Mugarik gabeko jolas parkeetan kulunkan

Beharrizan bereziak dituzten haurren gurasoen elkartea da Pausoka. Euren helburua umeen bizi-kalitatea hobetzea da. 2012ko martxoan sortu zuten elkartea hamabi familiak, beren haurrek zituzten beharrei erantzutean sumatzen zituzten hutsuneak bultzatuta.

Halakoetan elkartzeak ematen duen indarraz hasi ziren bidea egiten, eta egindako lehen urrats haietan Hernaniko Udalaren babesa lortu zuten. Egoitza eman eta egokitu die Hernaniko Udalak, eta han dute gaur egun Pausoka-ko kideek, egoitza ez ezik, haurrentzako errehabilitazio zentroa ere.

Mario Garcia eta Arantza Elosegi elkarteko sortzaileetako bi dira. Bien alaba Eiderrek zituen beharrei ahalik eta egokien erantzun nahian bildu ziren beste gurasoekin, eta, gaur egun, izugarri pozik dira egindako aukeraz. “Guretzat, elkartean gu bezalako beste gurasoekin elkartzea gauza handia izan da. Honetan bakarrik ez gaudela jakiteko balio digu, eta guretzat ere terapeutikoa izan da”, aitortu dute.

Elkartea berria den arren, “oso positibotzat” dute izaten ari den harrera, eta horren erakusgarri epe laburrean izaten ari den bilakaera. “Hamabi familia hasi ginen honetan, eta gaur egun jada 50 inguru gara. Behar handia zegoen”, dio Garciak.

Diziplina anitzeko zentroa

Elkartean batu diren haur gehienek terapia iraunkorrak behar dituzte, eta terapia horien gastuei aurre egin ahal izatea da elkartearen beste helburu garrantzitsuenetakoa. Izan ere, diru sarrera arruntak dituzten familientzat ez baita batere erraza halako terapiek ekartzen duten gastuari aurre egin ahal izatea.

Garciak eta Elosegik kontatu dutenez, horretarako hainbat profesionalen laguntza izan dute. Orain arte fisioterapeuta bat, logopeda bat eta terapia okupazionaletan aditu den profesional batekin ari dira lanean. Laster, baina, profesional gehiagoren bila hasiko direla iragarri du Garciak, “elkarteko haurren kopuruak gora egitearekin batera beharrak ere handitu direlako”.

Pausoka elkartearen helburu nagusietakoa hemen inguruan ez dagoen disziplina anitzeko zentroa eraikitzea litzateke. Gertuena Galizian dago, baina hemen inguruan ez dago halako terapietarako nahikoa baldintzarik betetzen duen zentrorik. Horregatik, Pausoka-k proiektua esku artean du jada, eta berarekin aurrera egiteko laguntza bila hasiak dira elkartean.

Bien bitartean, baina, ez daude geldirik egoteko. Seme-alaben bizi-kalitatea hobetzeko badituzte hamaika behar, eta erronka txiki asko, egunerokoan funtsezkoak.

Kulunka egokituak

Beharrizan bereziak dituzten haurren integrazioa eta eskubideen defentsa bada ere Pausokaren lana, eta bide horretan ere hasiak dira urratsak egiten, kasu askotan arrakastarekin.

Urnietan, Hernanin eta Errenterian, esaterako, kulunka egokituak jartzea lortu dute, eta Andoainen ere jarriko dituzte aurki, guztiak Pausoka-ren eskariari erantzunez.

Luisma Diez Errenteriako Hirigintza eta Mantentze zinegotzia da. Azaldu duenez, Pausoka elkartea eurekin harremanetan jarri zen. “Elkarteko ordezkariekin aurkezpen bilera bat egin genuen, eta horrelako kulunkak jartzearena planteatu ziguten. Guk segituan eman genuen baiezkoa”, adierazi du Diezek.

Udalari “interesgarria” iruditu zitzaion ideia, eta inbertitzea erabaki zuten: “Urritasuna dutenentzat eta ez dutenentzat balio dute kulunkek. Gure politiken filosofiarekin bat egin du haur guztiek gozatu ahal izateak”. Irisgarritasuna, kaleetan, parkeetan eta beste zenbait tokitara eraman behar dela uste du zinegotziak.

Errenterian, oraingoz, hiru parketan jarri dituzte kulunka egokituak: Gabierrotako parkean, Kaputxinoetan eta zentroko parke batean —tximiniakoan—, baina pixkanaka kulunka gehiago jartzeko asmoa dutela iragarri du zinegotziak. “Hemendik aurrera, parkeak berritu edo berriak egin behar direnean, horrelako kulunkak jarriko ditugu”, baietsi du Diezek. Gainera, Pausoka elkartearekin harremana “estuagoa” izango dela iragarri du.

Udalaren erabakia pozik hartu du Garcia-Elosegi sendiak. Hilabete eta erdi eskas pasatu da Errenterian kulunkak jarri dituztenetik; kontent dira alabak orain arte ezagutzen ez zituen parketan jolasteko aukera duelako. Izan ere, Eiderren amak ohartarazi duenez, parkean gainontzeko haurrekin jolastea, bere alabaren eskubidea da, eta ezinbestekoa, haurron integrazioa bultzatzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.