Tortura

Tortura, Sortura, sortu da, soltura, lotura, basamortura, basa modura, ohitura, kontura. Bertsolaria, tortura hitza emanda, bukaera antzekoa duten hitzen bila abiatuko da. Baina preso egon denarentzat bukaerarik ez duen hitz eta sentimentu mingarrien segida baino ez da tortura hitza.

XXI. mendean gaude, baina justizia oraindik ere Erdi Aroko tortura mekanismoetan babesten da. Torturatzailearen begirada galdua ez ikustearren estaltzen al dizkiote jipoituari begiak? Presoaren ahotik hitzik ateratzeko gai ez direlako sartzen ote diete ahoan zernahi? Espetxeratua, zer datorkion argi ikus dezan, iluntasunera kondenatzen dute. Hankak lurrean jar ditzan hankartea txikitzea dute bide, larrua, barrua, orrua eta amorrua lehertu arte. Horixe da euren amarrua.

Belarri mintzak iltze batek zeharkatuko balizkizu bezala zulatzen omen dizkizu torturatzailearen amenazu bakoitzak. Sorgor egin nahi, baina dena da zigor.

Bizi osorako mamuak itsasten dizkizuten fantasmak direla aitortu zidan preso egondako batek duela gutxi. Funtzio suntsitzailea duten funtzionario suntsituak omen dira torturatzaileak. Besteen bizitzak hondamendira eraman nahi dituzten borrero ahulak. Begietara begiratzeko adinako ausardiarik ez dutelako itsu-itsuan jipoitzera hezitako zakurrak. Eurak ere katera lotuta daudela ohartu gabe bizi osoko katera kondenatu nahi dituzte presoak.

Asteburuan testigantza gordin bat aditzeko zoria izan dut, eta niri ere belarrian iltzatu zaizkit zenbait esaldi. Lurrera begira egin zizkidan testigantzak jaso nahi izan ditut orriotara. Begiak ezezik herriak ere busti behar duela sinetsita nago, eta ez da fede kontua, betebehar morala baizik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.