Naziotasunaren aitzakian, festa

Naziotasuna eta lurraldetasuna lantzen pauso bat gehiago emateko xedez eta ideia praktikara eramatearen ondorioz sortu zen Euskal Herria Eguna. Duela sei urte jaio zen, Ibarratik eta Lizarratik, Bai Euskal Herriari egitasmoaren ondotik. Bihar seigarrenez ospatuko da, eta hirugarrenez hartuko du Ibarrak, berrikuntza edo nabarmentzeko ezaugarri batekin: zazpi lurraldeetako ordezkaritza izango duela estreinakoz.

Unai Igartua Ibarrako antolaketa taldeko kideak azaldu duenez, beste herrietako errealitatea gertutik ezagutzea da jai eta senidetze honen helburua: “Gure ingurua ongi ezagutzen dugu, baina beste herrietako egunerokoa, euskararen egoera, naziotasun ikuspegia, borroka… oso ezberdina izan daiteke”. Ibarra eta Lizarra “arlo guztietan” senidetuz hasi zen guztia; “Bi herrietako taldeak, elkarteak, kirol taldeak, dantza taldeak, ikastolak, udalak… guztiak senidetzeko elkarrekin harremanetan jarri ginen, eta urte osoan egitasmoak antolatzen hasi ginen, herri batean zein bestean”. Euskal Herria Egunaren izenpean biribildu zen guztia 2009. urtean Ibarran egin zen festarekin.

Lekukoa Lizarrak hartu zuen hurrengo urtean, eta hirugarren EH Egunean pauso bat gehiago eman nahi izan zuten Bizkaiko Algorta herria gonbidatuz. Ibarran egin zen hirugarren senidetze eguna, eta laugarrena Algortak hartu zuen. Joan den urteko jaia, berriz, Lizarran ospatu zuten hiru herriek, eta, horrez gain, urte hauetan guztietan urte osoan egitasmo ugari antolatzen jarraitu dute, hala nola mendi martxak, futbol partidak edota sagardotegietarako txangoak.

Pauso berria

Seigarren Euskal Herria Egunerako nazio eraikuntzan eta senidetzeari begira, “pauso garrantzitsua” eman dute: “Zazpi lurraldeetako herriak batzea erabaki dugu, eta, horrela, aurten zazpiak bat egingo gara”. Hala, Lapurditik Itsasu, Nafarroa Beheretik Baigorri, Zuberoatik Maule eta Arabatik Agurain gonbidatu dituzte festara. Dena den, antolatzaileek argi utzi dute “jai irekia” dela eta ateak zabalik daudela herritar ororentzat: “Ez dago herri horietako biztanlea izan beharrik parte hartzeko, edonor dago gonbidatuta, guztiok herri bat gara”, dio Unai Igartuak.

Egitarauari begira, askotariko ekitaldiak izango dira Ibarran egun osoan. Harrera ekitaldiaren eta hamaiketakoaren ondoren, kalejiran herri guztia zeharkatuko dute “herritar orok festaren berri izan dezan”. Gaztetxoenen gozagarri, eguerdian plazan pailazoen ikuskizuna izango da, eta, ondoren, mahaiaren bueltan elkartuko dira parte hartzaile guztiak bazkaltzeko.

Arratsalderako erronka “ikusgarria” prestatu dute: “Herriak nor gehiago ariko dira joku berezietan parte hartuz: errekatik sare batetik eskalatuz, goitiberak, globo batzuk igo, traktore gurpilekin zirkuitu bat egin…”. Erronka bukatuta, kalejira egingo dute, eta Subegi elkartean elkartuko dira afari legea egiteko. Gauean, berriz, zuzeneko musikaz gozatu ahalko da gaztetxean. Bestalde, egun guztian ikusgai izango da Bai Euskal Herriari egitasmoak antolaturiko erakusketa, naziotasuna lantzen duena, plazan.

Badu, gainera, beste berritasunik aurtengo festak, izan ere, kanpotik datozen herritarrentzat lo egiteko aukera jarri dute. “Beraz, Tolosaldeko nahiz Euskal Herriko jende guztia gonbidatu nahi dugu senidetze festa honetan parte hartzera”. Eta, jende guztia esatean, adin guztietako jendeari dei egiten diete antolatzaileek: “Ez da soilik gazteentzako festa; azken finean, naziotasuna landu behar badugu, ezin du soilik izan zazpi lurraldeetako herri batzuk batzea edo adin jakin batekoak batzea, baizik eta pertsonak eta herriak batzea da helburua, eta egitasmo honekin gu gure harritxoa jartzen saiatzen gara”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.