Orioko lurretan, orain dela 7.000 eta 3.000 urte artean leundutako eta landutako aizkora bat aurkitu berri dute. Horri lotuta, joan den larunbatean Gipuzkoako Neolito eta Brontze Aroari buruz jardun zuten Irunen, ondare arkeologikoen Gordailuan. Jesus Tapia arkeologoak parte hartu zuen han (1973, Astigarraga).
Orion aurkitutako aizkora horrek zer balio edo ekarpen egiten dio arkeologiari?
Arkeologoontzat, aurkikuntza guztiek daukate garrantzia. Aldi historiko bat berreraikitzeko, datu bakar bat ez da nahikoa; ahal dugun datu gehien behar dugu. Pieza horrekin bakarrik ezin dezakegu berreraiki garai hartako historia, baina Gipuzkoan, Euskal Herrian eta Kantaurialde osoan ahal ditugun datu gehienak jaso behar ditugu aldi horretako historia berreraikitzeko. Orion aurkitutako aizkoraren tipologia ikusita, argi dago zer aldi historikotakoa den. Forma eta teknika aldetik badakigu orain dela 7.000 urte eta 3.000 urte artean egindakoa dela. Gutxi gorabehera, testuinguru soziala eta historikoa ere ezagutzen dugu: badakigu garai hartan gizakiak abeltzainak eta nekazariak zirela. Hasiera-hasieran ez zuten ezagutzen metala, baina aldi horren bukaera aldera lehendabiziko metalak deskubritzen hasi ziren, kobrea batez ere. Orduko populazioaren banaketaz jakiteko ere nahiko lagungarria izan daiteke aurkikuntza.
Aldi horretako aztarnategi asko al daude Gipuzkoan?
Gipuzkoan Neolito aldiko aztarnategi oso gutxi dago: Marizulo (Urnieta), Herriko Barra (Zarautz) eta Linazeta (Lastur, Deba). Horiez gain, beste gauza gutxi ezagutzen ditugu garai hartakoak edo garai haren ingurukoak. Zenbat eta aztarnategi gehiago aurkitu eta ezagutu, guretzat hobeto.
Beraz, inguru horretako Neolitoko garaiaz gutxi ezagutzen al da?
Gipuzkoan aldi batzuk ez ditugu oso argi; badakigu hemengo jendea zer nola bizi zen, inguruko beste aztarnategi batzuk ezagutzen ditugulako, baina Gipuzkoan bertan oso gutxi ezagutzen dugu Neolito aldiari buruz. Esate baterako, Orion aurkitutako aizkora baliteke Neolito aldikoa izatea, orain dela 7.000 urtetik 4.000 edo 3.000 urte artekoa, edo pixka bat geroagokoa izatea, orain dela 3.000 urtekoa. Teknika aldetik, harria lantzeko prozesu eta estilo hori orain dela 7.000 urte hasi zen hemen. Baina, aldi historiko hori bukatzen denean, pieza horiek ez dira desagertzen: luzapen txiki bat daukate Brontze Aroan sartu arte. Orduan, hori aurkitzeak ez du justu esan nahi Neolitokoa dela: Eneolito edo Brontze Arokoa ere izan daiteke. Aldi horietako hain aztarnategi gutxi ezagutzen ditugu, edozein berri edukitzea oso garrantzitsua dela.
Horrelako pieza asko aurkitzen dira, ala oso bakanak dira?
Horrelako piezak aurkitzea ez da oso arraroa, baina normala dela ere ez nuke esango: trikuharri bakoitzean ez da bat aurkitzen. Agian trikuharri batean bi aurkitu daitezke, eta beste batean, bat ere ez. Kontua da aldi horretaz gehiago dakigula nola hobiratzen zituzten hildakoak nola bizi ziren baino. Trikuharri eta hilobiak dezente ezagutzen ditugu; Gipuzkoan dezente dago. Baina aire zabaleko kanpamenduak, herrixkak eta horrelakoak ia ez ditugu ezagutzen Burdin Arora iritsi arte. Aire zabalean, zelaian, mendian, dolmen edo trikuharriren batekin lotu gabe piezaren bat aurkitzea aztarna bat izan daiteke; gizakiak mendian edo kanpoan nola ibiltzen ziren lekuko dira.
Horrelako pieza bat aurkitzen den tokian indusketa arkeologikoa egiten al duzue gero?
Ikusi egin behar. Gipuzkoan hogei bat aizkora leundu aurkitu dira. Batzuk oso aurkikuntza zaharrak dira, eta haiei arrastoa jarraitzea oso zaila da. Beste batzuetan, berriz, aizkora bat besterik ez da azaldu. Hala ere, gertatu izan da aizkora azaldu eta hortik urte batzuetara beste harrizko tresna txikiren batzuk aurkitzea. Aurkikuntza denek ez daukate kalitate bera informazio aldetik, baina bada puntu bero bat. Aurkikuntza nahiko bakana izan denez, gune horretan puntu bat jar dezakegu mapan. Baina leku horretan, inguruan zein azpian beste aro baten berreraikitzeak globala izan behar du, lurraldearen eskalakoa.
Horrelako piezak aurkitzen dituenak ere ezagutza pixka bat eduki beharko du, ezta?
Bai, bai, aurkitzen duenak zertxobait behintzat jakin behar du. Esate baterako, Ametzaganako aztarnategia [Donostia gainean] aurkitu zuena amateur bat zen. Hark abisua eman zigun Aranzadira, eta aztarnategi garrantzitsu bat atera zitzaigun han. Bere garaian izugarria izan zen, horrelako aire zabaleko kanpamendurik ez zelako ezagutzen. Etzegaraten dagoen Altzerreka Brontze Aroko beste historiaurreko okupazio edo herrixka bat da. Hura ere pentsaezina zen. Gipuzkoan ere aire zabalean bizi izan dira, baina oso zaila da ikustea, belarragatik, azpiegiturengatik eta industrialdeengatik. Azken urteetan aurkikuntzak egiten ari gara, eta aire zabaleko bizitza eta okupazioa uste baino ugariagoa izan dela ikusten ari gara. Azken hamar edo hamabost urteetan egindako aurkikuntzei esker dakigu hori.
Beraz, garai horretako aztarnak galdu egin dira industrializazioarekin eta azpiegitura handiekin.
Munibe aldizkarian, 1960. eta 1970. urteetako aurkikuntzen berri publikatu izan da. Garai hartan lurra gehiago lantzen zen, eta aurkikuntzak ugariagoak ziren. Arabara edo hegoaldera joz gero, badirudi aztarnategi piloa dagoela han eta han jendea aire zabalean bizi zela eta hemen ez; hemen beti kobazuloetan bizi izan dela. Ordea, esango nuke hor distortsio txiki bat dagoela: gaur egungo Gipuzkoa pinuarekin estalita dago, eta, bestela, industrialdea dauka jarrita gainean. Horrek izugarri zailtzen du aurkikuntzak egitea. Aire zabalean material asko dago, baina oso zaila da ikertzea eta aurkitzea, ikusgarritasuna falta baitzaie.
Leave a Reply