“Baimenarekin eta kobratuz margotzen dugu; gure lana da”

Duela bi urte eta erdi sortu zuten Iñigo Arrietak (Lasarte-Oria, 1993) eta haren gelakideek Artefactory enpresa, eta grafitiak zein muralak egiten dituzte. Artea zer den eta zer ez balorazio subjektiboa dela uste du, baina baimendutako pintaketak egitearen aldekoa da.

Marrazkilaria, mural margolaria, grafitigilea… zer zara zu?

Artefactory enpresaren barnean arte murala eta grafitiak egiten ditudala esango nuke.

Ikasketek eraman zaituzte ofizio horri heltzera.

Mondragon Unibertsitatean Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua ikasten ari naiz. Ez da beste graduak bezalakoa; gurearen helburua egiazko negozioak aurrera ateratzea da. Duela bi urte eta erdi, gelakide batzuk eta ni Lander Subiza artistarekin lanean hasi ginen, Donostiako zenbait pertsiana eta komertzio pintatzen. Ideiari heldu genion, eta pixkanaka lana etortzen ari zaigu.

Ez zarete, ordea, besterik gabe pertsianak eta hormak koloreztatzen ibiliko.

Hasieran, kalera irten eta egiten genuena saltzen hasi ginen, eta, oraindik ere, gu gara muralak egiteko aukera proposatzen dugunak. Hala ere, jendea hasi zaigu egiteko eskatzen.

Badituzu egindako zenbait lan kuttun.

Indiako Solaris kiroldegian egindako murala da horietako bat. Aurten, unibertsitatearen bidez Indian eta Txinan egon gara, eta Subiza gurekin eraman genuen Indiara. Asko arriskatu ginen; lana topatzeko gai izango ginela espero genuen, baina kostata lortu genuen kiroldegiko muralak egitea. Horregatik oroitzen naiz lan horretaz, polita izan zelako, baina ordu asko sartu behar izan genituelako. Pedro Subijanaren Akelarre jatetxean ere pintatu genuen mural bat, eta jatetxeak duen izenagatik asko gustatzen zait. Amaitzeko, akaso ez da egin ditugun mural guztietan politena, baina gogoratzen dut Antiguoko Tilin Talan haurtzaindegian egin genuena ere.

Azkena Deban egin duzue, eta Gipuzkoako handiena da.

Oso esanguratsua da lan hori; hilabete oso bat behar izan dugu horretarako, eta gure lanik handiena da; gainera, Debako sarreran dago. Egiten ari ginen bitartean pasatzen zen jendeak animatzen gintuen, “ea noiz bukatzen duzuen” esanez. Olatu ikusgarri bat eta neska surflari bat margotu genituen, bertan bultzatzen ari diren kirola delako eta emakume bat agertzea nahi zutelako.

Kaleko pintaketak baldarkeriatzat har daitezke, eta muralak, berriz, artea dira. Non dago muga?

Ez zait gustatzen eztabaida horretan sartzea; egia da gatazka handia dagoela: guk grafiti suntsitzaileak direla esaten dugunak beste batzuentzat artea dira. Guk horien ondoan dugun ezberdintasuna da baimenarekin eta kobratuz egiten dugula; lana da.

Zeintzuk dira ba “grafiti suntsitzaileak”?

Hori nire iritzi pertsonala da. Esaterako, eremu publikoa guztiona da, eta batek esan dezake: “Hau guztiona denez, nik nire grafiti hau, nire artelan zatia, bertan egingo dut”. Izan daiteke, baina eremu pribatuan sartuz gero, komertzio baten pertsianan, esaterako, nire iritziz suntsitzailea bilakatzen da. Baimena izatearen aldea nabarmenduko nuke nik, zerbait artea den edo ez edonork balora baitezake.

Eta horma bat eraldatzen ari zaretenean, nola erreakzionatzen du paretik pasatzen denak?

Bi jarrera agertzen dira. Hasieran, irudia markatzen dugunean, jendeak ez du oraindik zer egingo dugun ikusten, eta pintaketa bat egiten ari garela pentsatzen du; etorri izan zaizkigu udaltzainak eta ertzainak ea baimenik badugun galdezka. Muralak itxura hartzen duen heinean, ordea, onarpena handiagoa da: animatu egiten gaituzte, muralari argazkiak ateratzen dizkiote…

Zein horma eraldatuko zenuke?

Donostiako murruak eraldatu nahiko nituzke; zenbait eremuri beste bizi bat ematea gustatuko litzaidake. Gonbita egingo nieke udalei espazio publikoak eraldatzeko. Mural ikusgarri batek paretik pasatzen denaren aldartea ere alda dezake.

Leave a Reply

Your email address will not be published.