Barrutiak vs parte-hartzea

Donostiako Udaleko oposizioko hiru taldek (PSE-EE, PP eta EAJk) hirian lau barruti sortzeari buruz eztabaidatzeko eta onartzeko egin duten proposamena urriaren 30eko osoko bilkurako gaia izan zen.

Hiriak antolatzeko modua auzo bidezkoa dela nabarmendu dugu beti Eusko Alkartasunako kideok. Era berean, donostiarrei eguneroko bizitzan eragiten dieten politiketan donostiarrek benetan eta zuzenean parte hartzea ere defendatzen dugu. Donostia barrutitan banatzen duen proposamen honek txundituta utzi gaitu; izan ere, hiria modu antinaturalean banatzen du, eta ez du administrazioa herritarrengana hurbiltzen inola ere.

Barrutiei buruzko eztabaida ez da eztabaida berria Donostiako Udalean. Alderdi Popularrak, esaterako, urteak daramatza Donostiarako barrutiak eskatzen, eta PSE-EE izan da hogei urteko alkatetzaren ondoren martxan jarri ez zuena. Eta ez zuen halakorik egin, nahiz eta hori egiteko hainbat aukera izan zituen. Pasa den legealdian hainbat debatetara eraman zena. Herritarren partaidetzari begira, Eusko Alkartasunari ez zitzaion proposamena gustatzen ez lehen eta ez orain, lehen bezala, Donostiarentzat beste lurralde eredu bat defendatzen dugulako, egungo elkarbizitzako espazio naturalak hausten ez dituena. PSE-EE, PP eta EAJk sortu nahi dituzten barrutiek ez dituzte kontuan hartzen auzo horietako benetako beharrak, eta, orain, parte hartzeko eredu bat martxan dago. Eredu horrek, hain justu, herritarrak entzuten ditu, eta herritarrekin lan egiten du.

Egun badirudi gauzak aldatu direla PNVk bat egin duenean (hasieran kontra egon eta osotasuneko zuzenketa aurkeztu arren) lau barrutitan banatzeko unean, Donostian oso modu antinaturalean. Herritarren ikuspegitik Parte Zaharra, Erdialdea, Amara, Loiola eta Martutene barruti batean batzea erabat ulergaitza da, barruti horietako baten osaera aipatzearren.

Eta herritarren ikuspegitik ulergaitza dela diogu, zeren auzo-elkarteek barrutien aurka daudela adierazi dute, eta oposizioko alderdiei beren proposamena uztea publikoki eskatu diete. Auzo-elkarteek salatu dute herritarrak ez direla kontuan izan, eztabaidarik ez dela izan eta alderantzizko demokrazia dela hau, hau da, goitik beherako demokrazia bertikalik ez dela izan, eta talde politiko batzuk (kasu honetan, barrutiak ezartzea proposatu duten taldeak) hiriko errealitatetik oso urrun daudela ere esan dute.

Barrutiek burokrazia gehiago ekarriko dute, besterik ez. Administrazioaren eta herritarren artean beste agente bat. Izan ere, legearen arabera, barruti bakoitzak zinegotzi bat izango du presidente, eta beste zinegotzi bat presidenteorde. Eta eremu horietan partidu politikoek izendatuko dituzte batzordekideak, hauteskundeen emaitzen arabera; beraz, herritarrek ez dute botere handiagorik izango, ezta parte hartzeko aukera handiagorik ere. Barrutiak hiri osoan zehar ezartzeko proposamenak ez dauka ez hankarik, ez bururik.

Gainera, nabarmendu behar da Udalbatzak bere momentuan onartu zuena Altza barrutia sortzea bakarrik izan zela. Izan ere, Altzak duen historiarengatik eta pertsonalitatearengatik deszentralizazioko formula naturalak bilatu behar ditu, baina Donostiako gainerako eremuetarako Udala herritarrengana hurbilduko duen eredu bat lantzen ari da. Eredu horretan, martxan dauden parte hartzeko hainbat prozesu ditugu, eta ez da gutxieneko parte-hartzerik ere ez duen behetik gora egindako barrutien eredu bat.

Herritarren beharrei konponbide bat emateko lanean jarraitu behar dugu. Administrazioaren deszentralizazioak bere emaitzak eman ditzakeela eta eman behar dituela uste dugu, baita Donostiako herritarren proposamenak kontuan izan behar direla ere, erabakietan benetako parte-hartzea bermatuta. Bidea luzea da, eta parte hartzeko kultura bat ezartzea ez da eginkizun erraza, baina egiten ari garen bide bat da. Azken urteetan iritzia aldatu dutenek hori zergatik egin duten arrazoitu beharko dute, eta azalpen horiek herritarrek entzungo dituzte; izan ere, horiexei eragiten diete erabaki hauek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.