Erotismo eta sexu kontuetan jendeak beldur handia duela uste du Goizeder Salegik (Zumaia, 1984), eta, sex shop-a zabaltzearekin batera, horri buelta emateko hainbat ideia ditu buruan. Bibragailuak ditu dendako produktu nagusitzat, baina bezero gehienek kosmetika erotikoa baino ez dute erosi oraingoz.
Nola hurbildu zinen jostailu erotikoen mundura?
Iaz, hiru urteren ondoren, Eroskiko lana amaitu zitzaidan, eta zer egin nahi nuen pentsatzen hasi nintzen, egiaz zer gustatzen zitzaidan; eta, hala, tupper sex-a egiten hasi nintzen. Interneten begiratu nuen nola funtzionatzen zuen, eta horretan aritzen zen enpresa bat topatu nuen. Haiekin harremanetan jarri nintzen, maleta bat bidali zidaten, eta nahiko ondo joan zitzaidan: jendea animatu egiten zen. Enpresaren bidez, Bartzelonan ere izan nintzen, tupper sex-ak nola funtzionatzen zuen ikasteko eta produktu erotikoak ezagutzeko.
Hortik otu zitzaizun Zarautzen sexu denda bat zabaltzea?
Behin, lagun batek esan zidan bazuela lokal bat libre eta halako zerbait jarriz gero funtziona zezakeela, hori aurrera eramateko moduan ikusten ninduela. Orduan, hor geratu zen kontua, baina ni pentsatzen hasi nintzen egiteko moduko zerbait zela. Zarautzen beste sex shop-ik ez dagoenez eta betidanik denda bat eduki nahi izan dudanez, zabaltzea erabaki nuen, koinataren [Esti Iregi] laguntzari esker.
Nola joan dira lehen egunak?
Ba, abuztuaren 30ean inauguratu genuen, festa antzeko batekin. Nire mutil-laguna [Xanti Iregi] musika jartzen aritu zen, eta merienda ere eskaini genuen; jende asko etorri zitzaigun. Gainera, egun horretan erosiz gero, %10eko deskontua egiten genuen. Batzuk animatzen ziren erostera, baina, jende asko zegoenez, gehienak lotsatu egiten ziren. Ordutik ez dira egun asko pasatu, baina jendea etortzen da, kuriositatez. Asko kanpotik begira geratzen dira, eta, haiengana joaten naizenean, gauzak galdetzen dizkidate, baina ez dira ausartzen sartzera. Aurreko batean, adibidez, emakume heldu bat etorri eta ate parean geratu zen; esan zidan kuadrillakoek bidali zutela denda ikustera eta esan ziotela kontatzeko zer zegoen.
Baina batzuk sartu ere egingo dira.
Bai, batzuk galdezka etortzen dira, inoiz sex shop batean egon ez direlako eta gauzen berri ez dutelako. Baina badaude ohituta daudenak ere, zeren bila datozen badakitenak.
Sexu denda batean, gauza askorekin topo egin daiteke. Zer eskaintzen duzu zuk?
Jende asko txinatar bolen edo hilekorako koparen bila etortzen da. Kosmetika erotikoa, lubrifikatzaileak eta bibragailuak ere baditut; azken horiek sortu zuten kuriositate handiena inaugurazio egunean. Baina jende gehienak kosmetikaren inguruko galderak egin ohi ditu, kanpotik ez baita igartzen zer den. Arlo horretan, gauza dezente ditut; mentazko ezpainetako margoa, adibidez, aho sexua praktikatzean sentipen berezia eragiten duena; izaretan usaina jartzeko produktuak; urtzen diren kandelak; gorputzerako kremak…
Krisi garaiotan, negozio ona izango al da?
Beldur pixka bat izan dut, egia esan. Baina ez ditut oso garesti jarri gauzak, sex shop-etara joan izan naizenetan neuk izan dudalako gauzak garesti egoten diren inpresioa. Gainera, baditut buruan hainbat ideia: adibidez, Zarauzko kanpinera ezkon-aurreko agurretara etortzen diren kuadrillek eskatu izan dute tupper sex-a, eta aukera ona iruditzen zait elkarlanerako. Tabernetan ere gau erotikoak antolatu nahi nituzke, postutxo bat jarri eta informazioa emateko.
Zein da produktu nagusia?
Bibragailuak, ziurrenik. Badago bat urrutiko aginte bidez funtzionatzen duena. Norberak neur dezake zein intentsitaterekin bibratzea nahi duen, edo bikotekideetako batek sartu, eta besteak urrutiko agintea kontrola dezake. Jolaserako egokia da. Badago beste bat aho sexua simulatzeko balio duena, mingain txiki antzeko pila bat duena. Hala ere, oraingoz, kosmetika erotikoko produktuak saldu ditut gehien. Uste dut jendeari erreparoa ematen diola zuzenean bibragailuetara jotzeak.
Aholkuak eta azalpenak ematea ere tokatuko zaizu.
Askok gauza bakoitzak eragiten duen sentsazioaren inguruan galdetzen didate, ea dena probatu ote dudan; nik ezetz esaten diet, dena ezetz. Gainera, zaila da aholkuak ematea, bakoitzak bere gustuak ditu eta. Errazagoa da gomendioak ematea gorputza ongi ezagutzen duen bati, zeren bila datorren badakien bati. Lehengo batean, adibidez, neska-lagunarentzat zerbait erosi nahi zuen mutil bat etorri zen, eta dendako produktuei sakelakoarekin argazkiak atera eta neska-lagunari bidaltzen zizkion, hark zer nahi zuen erabaki zezan. Baina gorputza oraindik miatu ez dutenei gauza sinpleekin hasteko esaten diet; bibragailu txikiekin, adibidez.
Nolako jendea etorri zaizu orain arte?
Gehienak, emakumezkoak eta 30-35 urte bueltakoak. Neskak errazago animatzen dira. Baina askok esan didate gizonezko bikotekideak beldurtu egiten direla dendara datozela esan dietenean, euren ordezko zerbaiten bila etorriko direla uste dutelako.
Sexuari edo erotismoari ematen al zaio behar besteko garrantzirik?
Esango nuke oraindik bigarren mailan uzten dugula: ezjakintasun handia dago, eta jendeak aztoratzeko joera du. Denda ikuste hutsarekin, askok pentsatuko zuten Zarautzen halako zerbait arraroa dela. Baina oso naturalak diren gauzetan ere ezjakintasuna dago; adibidez, mutil askok ez dakite zer den hilekorako kopa.
Zer esango zenieke horiei?
Dena probatzeko dagoela. Objektu erotikoen bidez, norbere gorputza ezagutzen da, eta hori garrantzitsua da besteekin gozatzeko orduan. Oraingoz, sexologiako masterra egiten ari den neska batekin jarri naiz harremanetan, eta harekin tupper sex-a egitea pentsatu dut, baita dendan bertan tailer batzuk antolatzea ere.
Dendaren izenak sortu ditu gorabehera batzuk.
Halako denda bat zabaltzea otu zitzaidanean, burura etorri zitzaidan lehen izena Goxo-goxo izan zen, eta niri buruan zerbait sartzen bazait, eutsi egiten diot. Gainera, goxo hitza asko erabiltzen dut, eta dendan ditudan gauza guztiak goxo egoteko dira, nire ustez. Okerrena da Goizeder izenagatik Goixi deitzen didatela lagunek, eta batzuk Goixi goxo deitzen ere hasi zaizkit. Ume batzuek goxoki denda dela ere pentsatzen dute.
Leave a Reply