Eskolako lan bat bezala hasi zena “hazten eta hazten” joan da, eta eman du fruitu berria. Pausoz Pauso… ipuin ilustratuak bigarren liburua edo ikasleen sorkuntza lana atera berri dute Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHIkoek.
Ikasleek sortutako euskarazko, gaztelerazko eta frantsesezko ipuinak jaso dituzte, baina baita hainbat ipuin ondoren ikasleek zortzi hizkuntzatara itzuliak ere: gaztelaniara, ingelesera, arabierara, txinerara, urdura, portugesera, polonierara eta bulgarierara. Gainera, ipuinak ilustrazioekin lagunduta datoz liburuan.
Pausoz pauso-ren lehen zenbakia orain bi urte kaleratu eta aurkeztu zuten Urola Ikastolako ikasleek. Proiektua gaztelerako ikasgaiaren barruan jarri zuten martxan, DBHko lehen eta bigarren mailatan, eta handik beste ikasgai batzuetara zabaltzen joan da, goragoko mailetako ikasleen parte hartzea gehituz. Handituz joan da proiektua pixkanaka.
Irakurketa sustatzeko asmoarekin abiatu zuten Pausoz Pauso proiektua Urola Ikastolako DBHko aurreneko bi mailatan; hala dio Maria Jesus Aranburu Urola Ikastolako irakasleak: “Ikasleengan irakurketarako nahia piztea nahi nuen, eta horretarako idazketa erabili nuen. Aurrena, ipuinak idazten hasi ginen ikasgelan. Handik, liburuxka bat ateratzeko asmoa sortu zen, eta, ondoren, testuak itzultzea eta ilustratzea etorri zen”.
Euskarazko ikasgaira ere zabaldu zuten proiektua. “Astean euskarazko lau saio genituen DBHko aurreneko mailetan, eta saio bat Literatura Txokoari eskaintzen genion. Hau da, geuk sortutako testuak lantzen genituen bertan. Gero, horietako batzuk aukeratu, pixka bat gehixeago landu eta literatur lehiaketa batera bidaltzen genituen. Gainera, azken urteetan sari dezente eskuratu dituzte gure ikasleek”, azaldu du Mikel Sarasua euskarako irakasleak. Ikasleek euskarako ikasgaian egindako testu horiek guztiak bilduta dauzka irakasleak, eta gero horietako batzuk Pausoz Pauso liburuak osatzeko erabili dituzte.
Ilustrazioak, berriz, marrazki eta plastikako ikasgaian landu dituzte Pili Agirre irakaslearekin. “Liburua betiere ilustrazio batzuekin erakargarriagoa izango zela-eta DBHko ikasle denak gonbidatu genituen parte hartzera. Lan bat eskatzen zuen horrek: ilustrazioari irudi bat jartzeko ipuina irakurri beharra zegoen, eta ikasle batzuk berehala prest azaldu ziren”.
Sorkuntza lanean irakasleen koordinazio lana egon da, baina parte hartzea ikasleena izan da, irakasleek nabarmendu dutenez: “Proiektuaren helburuetako bat ikasleek parte hartzea da, eta ipuinak aukeratzeko orduan eurak izan dira erabakia hartu dutenak”. Horrez gainera, ikasleek berek jardun dute ipuinen itzultzaile.
Ikasleak, ama hizkuntzan
Urola Ikastolako batxilergoko ikasleek ingelesera itzuli dituzte ipuin batzuk. Baina badira ama hizkuntza beste hizkuntza batzuk dituzten ikasleak, eta haiek ere itzultzaile jardun dute. Agata Shmalzl-ek polonierara itzuli du Amaia Izetak idatzitako La paloma blanca: “Polonieraz gutxi idazten dut nik; batik bat amarekin jarduten dut Whatsappen. Libururako ipuin bat itzuli dut; neu moldatu naiz, baina ondoren amari eskatu diot begiratzeko”.
Xinyu Shu Elena-k Gizarraina ipuin bat euskaraz idatzia du atera berri duten liburuan, eta horixe bera itzuli du txinerara. “Txineraz idazten badakit, baina gutxi. Horregatik, aitak lagundu dit itzultzen”.
Euskaratik arabierara Nire attette, Gerratik alde egiten eta Sansebastianak ipuinak itzuli dituzte Yousra Lambaraak, Khadidja Khir-ek eta Aiman Kharrazek. Etxean euren kasa itzuli dituzte, eta ondo moldatu direla diote.
Gustura daude eurek etxean hitz egiten duten hizkuntzan jarduteko aukera izan dutelako. Pausoz Pauso proiektuaren helburu orokorra ikasleen parte hartzea sustatu eta hizkuntza lantzea da, baina, bestetik, Urola Ikastolan bertan duten kultur aniztasunaren adierazgarri ere bada. “Beste ama hizkuntza bat duten ikasle horiek euren hizkuntza besteenaren pare ikusi dute”, esan dute irakasleek.
Aurreneko liburua atera zuten hartatik hazi egin da proiektua; bigarren honek ISBNa ere badu, eta “horrek esan nahi du liburu hau katalogatuta dagoela”. Liburua Urola Ikastolan bertan eskura daiteke, eta www.urola.org webgunean ere bai.
Leave a Reply