Azpeitiko Soreasu antzokia Kultur Mahaiak kudeatuko du datorren urtebetean. Azpeitiko 22 kultur taldek, udaleko alderdi politikoetako ordezkariek, udaleko kultur teknikariak eta laurehun bat norbanako bazkidek osatzen dute Kultur Mahaia. Azpeitiko Udalarekin lehengo astean sinatu zuten hitzarmena. Urtebetez kudeatzeko kontratua egin dute, baina bost urtera arte luza daiteke. “Anbizioz eta zuhurtziaz” ari direla dio Kultur Mahaiko teknikari Oihana Elduaienek: “Badakigu krisi garaian gaudela, baina proiektua ondo irteteko eta herriari zerbitzu on bat emateko aukerak ikusten ditugu, Sanagustin kulturgunearen kudeaketak ere eskarmentua eman digulako”.
Azpeitiko Udala ere gustura dago hitzarmenarekin. Hauxe azaldu du Eneko Etxeberria herriko alkateak: “Zinema aretotik harago doan kultur proiektu bat da hau; Soreasu suspertuko du, eta Alde Zaharrera bizia ekarri”. Kultur Mahaiak “kudeaketa fina eta serioa” egingo duen konfiantza du alkateak, eta kultur arloak proiektu ekonomiko “oso indartsu bat” gauzatuko duen itxaropena, “herriari bizi ekonomikoa eman eta lanpostuak sorraraziz”.
Elduaienek adierazi duenez, Kultur Mahaikoentzat “oso ona” da Soreasuren kudeaketa lortzea. “Herriko kultur azpiegiturak kultur mugimenduen eta kultur eragileen beren esku egotea oso ona dela iruditzen zaigu, azken batean eragileek berek dakitelako ondoena beharrak zeintzuk diren. Herrikoak direlako herriaren beharren inguruan dakitenak, eta horren araberako erabilera egoki bat ematea dago”.
“Oso garbi” dute herriko eragile eta sortzaileentzako lekua izan behar duela Soreasuk. Hala esan du Kepa Urbieta Kultur Mahaiko kideak eta Sanagustin Kulturgunea Kooperatibako langileak: “Herriko taldeek lekua eduki behar dute, eta herriko sortzaile berriei ere bultzadatxoa emateko plaza bat izan behar du Soreasuk, Sanagustinekin egin nahi den bezala. Horrez gain, kanpoko sortzaileei ateak irekiko dizkion toki bat izatea nahi dugu; orain artekoa baino erabilera handiagoa emanez; euskal kultura sustatuko duen plaza bat izanez; urteko programazio finko bat jarriz zinema eta kultur jarduna uztartuz; eta baita herriko eragile, talde eta bestelako elkarteen funtzionamendurako erraztasunak emanez ere”.
Urbietaren esanetan, proiektuak bost hanka edukiko ditu: zinema, kultur jarduera orokorrak, komunikazioa, lehendik lantzen ari ziren hainbat proiektu eta aretoari begirako hobekuntza ideia batzuk.
Sanagustin, lehenago
2011n, Sanagustin Kulturgunea Kooperatiba sortu zuen Azpeitiko Kultur Mahaiak, “beharrezkoa zuelako enpresa egitura bat lehiaketara aurkeztu ahal izateko”. Orduan, Sanagustin kulturgunearen kudeaketa eskuratu zuen, eta, orain, Soreasurena.
Bi azpiegiturak bateragarriak direla diote: “Batean edo bestean egiten direnak osagarriak izan daitezke, baina, horretarako, beharrezkoa da bien kudeaketa esku beretan egotea. Kultur programazio egokia egitea da helburua, zinemaz gain beste ikus-entzunezko programazio bat lantzea; Soreasuri bizia emanez Alde Zaharrari bizitasuna ematea”.
Leave a Reply