Pedalez pedal, mugak hautsiz

Bidasoaren inguruan jaiotako gazte batzordeek indarrak metatuko dituzte bihar Eskualdeko Txirrinda Martxan, Mugak suntsituz herria eraiki lelopean. Hainbat gazte asanblada elkartu dira biharko martxa antolatzeko: Lapurditik, Urruña eta Hendaiako gazte batzordeak, Nafarroatik, Bera eta Lesakakoa, eta Gipuzkoatik, Irun eta Hondarribikoa. Autogestioan oinarritutako ereduen aldeko aldarrikapena zabaldu nahi dute gazteek era horretara.

Aurtengoan, esparrua zabaltzea lortu dute gazteek, lehen aldiz Lesakako eta Berako gazte batzordeen parte hartzea lortu baitute. Baloratu egin du Xabier Bengoetxea Hondarribiko Gazte Asanbladako kideak nafarrak inizitibara gehitzea: “Bitxia da. Hondarribiarrok saiatu izan gara Irun eta Hendaia arteko Txingudi badiako eskualde hori indartzen. Baina, beste aldetik, Urruña eta Hendaiak hartu-eman handia dute Bidasoko beste aldearekin, Nafarroako Lesaka eta Berarekin. Entsalada horretara batu dira, eta oso positiboa da”.

Izan ere, hondarribiarrak uste du geroz eta gazte talde gehiagok parte hartu “geroz eta autogestio eredu ezberdinagoak eta geroz eta hartu-eman gehiago” sortzen dela, eta hori ere gazteek finkatutako helburuen artean dago.

Gune propioen aldarria

Iragan urtean egindako bizikleta martxaren xede nagusia gaztetxeen aldeko aldarrikapena agerian uztea zen. Hondarribiak, Irunek, Urruñak eta Hendaiak parte hartu zuten ekitaldian, eta, lauren artean, soilik Irungo gazteek autogestioan oinarritutako gune bat kudeatzen zuten. Aurtengoan, egoera bestelakoa da hondarribiarrentzat, Gazte Xaia izeneko lokala eskuratu baitzuten uda hasieran.

Larunbatean bizikleta martxan parte hartuko dutenen artean, hain zuzen, Urruña, Hendaia eta Lesakako gazteak dira gune propio autogestionatuen beharrean daudenak. Hori dela eta, euren helburua lortu bitartean borrokatzen jarraituko dute gazteek.

Iazko ekitaldiaren “oso-oso balorazio positiboa” egin du Hondarribiko Gazte Asanbladako kideak. “Gure artean ezagutzeko aukera eman digu. Aurretik ez genuen oso hartu-eman zuzena”, adierazi du Bengoetxeak, eta, horri esker, elkar ezagutza bultzatzeaz gain, giroa sortzea lortu dute: “Herriak berak ere nabaritzen du. Urruña bat normalean nahiko eskas ibiltzen da giro aldetik. Horrelako zerbait antolatuta, kolorea ematen dio herriari”.

Hala, festa giroan elkartzeko aukera sortzeaz gain, gaztetxeen arteko trukeak egiteko parada ere hartu dute. “Nik uste dut horrek bideratu duela modu batean elkar ezagutza eta sostengu hori: jendea behar dela, ideiak behar direla…”. Nolabait ere ikusmira hori zabaltzea ahalbidetu die harremanak.

Bizikletarekin jai giroan

Lapurditik eta Nafarroatik bi zutabetan aterako dira bihar gazteak. Horretarako, lehenik eta behin, bizikletak apaintzeko tailerra antolatu dute 10:30erako, Berako Kataku ostatuan eta Urruñako plazan. “Tailertxo bat egingo dugu, pankartak egin eta halakoak makiletan jarri, ongi pasatzeko”.

12:00etan finkatu dute hurrengo ordua, Pausun, eta handik Hendaiarantz abiatuko dira. Herriko Etxearen parean bazkaltzeko geldialdia egingo dute. Izan ere, herriko plazan bazkaltzeak “nahiko kolore” ematen dio herriari Bengoetxearen ustetan.

Bazkalondoan, pedal kolpez Hondarribiraino joango dira parte hartzaileak, eta hainbat joko egingo dituzte Gazte Xaian. “Hartu-emanak indartzeko, elkar ezagutzeko eta ongi pasatzeko” antolatu dituzte jokoak, “hori delako finean gehien batzen duena, ongi pasatzea”, erantsi du gazteak.

Horiek horrela, Irungo Lakaxita gaztetxean egingo dute azken geldialdia parte hartzaileek. Afaria antolatu dute bertan, eta, ondoren, musika izango da. Kondenatuak, Goragaleak eta Sangre de Mono taldeek kontzertua emango dute, eta, parranda luzatzeko, DJ Huuh disko jartzaileak ordu txikitara arte girotuko du festa, betiere aldarrikapena ahaztu gabe: Mugak suntsituz, herria eraiki.

Leave a Reply

Your email address will not be published.