Hildako lasterkarien bulebarra

Oinak arrastaka daramatzatela mugitzen dira Alde Zaharreko kaleetan gora eta behera, uluka. Ahoa zabalik dute, eta lerdea matrailetik behera isurtzen zaie. Hilda daude, baina mugitzen dira. Garai batean Kontxako eguzkiaren pean belzten ziren gorputz lerdenen paisaia desagertua da honezkero, eta, horren ordez, zabuka eta arrastaka dabiltzan gorpu ustelen multzoa besterik ez da ikusten hondartzan. Txiki-txiki eginda dauden koadro berde nahiz urdinezko alkandorek agerian uzten dituzte beso eta sabel zurbil hanpatuak. Hildakoen usain sarkorra hedatzen da hiriburu osoan zehar. Zonbiek Donostia hartu dute.

Halako paisaia apokaliptikoak amesgaiztoa edo B serieko film batetik ateratakoa dirudien arren, urtero-urtero errepikatzen da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen kariaz. Duela lau urte hasi ziren zombie-walk deritzon antzezpena egiten, eta, ordutik, hainbat tradizio donostiarren parodia egin dute “zonbi erara”. Aurten, Behobia-Donostia lasterketa zonbifikatuko dute, eta, horri esker, hildako ibiltari (edo lasterkari) saldo batek piztutako kaosaren lekuko izango dira bihar Bulebarrera biltzen direnak.

Apokalipsi baten bila

“Badago nolabaiteko nahi ezkutu eta beltz bat guztiongan, apokalipsi bat bizitzeko, muturreko zerbaiten parte izateko, zerbait benetakoa, gure gizatasunarekin eta naturarekin kontaktuan jarriko gintuzkeena”. Modu horretan azaltzen du Beñat Iturrioz zinemagile gipuzkoarrak zonbi edo hildako ibiltariekiko grina. Xabier Padinekin batera zuzendu du Joxean’s Hileben filma, eta bihar hastekoa den Beldurrezko Zinemaren Astean eskainiko dute; euskarazko film bakarra izango da.

1980ko hamarkadako zonbi film baten elementu guztiak biltzen ditu Joxean’s Hileben-ek, baina umorearen galbahetik iragazten ditu, eta, horrez gainera, Euskal Herriko pertsonaia historikoak erabili, generoa apur bat iraultzeko. “Gure nahia beti izan da Euskal Herriko pertsonaiak eta politika erabiltzea, eta fikziozko pertsonaiak balira bezala azaltzea. Joko ikaragarria ematen digu horrek”, nabarmendu du Padinek. Tomas Zumalakarregi bera berpiztu zuten Iturriozek eta Padinek Ataun of The Dead film laburrean. Horren bigarren zatia da Joxean’s Hileben, eta PNV Partido Nacionalista Vampiro alderdiko hildakoak gehitu dizkio formulari. Trilogia egiteko asmoa dute, eta hirugarren zatian Nafarroara begira jarriko direla iragarri du Iturriozek: “Hirugarren filmean ezker abertzaleko momiak berpiztuko ditugu, Antso Nagusia buru dutela, baina baita Nafarroako navarristak ere. Geure herriko satira politiko gisa ulertzen dugu trilogia hau”.

Euskal Herria eta, zehatzago, Gipuzkoa toki “bukolikotzat” hartzen dute askok, eta hori zonbiei buruzko pelikula bat egiteko “oso lagungarria” dela azpimarratu dute bi zuzendariek. “Halako lekuak dira erakargarrienak kaosa eta apokalipsia islatzeko”, bota du Padinek. Eta Iturriozek gaineratu: “Irudi apokaliptiko baten ordez irudi bukoliptiko bat edukiko genuke Euskal Herrian. Interesgarriagoa, noski. Munduko leku bakoitzak bere zonbi estiloak ditu; bada, gurean munduko zonbi hondartzarik edota mendiko landetxerik bukoliptikoenak izan ditzakegu. Turismoa hazi egingo litzateke, seguru”.

Bihar Bulebarraren ingurumarietan irudikatuko den zonbi lasterketak ere turista ugari erakarriko ditu seguru asko, baina, zonbi gaietan aditu diren Iturrioz eta Padinen aburuz, Donostia ez da hildako ibiltarien eraso bati aurre egiteko tokirik aproposena. “Zonbi izurrite baten aurrean, Gipuzkoa osoko herririk prestatuena Hernani da. Sagardotegi garaian bizitza normala egitera ohitu baitira hernaniarrak. Ohituta daude zonbiekin bizitzera”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.