Oporraldia pasatzera, baina lan egiteko asmotan etorri da oraingoan ere Hiromi Yoshida (Yuzawa, Japonia, 1960) Azpeitiara. 1995etik ia urtero etorri da: “Beti ekartzen ditut egiteko lan batzuk”. Euskara ikertzen eta erakusten dihardu Japonian. Linguistika munduko ikertzailea da Yoshida: “Beraz, noizik eta behin, artikulu batzuk atera behar ditugu, doan. Baina ikertzaile lana hori da, eta horretarako datuak jasotzera etortzen naiz”.
Orain, euskalki batzuk ikertzen ari dela dio: “Batez ere Azpeitiko euskara aztertzen ari naiz, eta, aldi honetan, Zestoako euskararekin ere ari naiz”. Ikerketarako ahozko hizkuntza gehiago interesatzen zaiola dio. Egonaldi honetan, Japoniako rakugo-a eta ipuin kontaketako emanaldiak egiten ari da. Azpeitiko Udal Liburutegian, rakugo-en emanaldia egin zuten ostegunean. Astelehenean, berriz, haurrentzako Japoniako ipuinak kontatuko ditu hantxe bertan.
Hemen datuak bildu, baina Japonian euskara irakasten duzu.
Japonian unibertsitateko hainbat fakultatetan ematen ditut eskolak: Tokioko unibertsitatean euskara eta linguistika ematen ditut, eta urtean bi aldiz Osakara joaten naiz euskarako ikastaro trinkoa ematera. Aurten, Osakan berrogei ikasle izan ditut, eta Tokion 28-30 inguru.
Japonian nolatan hasten dira euskara ikasten?
Hori galdetu ohi diet ikasleei, eta batzuek diote euskara hizkuntza berezia dela, hizkuntza munduan seniderik ez duena, eta horregatik interesatzen zaiela. Beste batzuek, berriz, hemengo futbola interesatzen zaiela diote, eta hortik ezagutu zutela Euskal Herria delakoa badela.
Bestela, Japonian Euskal Herriaren berri ematen al da?
Azken hiru-lau urteotan Japoniako aldizkari askotan azaldu da Euskal Herria. Gero eta ezagunagoa egiten ari da.
Eta zer esaten da?
Artikulu gehienak gastronomiari buruzkoak dira.
Ikerketarako datuak biltzeaz gain, egonaldi honetan bi emanaldi egingo dituzu Azpeitiko Udal Liburutegian. Rakugo-az egin duzu bat; zer da hori?
Japoniako ahozko tradiziokoa da rakugo-a; helduentzako istorio motz batzuk dira, 10-15 minutukoak. Eserita eta kimonoa jantzita kontatu ohi dituzte. Kontalaria bat bakarra da, eta berak egin behar ditu pertsonaia denak.
Nolatan ekarri dituzu rakugo-ak Euskal Herrira?
Nire hasierako asmoa rakugo batzuk euskaratu eta liburu batean argitaratzea zen, baina, ahozko tradiziokoa denez, irakurrita ez dute grazia bera. Jende aurrean antzeztu edo kontatu behar dira, eta nik ez dut horretarako dohainik. Azpeitian, antzerkian urte askotan ibilitako Axen Eskalada laguna daukat. Rakugo-ak kontatzera animatuko zen proposatu nion hari, eta halaxe hasi ginen. Justu orain bi urte hasi ginen, Lazkaoko Maizpide euskaltegian emanaldi bat eginez. Segidan, Azpeitiko San Martin egoitzan egin genuen beste bat. Hurrengo martxoan Bilboko Gabriel Aresti euskaltegira eta Azkoitiko AEKra ere joan ginen. Harrezkero, etortzen naizen aldiro joaten gara Maizpidera, eta baita Gabriel Arestira ere. Emanaldia Donostiako Hizkuntza Eskolan eta Kultur Etxean ere egin dugu. Azpeitiko aldi honetan beste kontalari bat izan dugu, Arantzazu Maizek bi rakugo kontatu baititu. Nik emanaldiaren hasieran azalpen batzuk ematen ditut rakugo-ari buruz.
Rakugo-ak ba al du euskal kulturan antzekotasunik duen zerbait?
Emanaldira joandako askok Pernando Amezketarraren istorioen tankera hartzen diotela esan didate. Rakugo-ak barre egiteko istorioak baitira; ez dira serio-serioak.
Pasadizo eta kontakizun bertsuek eragiten dute barrea Japonian nahiz Euskal Herrian?
Ez, herriz herri, kulturaz kultura umorea aldatu egiten da. Horregatik, rakugo-ak euskaratzeko orduan ondo aukeratu beharra nuen, agian japoniarroi grazia egiten diguten batzuek euskaldunoi ez dizuelako graziarik egingo. Rakugo asko hitz joko batekin bukatzen dira, baina hori ezin da euskaratu, itzulpena egitea oso zaila delako. Oraingoz lau rakugo dauzkagu euskaratuta, eta emanaldietan jendeak barre egin du. Jendeak barre egiten badu, ni oso konforme gelditzen naiz, azken finean hori delako helburua.
Astelehenean, berriz, umeentzako bi ipuin japoniar kontatuko dituzu Azpeitiko liburutegian.
Bai, eta aste honetan Zumaiako eskolan ere egin ditut ipuin kontaketako beste lau saio.
Hango eta hemengo ipuinek ba al dute zerikusirik?
Beti izango dituzte hainbat elementu komun. Ipuin klasikoak ekarri ditut euskaratuta, eta ipuinak irudiekin lagunduta kontatzen ditut, aintzineko janzkerak-eta ikusteko. Azkenean, ipuinek beti kontatzen dutena da maitasuna oso inportantea dela.
Japoniako kultura hona ekarri duzu, baina hemendik hara ere eraman duzu…
Lagun baten eta bion artean Etxepareren Linguae Vasconum Primitae itzuli dugu. Azaroan edo abenduan aterako dugu Japonian; azken zuzenketekin ari gara. Baina han argitaratuko dugun liburua ez da bakarrik itzulpena izango; lagunak eta biok artikulu bana idatzi dugu. Hark Etxepareren garaia nolakoa zen idatzi du; nik, berriz, Etxepareren euskarari eta hizkuntzari buruz idatzi dut. Liburua ateratzeko Etxepare Institutuari laguntza eskatu genion, eta eman zigun. Zailena Japonian liburua argitaratzeko argitaletxe bat aurkitzea izan da, baina hori ere lortu dugu.
Leave a Reply