Inma Beristain Antzuolako alkatearen arabera, zazpi lurraldeko Euskal Herria lortu nahi bada gaurdanik hasi behar da “lurraldeen arteko harremanak josten”, Antzuolak eta Aiherrak bezala.
1984an zergatik erabaki zenuten Aiherrarekin senidetzea?
Ez zen bat-bateko erabakia izan. Ordurako baziren antzeko harremanak; Makea eta Zeanuriren artekoa, adibidez. Lehenik, bi herrietako zenbait pertsonaren artean hasi zen, ondoren Antzuolako Udalaren eta Aiherrako Beltzuntze elkartearen artean jarraitu zuelarik. 20. urtean egin zen ofizial, bi udalen erabakiz, Antzuola eta Aiherraren arteko senidetze hitzarmena.
Senidetzeak Antzuolari zer ekarpen egin diola uste duzu?
Antzuolar askori aukera eman dio ezagutzeko Ipar Euskal Herrian badirela euskaldunak, gure hizkuntza eta izaera berbera dutenak, eta Euskal Herri aske eta independentea amesten dutenak.
Aurrera begira zein erronka ditu bi herrien arteko senidetzeak?
Senidetzeak gainditu du jadanik belaunaldi bat. Aurrerantzean, herrietako gazteak ere animatuz, bi herrientzat onuragarri izango diren ekintzak lantzen jarraituko dugu.
Hego eta Ipar Euskal Herriko bi herriren senidetzea da zuena. Horrelako harremanek zer onura egiten diote Euskal Herriari?
Indarrez bi estatutan banatu gintuzten arren, egitura administratibo inposatu horien gainetik, harreman honek erakusten du posible dela Euskal Herri osoko herritarren arteko harreman zuzenak eraikitzea —Udalbiltzaren jardunak bezala, adibidez—. Etorkizun batean zazpi lurraldez osaturiko Euskal Herria lortu nahi badugu, gaurdanik hasi behar dugu lurraldeen arteko harremanak josten.
Leave a Reply