Imanol Larzabal kantaria hil zeneko hamargarren urteurrena bete da aurten, eta, hura gogoratzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Imanol Oroituz elkarteak eta Donostia Kulturak. Gainera, aurtengo aldia izango da jardunaldi hauen azkena, eta horrek are bereziago bihurtzen ditu datozen egunetako ekitaldiak.
Berez, atzo hasi ziren jardunaldiak, Imanol Larzabali buruzko erakusketaren inaugurazioarekin. Bertan jaso dira Imanolen argazkiak, objektu pertsonalak eta haren bizitzarekin eta lanarekin zerikusia duten beste hainbat elementu. Hilaren 16ra arte egongo da zabalik, Lugaritz kultur etxean. Imanol, 10 urteko ausentzia dokumentala ere aurkeztu zuten atzo Lugaritz kultur etxean.
Biharko, berriz, 19:00etan, Imanol In Memoriam kontzertu berezia antolatu dute. Honako hauek dira parte hartuko duten kantari, musikari zein bertsolariak: Ainhara Ortega, Amaia Zubiria, Andoni Egaña, Arantza Irazusta, Karlos Jimenez, Mikel Andueza, Niko Etxart, Pascal Gaigne, Txema Garces eta Xabier Euzkitze. Aurkezle lanetan Arantxa Urretabizkaia arituko da. Amaitzeko, eta kontzertuaren ondoren, ohiko lagun arteko afaria egingo da Txirain elkartean. Imanol Oroituz elkartea arduratu da afariaren antolaketaz, eta bertaratu nahi duenak haiekin jarri beharko du harremanetan. Afarirako txartela eskuratzen duen orok kontzertuaz gozatzeko doako gonbidapena jasoko du.
Bihar, 19:00etan, Lugaritzen.
Leave a Reply