Hasiera batean, zonbi eta banpiro kuadrillen arteko poteoa izan zen Donostiako Alde Zaharrean; iaz, hildako ibiltariz osatutako Danborrada Z, Bulebarrean; aurten, berriz, Behobia-Donostia lasterketa klasikoa zonbifikatuko du Nekrogunek, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteari hasiera emateko. Elkarte horri esker, ohitura bihurtu da jada Gipuzkoako hiriburuan zonbiak ikustea.
Noiz hasi zineten zonbiak Donostiako kaleetara ateratzeko ideiarekin jolasean?
Nekrogune programa, ofizialki, duela lau urte sortu zen. Dena den, urtebete lehenago —Jose Luis Rebordinos Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko zuzendaria izan zen azken urtean, alegia—, lehen zombie-walk donostiarra antolatu genuen Beldurrezko Astetik kanpo. Baina, berez, Nekrogune izenez ezagutzen den ekitaldi multzoa Josemi Beltranen gidaritzapean sortu zen. Josemik deitu zigun, proposamena bota genion, haren baietza jaso genuen… eta gaur arte.
Zer du zonbiei buruzko fikzioak, horrenbeste jende erakartzeko?
Zonbi modernoak, George Romero zinemagileak sortutako horiek, munduaren kritika eta ispilu gisa sortu ziren. Romeroren lehenengo filmaren [The Night of The Living Dead, 1968] gai ezkutua 60ko hamarkadako eskubide zibilen inguruko gatazka zen. Bigarren pelikulak, ordea, [Dawn of The Dead, 1978], kontsumismoa zuen hizpide. Hirugarrenean [Day of The Dead, 1985], gai nagusia botere politiko eta ekonomikoa zen; eta, laugarrenean [Land of the Dead, 2005], hedabideak. Nire ustez, hori da erakartzen gaituena. Zonbien filmak gure espeziearen ispilua dira; Oscar Wilde idazlearen Dorian Greyren erretratu hori, hain zuzen. Gizakia, gizaki jale gisa, sistemaren alienazioa, pentsamenduaren homogeneizazioa… Gai horiek guztiak daude zonbi mitologian ezkutaturik.
Poteo of The Dead, Danborrada Z, Behobia-Donostia Z… Ongi uztartzen al dira Gipuzkoako ohiturak zonbien munduarekin?
Bai, oso ongi. Eta Euskal Herrian umore ona dagoela eta ironia handia dugula frogatzen du horrek, sekulako harrera izan baitute geure zonbi ideia guztiek.
Bestelako tradiziorik gelditzen al zaizue zonbifikatzeko?
Hori sekretua da! Ez, ez… egia esan, ez dakigu. Behin aurtengoa amaitutakoan, orduantxe hasiko gara etorkizunean pentsatzen. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen espiritu beltzak inspiratuta, betiere!
Zein da jendearen erreakzioa zonbiak kalean ikusten dituenean? Harrera ona egin al zaio zombie walk delakoen ohitura berri honi?
Jendeak ustekabe handia hartzen du. Eta, ondoren, parte hartzeko gogoa pizten zaio. Lau urte pasatu eta gero, donostiarrek badakite Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko hasierak zonbi kutsua izango duela, baina ezustea jasotzeko itzultzen dira beti.
Baina zonbi desfileez gainera, beste hainbat ekitaldi antolatzen dituzue, ezta?
Bai, aurten, Hellbytes izeneko ekitaldia antolatu dugu Donostia 2016 proiektuaren babespean. Beldurrezko film eta bideojokoen arteko harremana aztertu nahi izan dugu, eta, horretarako, bi solasaldi egin ditugu aste honetan. Bata urriaren 22an izan zen, Axel Casas eta Ronqueteren eskutik, harreman horren iragana hizpide hartuta; bigarrena hurrengo egunean izan zen, Arturo Monedero eta Borja Cresporen eskutik, harreman horren oraina aztertzeko; eta gaur, berriz, hirugarrena egingo da Jaime de Los Rios artistaren eskutik. Tailer ireki bat antolatu da, bideojoko-zinema binomioak etorkizunean izan ditzakeen harremanak aztertzeko.
Bukatzeko, zonbi izurrite bat Donostian hedatuko balitz, nora joango zinateke babes bila?
Santa Klara uhartera. Zonbiek igeri egiten ez badakite, leku seguruena izango da, zalantzarik gabe. Eta igerian badakite… carpe diem, bizitza laburra izango baitugu!
Leave a Reply