Sormen tailerra, Kukairen eskutik

Sorkuntzarako ahalmena azalarazi nahi du Kukai dantza konpainiak, eta, horretarako, dantza sormenerako tailerra antolatu du azarorako. Dantza garaikideari begirako tailerra da, baina Nagore Martinez Kukai dantza konpainiako produkzio arduradunak azaldu du hartzaileek ez dutela zertan dantzariak izan: “Edonork parte har dezake sormen tailerrean; nahikoa da zaletasuna eta gorputza lantzeko gogoa izatea”.

Lehenengo aldia da Kukaik dantza sormenerako tailerra antolatzen duena Errenterian, eta erabakiaren atzean Donostiako esperientzia dagoela azaldu du Martinezek. Viktoria Eugenia antzokiarekin elkarlanean ari da Kukai azken bi urtean, eta, bertan, formatu txikiko ikastaroak antolatzen ditu: “Arrakasta handia eta harrera ezin hobea dute jendearen artean ordukako tailerrek, baita astean behin antolatzen ditugun ikastaroek ere. Donostian egiten genuena Errenteriara ekartzea erabaki dugu orain”.

Dantza sentsibilizazioa

Gorputza ezagutu eta espresioa landuko dute aldi berean dantza sormenerako tailerrean parte hartzen duten lagunek; izan ere , “gorputz adierazpenean eta mugimendu sormenean oinarritutako ikastaroa” dela azaldu du Martinezek.

Errenteriako Udalak eta Kukai dantza konpainiak martxan jarritako Dantza Sentsibilizazio Programaren barruan antolatu dute tailer hori. 2008. urtean hasi zen Kukai Errenteriako Udalarekin elkarlanean sentsibilizazio programarekin, Errenterian sortutako taldea direlako eta bertan bizi direlako, eta ordundik hainbat tailer eta ikastaro egin dituzte. “Ekintza oso gutxirekin hasi ginen, baina, gaur egun, egitarau zabala eskaintzen dugu ikasturte osoan”.

Horren adibide da Dantza Familian tailerra. Udazken honetan egin dute lehen aldiz tailer hori, eta “arrakasta handia” izan duela nabarmendu du Kukaiko produkzio arduradunak. Guraso eta haurrak batera aritu dira bertan dantzan Maria Martin eta Begoña Pregoren gidaritzapean.

Dantza Familian tailerrak izan duen erantzuna ikusita, bi hilean behin antolatzea pentsatu dutela zehaztu du Martinezek.

Abenduko oporretan, berriz, bostpasei eguneko ikastaroa antolatu nahi du Kukaik 16 urtetik gorako gazteei begira: “Tematikoa litzateke: egun batean dantza garaikidea landuko dugu, bestean tradizionala, hirugarrenean biak nahasturik…”.

Eskoletan ere, lanean

Dantza sentsibilizazioa lortze aldera, ikastetxeetan ere lanean ari da ikasleekin Kukai. Horretarako, areto ikuskizunera eta kale ikuskizun batera gonbidatzen dituzte ikastetxeak, eta eskoletara ere jotzen dute bisita egitera eta ikasleei dantzaren mundua azaltzera.

Aurten estreinatu duten Gelajauziak kale ikuskizuna areto ikuskizun bihurtu nahi dute Kukaikoek, eta horretara gonbidatu nahi dituzte ikastetxeak: “Datorren urteko otsailean lanean ariko gara Gelajauziak aretora egokitzen, eta, hori aprobetxatuta, gonbidapena egingo diegu Errenteriako ikastetxe guztiei ikustera etortzeko”.

Egiteko lan handia dagoela argi badu ere, azken urteetan asko aurreratu dela uste du Martinezek: “Ohartu gara dantza munduari begira egiten ditugun ekintzek harrera oso ona dutela. Gure esperientziari dagokionez, berriz, babes izugarria sumatzen dugu; herrian oso kuttun gaituzte, eta ikuskizunek harrera paregabea izaten dute”.

Dantza sustatzea erabaki zutenean, lan zaila izango zutela pentsatu zuten Kukai konpainiako kideek, baina egin beharreko kontua iruditu zitzaien. “Jendea gerturatzen ari da dantzara; ez zaio hain arrotz egiten, eta jende berria hurbiltzen ari zaigu tailerretan parte hartzeko izena ematera. Hori izugarri positiboa da. Lan handia dago egiteko, baina bidea egiten ari gara, eta Errenteria eta Oarsoaldeko jendeari interesatzen zaio dantza”.

Doakoa da Kukai dantza konpainiak antolatu duen dantza sormenerako tailerra, eta azaroko lau ostiraletan egingo dute, 20:00etatik 21:30era, Niessen kulturguneko dantza gelan. Irakasle lanetan Maider Oiartzabal ariko da. Tokiak mugatuak dira, 25 guztira, eta azaroaren 5a baino lehen eman behar dute izena interesdunek dantza@kukai.info helbidera idatzita.

Leave a Reply

Your email address will not be published.