Azaroaren 30ean hondakinen bilketa sistema erabakitzeko herri galdeketa egingo dute Mutrikun. Erabakia, ordea, ez da galdeketara mugatuko. Mutrikuko Udalak galdeketaren aurretik parte hartze prozesu bat jarri du martxan. Prozesu horren helburua da herritarrei informazioa eskaintzea, gaiaren inguruan hausnartzea eta Mutrikurako egoki izan daitekeen bilketa eredua herritarrek berek proposatzea. Lehengo astean egin zuten lehen saioa, eta datorren asteartean dute hurrengo hitzordua.
Gipuzkoako beste herri askotan bezala, Mutrikun ere harrabots handia sortu du hondakinen auziak. Herrian giroa gaiztotzen ari zela ikusita, otsailean Bilduko udal gobernuak gainontzeko udal taldeei proposatu zien galdeketa egitea hondakinen bilketa erabakitzeko. Beste bi elementu ere jasotzen zituen proposamenak: Hondakinen Batzordea sortzea eta herritarrak informatzeko prozesua abiatzea. Bilduren proposamena martxoan onartu zuten beste taldeek —Bilduk zortzi zinegotzi ditu, EAJk lau eta Berdeak-Independenteak taldeak 1—.
Hondakinen Batzordean parte hartzen dute udaletxean ordezkaritza duten hiru alderdiek eta herrian gai horretan eragileak diren taldeek: Bosgarren Edukiontziaren Aldeko Plataformak, Zero Zabor taldeak eta Mutrikuko Natur Taldeak. Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak azaldu duenez, aurretik ere lan mahai bat osatu zuten, baina ez zuen biderik egin, “jarrerak muturretan baitzeuden”: “Elkarren arteko errezeloak handiak ziren, eta beharrezko ikusi genuen kanpoko elementuren bat batzea prozesua kudeatu ahal izateko”. Hori horrela, Aztiker enpresarekin ari dira elkarlanean.
Parte hartze prozesuaren bidez, nahi dute herritarrek birziklapenaren kultura barneratzea. Mutrikuk, gaur egun, %26,49ko birziklapen tasa dauka, eta Debabarrena eskualdeak %29,42koa. Palenzuelaren esanetan, %60ko tasara iristea da gutxieneko helburua: “Jendeak uste du birziklatzen dela, baina datuek erakusten dute ez gabiltzala ondo; gutxienekotik urrun gelditzen gara”.
Udalak ez dizkio ateak ixten hondakinak biltzeko inongo sistemari: “%60ko birziklapen tasara iritsi nahi dugu, eredua edozein delarik; ez dira egokiak tasa horren azpitik geratzen diren ereduak”. Eztabaida ez dute mugatu nahi atez ateko sistema edo bosgarren edukiontzia? galderara: “Guk ahalik eta eredu gehien erakutsi nahi dizkiegu herritarrei; izan dezatela sistema bakoitzaren abantaila eta desabantailen berri. Gero, denok batera ikusiko dugu zein den aukera egokiena gure herrirako”.
Parte hartze prozesua lehengo astean hasi zuten, eta lehen saioaren inguruan balorazio “baikorra” egin du Palenzuelak: “Ehun herritar inguruk parte hartu zuten, oso jarrera irekiarekin, gainera”. Lehen saio horretan, gaur egungo egoeraren azterketa egin zuten. Lehenik, mankomunitateak eman zituen azalpenak, eta, ondoren, talde txikitan banatu ziren bertaratutakoak. Egungo bilketa ereduaren indarguneak eta ahulguneak aztertu zituzten: “Jendeak parte hartzeko gogoa erakutsi zuen. Ikuspuntu orokor batetik, gainera, ez horrenbeste bakoitzaren jarrera defendatuz”.
Datorren asteartean, berriz, Gipuzkoan martxan dauden hainbat herritako ereduak aurkeztuko dizkiete herritarrei: atez ateko sistema, bosgarren edukiontzia hobesten duen sistema eta pare bat eredu misto ere bai. Behin sistema horiek ezagututa, hurrengo saioetan Mutrikura begira jarriko dira, herrirako eredu egokia aurkitzeko asmoz. “Egokia eta bideragarria”, zehaztu du alkateak: “Denok dakigu zein garaitan bizi garen, eta kostuei erreparatzea ere ezinbestekoa da”.
Parte hartze prozesua amaitzean erabakiko dute azaroaren 30ean zer galdetu: “Galdeketa prozesuaren amaiera da; prozesuak berak erakutsiko digu herritarrei zer galdetu. Egokiena iruditzen zaigu galderak ere herritarrengandik ateratzea”. Hala, Palenzuelak berebiziko garrantzia eman dio kultur etxean egingo dituzten hurrengo saioetan ahalik eta herritar gehienek parte hartzeari. Asteartean dute hurrengo hitzordua, 18:30ean.
Leave a Reply