Dantzarien topaleku

Liburu zaharretatik jasotako kontakizun eta leienda zantzuek ematen duten misterioz inguratuta, Igartzako ezpata dantzaren saio berri baten lekuko izango da Beasain bihar.

Ibilbide laburreko tradizioa izan arren, jadanik Igartzako Monumentu Multzoaren ikur bilakatu da. Alkandora eta media txuriak soinean, praka beltzak eta gerriko, banda eta zapi gorria buruan dituztela, dantzariek hartuko dituzte ibaiaren bi ertzak; eta zubi zein burdinolako aldaparoaren gaina ondoren.

Beasaingo hiribilduak Igartzako jauntxoen eskubideak eskuratu zituela ospatzeko ezpata dantzarien talde batek urtero udaletxetik Igartzarako bidea egiten zuela kontatzen da. Harrizko zubia zeharkatu, eta Igartzako jaun edo andrearen mendeko ziren inguruak bere egingo zituzten, urtero, herritarrek jauntxoaren mendetik ihes egin eta herriaren askatasuna irudikatuz.

Kontakizunak kontakizun, udal artxiboko liburu zaharretan aurkitutakoak dira eztapata dantzarien zantzu ziur bakarrak.

Garai berrietara egokituz

Historia liburu zaharretan duela berrehun urteko lekukotasunak aurkitu ondoren 2007an berreskuratutako ekintza da Igartzako ezpata dantzarena; Beasaingo eta Goierri osoko dantzariak urtero elkartzeko aitzakia bikaina.

Goierriko hainbat herritako ohiko dantzak berreskuratzeko lanetan aritu izan da Mikel Sarriegi Beasaingo Aurtzaka dantza taldeko kidea. Igartzako ezpata dantza berreskuratzen ere hasieratik buru-belarri aritu denetako bat izan da.

Duela hamar urte, Aurtzaka dantza taldearen 25. urtemugan, herriko dantza historia aztertzeko udal artxiboetan murgilduta zebilela egin zuen topo Sarriegik Igartzako ezpata dantzari erreferentzia egiten zioten idatziekin. 1828. urteko idatzi hartan, Igartzako Burdinolara Fernando VII.a Borboikoak egindako bisitaren berri ematen da. Hari ongietorria emateko, udalak ezpata dantzarien talde bat biltzeko deia egin zuen, eta nola jantzi behar zuten ere zehaztu zuen. 30 gazte eztapa dantzari ataundar, zaldibiar eta beasaindar bildu ziren 1828ko hartan. Sarriegik ikusi duenez, “zaldibiarrak ziren orduan dantzari iaioak”.

Ordurako Beasaingo Udala Igartzako Monumentu Multzoa berreskuratzen hasia zen. Beraz, inguruko eraikinak berreskuratzearekin batera, ondare kulturalez jantzi zuten Igartzako ingurua.

Idatzi zaharretan dantzarien jantzien gaineko xehetasunak eta egingo zuten ibilbidearen gaineko informazioa aurkitu zuten arren, dantza bera nola izango zen zehaztea kosta zitzaien gehien. “Lehen dantza pausoak nolakoak ziren ez dago jasota; beraz, dantza maisu zaharrenenganaino jo behar izan genuen informazio bila”, dio Sarriegik. Ahalik eta testigantzarik zaharrenak jaso zituzten, modurik fidelenean erreproduzitzeko. Zantzu zaharrak jasota, formatu orokor edo estandarrarekin osatu zuten ezpata dantza.

Ibilbidea, berriz, hainbat hipotesi lotuz osatu zuten. Dantzariek udaletxean herriko bandera hartu eta herria zeharkatzea tradizio askotan jasoa dagoen ekintza da. Igartzan bertan egiten den ibilbideari dagokionez, badirudi garai bateko nagusiek jabetza aldaketa aldarrikatzeko erabiltzen zuten protokoloa irudikatzen duela. Igartzako buruak hil ondoren, jabetza eskuratzen zuen jaunak edo andreak etxe guztietara bisita egiten zuen jabe berria zela erakusteko. Folklorean aditu direnei kasu eginez gero, bestalde, “ibai aldeetan izurriteak uxatzeko egiten ziren errituen zati bat litzateke gaur egun Igartzan erakusten dutena”.

Kofradiakide berria

Igartzako Dantzarien Kofradia sortu zuten 2007an, urtero ekitaldia antolatzeko ardura hartzeko; bertan, Beasaingo Aurtzaka eta Ostadar dantza taldeetako kideak egoteaz gain, Goierriko beste hainbat herritakoak ere biltzen dira. Inoiz dantzan parte hartu duten dantzari eta musikari guztiek osatzen dute kofradia; berrehun kide inguru ditu gaur egun.

Bihar, inoizko ekitaldirik jendetsuena izango da. Ezpata dantzarien segizioa bereziki luzea izango da, 70 dantzarik parte hartuko baitute. Buruzagia, zaldikoa, banderariak, dantzari azkendariak eta Loinazko dantzari txiki eta musikariak ere izango dira, eta ezpata luzeko dantzariek lau ilarako segizio luzea osatuko dute.

Zalantzarik gabe, Beasaingo eta Goierri osoko dantzarientzat festa egunerako aitzakia bikaina bihurtuko da Igartzakoa. “Egun honekin lortu dugu aurretik genuen asmo bat betetzea; dantzari haur, gazte zein helduak elkartuko garen erreferentziazko eguna izatea. Dantza zaharra berreskuratu, Igartza biziberritzeko ekitaldi berezia sortu eta, gainera, dantzarion topaleku bihurtu dugu Igartza”, dio Sarriegik.

Aurten, kofradiakide berria izendatuko dute, Mattin erraldoia. Izan ere, aurtengo gonbidatu bereziak erraldoi dantzariak izango dira. Beasainen erraldoi bikote berria aurkeztu zuten maiatzean: Jone, San Joan Esku-dantzako neskatxa dantzaria, eta Mattin, Igartzako ezpata dantzaria. Mattin erraldoiak Igartzako ezpata dantzan parte hartuko du: “Berezia izango da erraldoia dantzan ikustea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.