Norberaren printzipioei zehatz-mehatz jarraitzen diena izan daiteke eredugarri, baina izan daiteke baita perilos edo gogaikarri ere. Inori gogaikarri suertatzeak ezerk baino gehiago izutzen nau ni, eta horregatik sarri-sarri nire printzipio titularrak aulkian uzten ditut ordezkoekin jokatzeko. Batzuetan, ordea, bizitzak nire printzipio titularrekin aritzera behartzen nau, nik horretarako gogorik batere ez dudanean ere. Bi pertsonarentzat gogoz kontra ustekabeko heroi nola bilakatu naizen kontatu nahi dizut.
Oporretara abiatu baino lehen, Renato etxekideak aditzera eman zidan bueltakoan bi lagun ekarriko zituela. Berlinen geratzeko asmoarekin omen zebiltzan biak ala biak, eta logela topatzen zuten bitartean, gehienez astebetez, gurean gera zitezkeen kontsultatu zidan -teknikoki, ni naiz maizterra etxean-. Batere hausnartu gabe erantzun nion baietz, epea inola ere beteko ez zen susmoarekin.
Laster asko genituen Liliana eta Kevin goizero-goizero dutxa okupatzen, sukaldean endredatzen, lehen ere bientzat eskas antzekoa zen espazioa ñimiño bihurtzen. Agudo edan zuten biek hiria tragora; batere presarik gabe itxi zituzten hamaika diskoteka.
Gehienak baino bizkorrago ausartu ziren hizkuntz eskolan ikasitakoak kalean estreinatzen, ordea. Eta orduak eta orduak eman zituzten zokomiran, ostatu bila, lasaikerian erori gabe. Renatok eta nik ederki genekien, hori bai, hitzartutako epea luzatzea saihetsezina zela.
“Zer moduz okupekin? Kostako zaizu horiek etxetik ateratzea; ederra daukazu. Gogor hartu behar dituzu, zuenean aspalditik eta oraindik bertan; ez dago eskubiderik!”. Etxeko anabasak baino gehiago, lagunen diagnostikoek —ez dirudi haientzat solidaritatea printzipio titularra denik— puztu zuten nire barneko harra. Ahaztu elkartasuna: behin hilabete pasata, urrun nahi nituen bizkarroi siziliarrak. Lilianak bere irlako gutiziaz mukuru betetako bost kutxatzar jaso eta gurekin partekatzeak ere ez zuen nire bihotza bigundu.
Nire balizko printzipioei fidel banintz —hurkoa beti lagundu, auzolana, eta beste—, testuinguru deserosoa luzatu izana modu estoikoan nozitu izango nuen. Gabonak arte? Gabonak arte, behar dute eta. Baina Neckarstrasse 11tik gaztetxo parea harrikadaka bota ez izanaren atzean arrazoi bakarra dago. Tipo kakatia naiz zeharo, arazoen aurrean konponbidea topatu baino gehiago ostrukarena egin eta bakarrik ea konpontzen diren zain geratzen diren horietakoa. Rajoy konpletoa naiz, alegia, eta ez nuen Kevin eta Lillianari ezer esateko kuraiarik sekula bildu.
Patuak nire alde egin zuen beste behin, alabaina, eta iritsi zirenetik sei aste betetzearekin logela bana topatu zuten biek. Maletekin eskaileratan behera laguntzearekin, malko batean eskertu zuten nire eskuzabaltasuna. Gustura jaso nituen mimo zintzoak. Haiek ez zekitena da ni ez naizela urrezko printzipiodun heroi abegitsu bat, ordezko printzipio oportunistak atera eta egoista izateko ere koldarregia izan zen gizagaixo bat baino.
Leave a Reply