Uda amaitu ostean, baimena eskatu beharko balu bezala agertzen zaigu udazkena, atea isil-isilik joz, inori minik eman nahi gabe bezala.
Kolore gorriz, horiz, urdinez eta morez jantzi dira ikastetxeetako gelak. Ilusioz, kezkaz, beldurrez… Hasi da 2014/2015 ikasturtea!
“Kolore, kolore, kolore guztiak/ denontzat denontzat ez dira berdinak…” Horixe dio kantuak, eta horrelakoa da udazkena. Zoritxarrez, ez dira berdinak Ziburu, Donostia eta Tuterako ikastolako irakasle, guraso eta ikasleen ikasturte hasierako koloreak; musika, antzerki, dantza… eskoletako koloreak ere nekez argituko dira ez baditugu gure herriko koloreak aldatzen. Gure haurrei euskaraz ikasteko eskubidea mugatzen zaien bitartean, nekez izango ditugu kolore berdinak.
Herri txiki eta ertainetan, goxo-goxo maitasunez hazi diren antzerki, musika, dantza eta kultur adierazpide oro ez badago, nekez sortuko dira musikariak, aktoreak edota dantzariak. Nekez erakutsiko dugu Europan gure kolorea.
Baina, zein da gure kolorea? Zein, euskaldunok maite dugun kolorea?
Haurrek kolore argiak maite dituzte: gorriak, laranjak, moreak… kolore biziak. Guk, aldiz, hamarkada batzuk aurrerago jaio garenok, kolore beltza maite dugu. Iluntasuna, zapalkuntza, tristura… Hori guztia adierazi nahian, beltzez janzten ginen, gara.
Iluntze egoeretatik argietara igarotzean, koloredun kamixak jantziko genituela kantatzen genuen (Ruperrek dioen bezala) igande gaueko azken autobusean.
Bitartean, Donostia 2016 ekinbideari zer kolore emango niokeen pentsatzen hasita, kolore bizia, argia eta dinamikoa behar lukeela bururatu zait. Eta hori guztia merezi badu ere, hori baino lehenagoko iluntasunak konpontzen ez baditugu, ez da kolore bizirik izango. Euskarak, lurraldetasunak, hezkuntzak,berdintasunak… kolore biziak dituzte, eta udazken koloreak dira.
Gorriz eta horiz jantzi dira Bartzelonako kaleak, kolorez adierazi dute beren nahia, kolore biziaz munduak ikus ditzan
Milaka kilometrotara preso dagoen laguna ere berdez jantzita agertu zen azken bixitan. Berdez adierazten du bere nahia, irribarretsu, kolorez. Udazken koloreak denontzat berdinak izan daitezen jantzi du kamixeta berdea, ilusioz, munduak ikus dezan.
Leave a Reply