“Euskaraz bizi den Goierrirekin egiten dugu amets. Euskaraz bizi diren eta eleaniztunak diren herritarrak nahi ditugu Goierrin”. Lehengo astean, euskaraz bizi nahi duen Goierri “elkarrekin” eraikitzeko “lehen harria” jarri zuten Beasaingo Igartza jauregian. Goierriko Manifestua aurkeztu zuten bertan. Kontseiluak bultzatu du egitasmoa, eskualdeko udalen eta euskalgintzako hainbat eragileren babesean, eta testuarekin bat egin dute bestelako hainbat elkartek eta norbanakok ere.
Eluska Gerriko Segurako alkateak eta Aitor Calvillo euskalgintzako kideak hitz egin zuten talde eragilearen izenean: “Herri honi izena eta izana eman dion hizkuntzan normaltasunez bizi nahi dugu gure bizitzaren alor guztietan, esnatzen garenetik oheratzen garen arte. Baita amets egiten dugunean ere”. Manifestua babestu dutenek “euskararen normalizazioa bukatu zuen” belaunaldiaren parte izan nahi dute. Bide horretan, ahalegin handia egin izan dela nabarmendu dute. Hori dela eta, uste dute “garai ilunetan” euskarari eusteko “bizitza oso bat” eskaini zutenei zor dietela euskararen aldeko lana.
Manifestuan diotenez, Goierriren gisako eskualde euskaldunak garrantzitsuak dira euskararen normalizazio prozesuan: “Argi dugu Euskal Herriaren euskalduntzea gurea bezalako eskualdeetan hasten dela; Goierrin euskaraz bizitzeko aukera erreala lortzeak ekarriko du normalizazio prozesua sendotu eta hedatzea”.
Horretarako, ordea, elkarlana ezinbestekotzat jo dute, eta “norabide berean eta estrategikoki” lan egitera deitu dute manifestuarekin bat egin dutenek: “Euskara normalizatzea ez da erakundeei soilik dagokien zerbait, ezta haien laguntzarik gabe ekimen sozial hutsez egin daitekeena ere. Batasunak bakarrik eman diezaguke helburua lortzeko bermea”.
Igartzako ekitaldian parte hartu zuten eragile denek euskalgintza direla uste dute. Hau da, euskararen alde lan egin daitekeela, kirol arloan, arlo sozioekonomikoan, aisian, elkarteetan, ikastetxeetan eta oro har, Goierriko antolakunde guztietan: “Gauden lekuan gaudela euskararen normalizazioaren bidean eragile bihurtuko gara, gure ahaleginak egoki koordinatuz”.
Lantaldeak osatuko dituzte
Manifestua irakurtzeaz gain, bestelako ikuskizunak ere egin zituzten Igartzan bildutakoek: antzerkia, kantuak, ikus-entzunezkoak, Ordiziako errugbi jokalariek uztartzea… Gero, taldeko argazkia atera zuten kanpoaldean.
Lanerako deialdia eginez bukatu zuen Calvillok hitzartzea: “Denon artean lan eginez baina gozatuz, gogo biziz, ilusioz, etorkizun berri bat eraikiko dugu”. Aurrerantzean, lantaldeak osatuko dituzte euskararen normalizaziorako eman behar diren pausoak zehazteko.
Leave a Reply