Zureak dira kaleak, Inaxito

Inaxito Albisu errenteriarra omenduko dute bihar, sorterrian. Bi ekitaldiko gorazarrea izango da. Lehenak haren bizitzeko era, pentsamolde eta helburuekin bat egingo du: herrian zehar omenaldi ibiltaria egingo dute, hainbat gunetan geldituz, eta, bakoitzean, Albisurekin harremana izan zutenek hura oroituko dute. Antolatzaileen arabera, “gizarte harremanetako aktibista” zen Albisu: “Kalea zuen bere bizimoduaren oinarria. Hark erakutsi zigun gauza bat praktikan jarriko dugu bihar. Egunerokoan gertatzen zirenekin zerikusi handia zuen Albisuk”. 18:00etan hasiko da, Biteri Txikiko plazatik. Bigarrena 22:30ean da: Errenteria Musikal Kultur Elkarteko bandak film mutu bati musika jarriko dio Herriko Enparantzan.

Urtebete eta ia bost hilabete pasatu dira Albisu hil zela. Arras ezaguna zen Errenterian zein herritik at. Besteak beste, Gipuzkoako Alkoholiko Anonimoen sortzaileetakoa izan zen, bai eta Errenteriako Sustapen Kultur Elkartearena ere. Euskalgintzarekin konprometitua zegoen; euskara eskolak emanaz, besteak beste. Kultura eta sorkuntzaren zalea ere bazen. Omenaldiaren antolatzaileek adierazi dutenez, arazoak zituztenen —arazo horiek edozein motakoak izanda ere— ondo-ondoan bizi zen beti: “Haren ohiko esaldi honek ederki azaltzen du haren filosofia: Bizitza zama bada zuretzat, niretzat ere bai. Zure beharrean nago“.

Ohikoa izaten da horrelakoetan omenaldiak berehala egitea. Baina ez dute horrela egin Errenterian. Nahiago izan dute omenaldia denborarekin prestatu: “Ez genuen ohiko omenaldi bat egin nahi, berotasunean egitea arrotza egiten zitzaigun”. Beharbada, “nahi baino gehiago” luzatu da omenaldia, baina antolatzaileek diote denborak gorpuztu egin duela Inaxitorekiko sentimendua: “Sentitzen genuena azaldu nahi genuen omenaldian, eta horrek denbora behar zuen”.

Horrelako lanketa bat egiteko jende askoren koordinazioa behar dela esan dute antolatzaileek, eta ia nahi gabe luzatu dela dena: “Modu horretan arau bat ere hautsi dugu, Inaxitok egiten zuen bezala. Hark ez zuen presarik, beti zuen zerbait buruan, baina presarik gabe egiten zuen lan”.

Errenteriako hainbat talde, eragile eta norbanakok antolatu dute omenaldia, Inaxitoren kaleak, gora bekatua! izenekoa. Gipuzkoako Hitza-rekin talde bezala hitz egin nahi izan dute, nor bere izenik eman gabe.

Kortseak hausten

Omenaldiaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, Errenteriak 100 urte hauetan izan duen herritarrik garrantzitsuenetakoa izan da Albisu. Haien esanetan, “solemnitateetatik at”, kortseak hausten zituenetako zen; ezberdinen arteko harremanean sinesten zuen, eta beti zen kritikoa zein autokritikoa: “Sortzeko, eta hori nola hobetu zitekeen pentsatzeko gaitasuna zuen; betiere, gizarte ikuspegitik, beharra zutenen larrutik. Injustiziari aurre egiteko grina zuen, finean”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.