Aldundiak legealdiko aurrekonturik “eraginkorrenak” aurkeztu ditu

Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak Foru Aldundiaren 2015eko aurrekontu proiektua aurkeztu zuen joan den ostiralean. Nabarmendu zuenez, gobernuak helburu argi batekin landu ditu aurrekontuak: Gipuzkoaren eta gipuzkoarren beharrei erantzuteko legealdiko aurrekonturik “eraginkorrenak” izatea. “Hori izan da gobernu honen konpromisoa”.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu osoa 4.373,86 milioi eurokoa izango da, 2014koa baino %4,85 handiagoa. Udalak Finantzatzeko Foru Funtsari emango dion kopurua %3,58 igoko da. Aldundiak berak kudeatuko duen aurrekontu arrunta 705,3 milioi eurokoa izango da. Aldundiaren helburua finantza baliabide publikoak liberatzea da, dirua modu eraginkorrean kudeatuz, horretarako “bigarren mailako gauzetan gutxiago gastatuz eta behar-beharrezkoak direnetan, berriz, hobeto gastatuz”.

Aurrekontuaren ia erdia (%48) gizarte politiketarako jarriko da aurten. Garitanoren esanetan, modu horretan “gipuzkoarrek lortu dituzten eskubide sozialak mantendu eta zabaldu nahi dira, krisi sistematiko baten testuinguruan eta beste administrazioek aplikatzen dituzten murrizketen aurrean”. Mugikortasunerako eta bide azpiegituretarako %16 jarriko da; berrikuntza eta lurraldearen orekarako, %9; kultura, gazteria eta kirolerako, %7; ingurumenerako eta lurralde antolaketarako, %4; eta beste arlo batzuetarako, %16.

Bilera sorta

Garitano Batzar Nagusietako talde politiko guztiekin biltzen hasi da aste honetan, aurrekontu proiektuaren inguruko xehetasunak azaltzeko. Azaldu du bilera sorta aurrekontuak onartzeko negoziazioen ataria izan daitekeela. Aurrekontu proiektuan jasota dagoenez, aldundiak diru gehiago inbertituko du ekonomia sustatzeko Batzar Nagusiek ezarritako kopurua baino. Aurrekontu proiektua lantzean, kontuan hartu du aldundiaren ekonomia sustatzeko plana.

Leave a Reply

Your email address will not be published.