Errefusaren alde ezkutua

Inork inoiz herri, hiri edo auzo bateko birziklapenaren egoera jakin nahi badu, onena da zaborren karakterizazioaren metodoa erabiltzea. Metodo erraza eta merkea. Asteburu batean errefusaren ontzirik ez biltzean dago gakoa, eta astelehenean, edukiontzi guztiak banan-banan ireki eta bertan dagoena sailkatu eta pisatzea. Besterik ez.

Datuak beti dira harrigarriak. Harrigarria da zenbat zabor ateratzen dugun. Harrigarria da, baita ere, birzklapenarekin jo eta su urteak eman ostean, oraindik zabor arruntera botatzen diren beira, paper, kartoi eta brick kiloak ikustea; horiek ez dute “ez nekien nora bota” esaldiaren aitzakiarik. Harritzen naute armairua garbitzen denean zaborretara joaten diren ia erabili gabeko arropa mordoek, Eguberri garai osteko ia ukitu ere egin gabeko jostailuek eta, nola ez, alferrik galdutako janari kiloek ere bai.

Zabor poltsa bat miatzean, erraza da jakitea zabor poltsa hori bota duena ezkonduta dagoen ala ez. Bikotekidearekin haurrak izateko asmotan dagoen edo jada umeak dituen eta zein adinetakoak diren. Zaborra, zabortegira joaten den gure bizitzaren isla txiki bat.

Bada fenomeno arraro bat, nahiko ugaria eta herri ugaritan ikusten dena, eta gaur egun arte ez dena kuantifikatu: sasibirziklapena izena ipini diot. Sasibirziklapena errefusaren edukiontzitik ateratzen den poltsa arrunt bat da, baina poltsa irekitzean, barrenean oso ongi sailkaturiko paper, beira edo ontzi arinak dituena. Poltsa hori bota duenak etxean lanak txukun egin ditu, baina, agian daltonismoaren gaitzak jota edo, kolore okerreko edukiontzira bota du. Eta ez da gertatzen soilik errefusaren edukiontzia dagoen gune batean, alboan kolore guztietako edukiontziak dauden lekuetan ere gertatzen baita.

Jende ugariren ustea da etxean birziklatu gabe ere badagoela birziklatzea. Nola? Dena edukiontzi batera bota eta birziklapen gunean zabor guztia banatuz eta sailkatuz. Jende asko etorri zait hori esanez eta berebiziko herrialde aurreratuetan hala egiten omen dutela argudiatuz. Ez naiz berebiziko herrialde aurreratuetako inorekin egon, eta ez naute gonbidatu bertako zabortegiak ikustera. Dakidan gauza bakarra da errefusaren edukiontziaren barruan sartu naizela askotan, eta munduan herrialde oso aurreratuak egongo diren arren kaka-nahaste horretatik kilo bat ontzi arin lortzea oso zaila dela. Gakoa hondakin organikoan dago. Errefusaren edukiontzian, bestelako zabor motekin, hondakin organikoa nahasten denean, ez dago santurik munduan hondakin organiko masa horretatik bestelako zabor mota birziklagarririk aterako duenik. Agian, zabor poltsa batetik, tetra brick bat egunkari batetik bereizi ahal dugu edo, aurrez aipatutako sasibirziklapen hori eginez gero, zerbait berreskura dezakegu. Baina, kilo bat paperaren alboan oilasko zati usteldu eta umelak daudenean, hor ez dago eskurik papera berreskuratuko duenik. Organikoa gure errefusaren edukiontzien azpian pilatzen hasten denean, eta berebiziko geruza usaintsu, zikin eta likatsuak osatzen dituenean, berdin dio botatzen duzuna plastikozko poltsetan doan; goiz hala berandu, ur kutsakor eta nazkagarri hura poltsan sartuko da, eta akabo bertan birziklatu dena.

Amaitzeko, errefusa edukiontziaren barrenean izaki bizidunak ere egoten dira, eta ez soilik euli, beldar eta arratoitzarrak, hil berri diren etxeko animalia ugari ikusten dira, eta batzuk oraindik bero eta dena egoten dira: oiloak, katuak, arratoiak eta arkumeak. Guztiak dira errefusaren parte. Oso higienikoa. Azken eduki hori kontuan izan, zeren, bestelako bilketa sistemak nazkagarriak direla esaten dutenei, errefusaren mundu magikorako bidaia bat oparituko diet, ea zer den higienikoago, zintzilikatutako 40 litroko edukiontzia, 700 litroko konpostagailu bat edo 2.300 litroko errefusaren edukiontzia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.