Atzerriratu eta aste gutxira, Zarauzko Euskal Jaia igande batean egokitu zen. Tasunek eta keriek zirikatuta, data gorena Berlingo diskoteka ospetsuenean igaro behar nuela erabaki nuen. Metodologia eta emaitzen berri zutabe honetan bertan eman nuen, techno-aurreskua-ri buruz izkiriatuta.
Oraindik herrimina nabaritzeko goiz izanagatik, uste dut orduko hartan eginbeharra jator bete izanaren sentipena-edo bilatu nuela. Irailaren 9a beste pare bat aldiz igaro da, ordea, eta ez dut akelarrea errepikatu. Denboraren logikak sorlekuaren aldentzea modu naturalean adieraztera eramango ninduela espero nuen. Baina bulkada aberkoien zain jarraitzen dut, oraingoz ez baitut ezertxo ere sentitu. Ez dut euskal herritar bihurtzen nauen ezer faltan sumatzen.
Eta gero eta tipo sentiberagoa naiz, ez pentsa. Gurasoak jauresten ditut, eta izugarri gogorra suertatzen zait haien urruntasuna. Inaxio edo Felipe ez ditut apur bat ere ahaztu; Aguexen lehorkeria maitagarriak zorioneko jasango nituzke igande arratsaldero golf zelaian. Nire nostalgiak ez du aberririk, ordea. Familia, malekoiko gin-tonica edo garai bateko errutinen alderdi alaiena maitasunez gogoratzeak ez du esan nahi herriminik dudanik. Horiek guztiak hemen izango banitu, ez nuke Zarautzera hurbiltzeko inongo tentaldirik sentituko.
Diasporaren parte ofizial izan nendin zeren gabezia igarri beharko nukeen galdetu izan diot neure buruari. Janaria litzateke, beharbada, erantzun automatiko samarra. Edonon aurki daitezke jaki atseginak, ordea, eta On Egin kalean behera bi minutura izanda ere ez naiz sarri bertaratzen pintxo pare bat berdindu eta txakolin tragoxka edatera. Aita tematuta ere, sekula ez dut etxetik bueltan natorrenean txistor muturrik edo atun-potorik sartzen maletan.
Hizkuntza da beste aukera agerikoa. Baina bizitzak Ijurko oparitu zidan, eta biok metroan alai aritzen gara alboan eseritakoan traza xelebreak gure kode sekretuan iruzkinduz. Plaza Musikatik 2.000 kilometrora ere posible da euskaraz aritzea.
Beharbada, Euskal Herriko kultur eta kirol adierazpen nagusiak sumatu beharko nituzke faltan. Bertso saio batera edo Kontxako estropadetara ez naiz sekula nire borondatez joan, ordea. Are larriago, sanferminak azkar asko ahaztu ditut, txupinazoa entzutera hamabost urtez jarraian debozio erlijiozkoaz Iruñeratu eta gero. Angel Errori irakurri nion lehengoan Lore Joko posmodernoak antolatuta dantzan borrokatu nahi duela etorkizuna Ernaik. Maitagarria, baina nik nahiago oraindik techno-aurreskuak, Euskal Jaiekin batera ez badira ere.
Herrimin peto-petorik eduki ez, eta Sidneyn jaio izan banintz hutsune berberak izango nituela konturatzeak euskal herritar negargarri bihurtzen nau hamaikagarrenez. Zorionez, ez didazue nire traizioengatik pasaporterik erretiratu ahal izango.
Leave a Reply