Memoria historikoa azaleratzeko erakusketa ikusgai da Donostian

Memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin, erakusketa antolatu dute Txinparta elkarteak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Donostian. Ezkaba mendian (Nafarroa) egindako indusketa lanetan aurkitutako arrastoak eta dokumentuak biltzen ditu Lur azpitik – lur azaleratuz izeneko erakusketak, eta 1934tik 1945era bitartean San Cristobal gotorlekuan preso egondako pertsonen egoera latza ulertzeko balioko duela adierazi zuten antolatzaileek aurkezpen ekitaldian.

Frankismo garaiko biktimek eskatuta egin zituzten indusketak Ezkaba mendian, 2007tik 2014ra, eta han aurkitutakoaren lagin bat da EHUko Gipuzkoako campusean ikusgai jarri dutena. Botilen hilerria izenarekin ezaguna den orubean aurkitutako arrastoak dira balio handiena dutenetako batzuk, San Cristobalen fusilatutako hainbat presoren gaineko informazioa osatzeko aukera ematen dutelako. Izan ere, kondenatuen datu pertsonalak eta oharrak botiletan sartu zituzten kartzelako arduradunek, eta hilotzekin batera lurperatu zituzten. Botilen hilerritik ateratako botiletako batzuk ere ikus daitezke Donostiako erakusketan, baina, horrez gainera, baita indusketa arkeologikoetan ateratako argazkiak, kartzelako espedienteak, gutunak, irudi historikoak eta kartzelako ziegetako hormetan presoek egindako grafitiak ere.

Zortzi ataletan banatuta dago erakusketa: San Cristobal gotorlekuko bizi-baldintzak eta 1938ko ihesaldia, espetxeko sendatokia, presoentzako hilerria, botilen hilerria, San Cristobalgo protagonistak, presoei egindako omenaldiak, ondare negatiboa eta Ezkabari buruzko abestiak.

“Hainbat helburu ditu erakusketak: kartzela frankistetan presoek zituzten bizi-baldintza eskasetara hurbiltzea, botiletan dauden mezuak ezagutzea, San Cristobalen preso egon zirenen jatorria ezagutzea, presoek 1934. eta 1945. urteen artean idatzitakoa aztertzea, presoei laguntza eskaintzen zieten emakumeen lan garrantzitsua ezagutzea…”, azaldu zuen Txinpartako bozeramaile Koldo Plak iragan astelehenean egindako aurkezpen ekitaldian.

Parte hartze “aktiboa”

Frankismoko presoen egoera ezagutzeaz gainera, zuzenean parte hartzeko aukera eskaini nahi izan diete antolatzaileek bisitariei. Hala, botilen hilerrian lurperatutako dokumentu historikoen gisara, nahi duen orok mezu bat idatz dezake, horretarako propio atondutako hondar-multzoko botiletan sartzeko. “Mezu bat, zenbaki bat, desio bat, ilusio bat, zin bat, konpromiso bat, kritika bat… norberak nahi duena idatz dezake paperetan”, azpimarratu dute antolatzaileek.

Horren guztiaren osagarri gisara, lurperatze baten erreprodukzioa ere ikusgai dago EHUko Carlos Santamaria zentroan. 1945ean egindako hilobiratzeen kopia zehatza, EHUko kideen esanetan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.