Isileko artista zela nabarmentzen dute haren gertukoek, ez zela bere lana bereziki plazaratu zuen pertsona, eta guztia ematen zuela ezer trukean jaso gabe. Margolari nahiz eskulturgile gisa ezaguna zen Iñaki Epelde tolosarra, eta txikitatik zetorkion dohain eta sen hori hamaika egitasmotan garatu zuen. Joan den urteko martxoan hil zen Epelde, 54 urterekin, gaixotasun larri baten ondorioz.
Parte hartu zuen egitasmoen artean daude Tolosan kaleko museoa sortzeko egitasmoa, Koldobika Jauregirekin naturaren erdian lanak ikusgai jarri zituen Alkizako Urmara proiektua eta Eskulturastea. Azken jaialdi hori 2012an sortu zuten, eta aurten egingo dute bigarrenez, haren hutsunearekin. Hutsune hori omenaldi bilakatu nahi izan dute, eta jaialdi osoan nabaria izango da tolosarraren presentzia. Halaber, beste hutsune handi bat ere izango du aurtengo Eskulturasteak, Nestor Basterretxea artista hondarribiarrarena.
Epelderen omenez, egunotan ikusgai jarri dute haren ondare artistikoaren zati bat Tolosako hiru gunetan. Aranburu jauregian, artistaren lanak daude Pinturak izenburupean, 1980ko hamarkadatik hasi eta azken obretaraino; Topic Txotxongiloen Nazioarteko Zentroan dagoen Diseinuak erakusketak, berriz, tolosarraren alderdi pertsonalagoa erakusten du, parte hartu zuen hamaika egitasmo erakusten dituelarik; azkenik, GKo galerian Epelderen garai ezberdinetako margoak zintzilikatu dituzte, formatu txikian.
Kristina Martija Iñaki Epelderen emaztea arduratu da erakusketak antolatu eta osatzeaz. Aitortu duenez, “poz handia” sentitu zuen Tolosako Udalak artistaren lanak Aranburu jauregian erakusteko gonbita egin zionean: “Iñakik horrelako zerbait egitea merezi zuela uste nuen nik ere”. Bertan zer jarri pentsatzen hasi zenean erabaki zuen “artista batek bere estudioan isilean egiten duen lana” erakutsi behar zuela. Kronologikoki daude banatuta koadroak, eta azken obretan Epelderen lanetan ohikoak ez diren koloreak eta margotzeko moduak ageri dira. “Lan horiek ezagutzea gogorra izan zen niretzat, Iñakiren gaixotasuna ikusten bainuen bertan. Baina, denborarekin, koadro horiek ere maite ditut azkenean”, azaldu du Martijak.
Alderdi pertsonala
Aranburu jauregirako erakusketa prestatzen ari zela, konturatu zen bertan erakutsiko zena baino gehiago ere bazela Epelde. “Ikusten nuen banuela beste material bat erakusteko, hala nola berak egindako kartelak, logotipoak, inauterietako lantxoak eta ilustraturiko liburuak. Gauza horiek erakusteko beharra sumatzen nuen”. Martijaren ustez, hori guztia erakusteko lekurik egokiena Topic zentroa da, “gazte-gaztetik Tolosako Ekinbide Etxeari lotua egon baita”. Hala, Epelde zenaren emazteak dioenez, Topic zentroko erakusketara doanak “Iñakiren bihotza ikusiko du, eta baita Tolosaren historiaren zati bat ere”. Erakusketekin eta omenaldiarekin “gustura” dago Martija, eta baita ekimena gauzatzeko moduarekin ere: “Iñakiren bizitzan zutabe izan diren bi erakunde, Udala eta Ekinbide Etxea, elkarlanean aritu dira”.
Erakusketekin batera, liburuxka bat ere kaleratu dute, Afizio, ofizio, baina batez ere, debozio izenburupean. Epelderen ibilbidea islatzen du lanak, eta haren hitzak nahiz haren inguruan esandakoak jaso ditu. Artistaren emaztea arduratu da liburuaren edukiez, eta, adierazi duenez, artea azaltzea zaila den arren, jarraibide batzuk ematen saiatu da: “Erakustea eta irakastea du helburu liburuak, jendeak Iñakiren lana ezagutu eta hala gehiago mirets dezan”.
Epelderen ondarea
Eskulturastearen antolatzaile eta bultzatzaileek, artistaren obra eta izana eta utzi duen hutsunea nabarmentzearekin batera, haren emazteak erakusketak antolatzean egin duen lana goretsi dute. Elena Basagoitia Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak artista tolosarrari omenaldia egiteko beharra sentitzen zutela azaldu du: “Eskuzabala zen, guztiei laguntzeko prest azaltzen zen beti, eta ez zekien ezetz esaten”.
Nisa Goiburu Ekinbide Etxeko eskultura batzordeko kideak ere hutsune handia sumatzen duela adierazi du. Esate baterako, Eskulturastearen egitaraua bien artean osatzen baitzuten: “Oso ondo ulertzen genuen elkar, eta gauzarik gehienetan ados egoten ginen”.
Ibai Iriarte Tolosako alkateak Eskulturastea “Iñakiren itzal luzea omentzeko modua” izango dela azpimarratu du. “Pertsona handiek itzal handiak uzten dituzte, eta horren erakusle dira Iñaki Epelderen erakusketak”. Era berean, Tolosarekiko zuen konpromisoa ere nabarmendu du Iriartek: “Hori dela eta, udalak asko du eskertzeko, eta Aranburuko erakusketa eta argitaratu den liburua omenaldi txikiaren isla dira”. Emaztearen lana eskertzekoa dela gehitu du alkateak: “Erakusketan ikusten den elementu bakoitzak haren historia du, eta hori dena gogora ekartzea ez da batere erraza”. Tolosako alkateak herritar guztiak gonbidatu ditu erakusketak bisitatzera eta nola margotzen zuen ikustera. Baita liburua eskuratzera ere, “Iñakiren zatitxo bat norberak bere etxean izateko”.
Leave a Reply