Trenetik ikusitakoak

Ormaiztegiko tren zubia eraiki zutenetik 150 urte igaro dira —1864ko abuztuaren 15ean ireki zuten—. Zubia herriko ikur nagusietako bat bihurtu da geroztik, eta haren urteurrena ospatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte, Ormaiztegiko Udalak eta Zumalakarregi museoak elkarlanean. Horien artean, Jose Mari Aleman artistaren enTRENvistas erakusketa, azaroaren 16ra arte ikusgai izango dena Zumalakarregi museoan bertan.

Zumarragakoa da Aleman eta ondo ezagutzen ditu zubia bera eta trenaren ibilbidea. Guztira, 24 margolan egin ditu proiekturako. Lan horiek artistak trenetik ikusi duena erakusten dute. Koadro koloretsuetan, trenbideen inguruan ohikoak diren elementuak eta eraikinak irudikatu ditu Alemanek, trenaren mugimenduak eragindako abiadura eta iragankortasuna ahaztu gabe.

Urteurrenaren harira, jada hainbat ekintza prestatu dituzte Ormaiztegin. Lehenik, argazki lehiaketa bat egin zuten, herritarren ikuspegia erakusteko tren zubiaren edo hura inguratzen duen ondarearen inguruan.

Irailaren 13rako egun osorako egitaraua antolatu zuten. Goizean, tirolina bat jarri zuten zubi zaharra eta berriaren artean, eta herritar ugarik bota zuten beren burua 50 metro luzeko kablean behera. Arratsaldean, berriz, gozogintza tailer bat egin zuten. Bertaratutako guztien artean zubiaren formako bizkotxo erraldoi bat prestatu eta dastatu zuten.

Urteurreneko egitaraua ez da amaituko erakusketarekin. Izan ere, azaroaren 16an, ikuskizun bat egin asmo dute musika, ikus-entzunezkoak zein bestelako sorkuntzak nahastuta. Aurrerago emango dute jaialdi horren berri.

Madril eta Paris lotzen dituen trenbidean eraikitako azken zatia izan zen Ormaiztegiko zubia. Alexander Lavalley ingeniari frantziarrak diseinatu zuen 1863an eta Parisko Batignolles lantegian eraiki zuten. Hain justu, lanik handiena eman zuen zatia izan zen, Zegamako tunelarekin batera. 2003an, Eusko Jaurlaritzak kultur intereseko monumentu izendatu zuen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.