herritarrak oso pozik gelditu dira egindakoarekin, eta hurrengo urterako beste lan bat eskatuko digute seguruenik”.

Izan ere, 11 urte beteko ditu aurten Burdina taldeak, eta denbora horretan ospea lortu du erakunde eta adituen artean. “Urrian hasiko gara udalekin biltzen, urtean zehar egin beharreko proiektuak zehazteko”.

Askotan gertatzen den bezala, ordea, diruak marrazten du egin daitekeenaren eta ezin denaren arteko marra. “Leitzaranen, Amaraunen, Plazaolan… Nahi adina lan dugu inguru hauetan. Proposamenak ez zaizkigu falta, baina aurrekontuek agintzen dute. Normalean, udalek diru sail txikia baldin badute, diputazioarekin hitzarmen bat lortzen saiatzen gara”.

11 urte, hamaika lan

2003. urtean sortu zen Burdina taldea, eta, ordutik, goranzko bidea egin du, bai hartutako proiektuei dagokienez, baita boluntario kopuruan ere. “Lau pertsona ginen hasiera batean. Handik gutxira, zortzi; gero, hamabi; hogei… Orain, talde guztia elkartzen bagara, ia ehun garela uste dut. Jakina, lanera ez gara denak batera etortzen; batzuk Interneteko kontuez arduratzen dira, beste batzuk dokumentazioaz… aitzurra hartzeko orduan, gutxiago gara [barrezka]”.

Urte hauetan guztietan, hamaika proiekturi aurre egin diete Burdinakoek. “Asteasun Urniategiko errota egin dugu; Elduainen, berriz, Saleseko karobia; eta Andoainen hainbat hondakin berreskuratu ditugu, besteak beste, Baltzuetako karobia eta Asindegiko harraska; Karlistaden garaiko Dolores gotorlekua ere ia amaitua dugu han”, gogoratu du Txankak.

Horrek, noski, lanaren metodologia aldatzera eta epeak zabaltzera behartu ditu. “Garai batean, udan bakarrik lan egiten genuen. Abuztuan, astebete hartu eta egunero ibiltzen ginen aitzurrarekin gora eta behera. Behin, norbaitek proposatu zuen urte osoan lan egitea, eta halaxe gabiltza gaur egun”.

Berreskuratutako ondare preziatuena zein den galdetuta, irribarre egiten du Burdina taldeko arduradunak: “Auzolana”. Arbasoen ohiturak bizirik mantendu izana da, haren aburuz, taldeak egin duen lanik garrantzitsuena: “Taldean lan egitea, auzolanaren espiritua berpiztea… hori da gure lorpenik handiena. Horrez gain, jende baliotsua ere berreskuratu dugu, garai batean bezala lan egiteko gogoa eta ilusioa duen jendea”.

Horregatik guztiarengatik, egindako ibilbidearen balorazioa “ezin hobea” dela azpimarratu du Txankak. “Egin ditugun lanak kontagaitzak dira. Batzu-batzuk, oso gogorrak, baina denak politak. Oro har, oso pozik gaude, taldea sendo dagoelako, lanik ez zaigulako falta eta erakundeen nahiz herritarren babesa sentitzen dugulako”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.