Parte Zaharra, Loiolari eta Martuteneri lotuta; Antigua, Añorgaren eta Zubietaren multzo berean; Gros, Ulia eta Ategorrietarekin batera… Donostia lau zatitan banatzea proposatu dute PSE-EE eta PP alderdiek. Zehazki, puzzlea osatzen duten hemezortzi auzo eta herriak 40.000 eta 60.000 biztanle arteko lau multzotan sailkatu nahi dituzte: ekialdeko barrutia —Altza, Intxaurrondo, Bidebieta eta Mirakruz auzoek osatutakoa—; erdialdeko eta hegoaldeko barrutia —Parte Zaharra, Erdialdea, Amara, Loiola eta Martutene—; mendebaldeko barrutia —Añorga, Antigua, Aiete, Ibaeta, Igeldo, Miramon, Zorroaga eta Zubieta—; eta ipar-ekialdeko barrutia —Ategorrieta, Ulia, Egia eta Gros—.
Egitasmoak lehen oztopoa gainditua du indarrean sartzeko: iragan urriaren 30ean, proposamena osoko bilkuran aurkeztu zuten oposizioko alderdiek, eta aurrera atera zen PSEren, PPren eta EAJren botoekin — jeltzaleen zuzenketa batzuk araudiaren azken zirriborroan sartu ostean egin .
Helegiteak aurkezteko epea zabalik da orain, baina, ezusterik ezean, agintaldia amaitu baino lehen aplikatuko da Donostiako Barrutien Araudi Organiko berria.
Eta zertarako behar ditu barrutiak 180.000 biztanle inguruko hiri ertain batek? Ernesto Gasco PSEren Donostiako Udaleko bozeramailearen ustez, “udal administrazioa deszentralizatzeko” eta “hiritarren partaidetza errazteko”. Sozialisten irudiko, administrazioaren eta biztanleen arteko harremana gertukoagoa eta zuzenagoa izango da egitura berriari esker: “Orain arte, udalera hainbat tramite egiteko jotzen zuten auzo elkarteek lauzpabost zinegotzirekin hitz egin behar izaten zuten. Hemendik aurrera, barruti bakoitzak hizketakide bakarra izango du udalarekin afera guztietarako”.
PSE, PP eta EAJren proposamenaren arabera, hamabost kidez osatutako udal batzorde bat arduratuko da barruti bakoitza administratzeaz. Alkateak izendatutako zinegotzi bat izango da batzordeko presidente, eta, horrez gainera, presidenteorde bat eta hamahiru batzordekide hautatu beharko dira —bost zinegotzi, barrutiko auzo elkarteko lau ordezkari, eta beste lau, auzoetako erakundeek izendatuak—. Hiriko aurrekontuen zati bat kontrolatuko du barruti bakoitzak (%5 inguru), auzoen beharrei erantzuteko.
Gascoren esanetan, erabaki garrantzitsuak “auzokideen esku” uztea ekarriko du horrek: “Autonomia handiagoa izango dute auzoek. Kultur etxeak, kiroldegiak, lorategi eta parkeak, mantentze lanak, garbiketa, zirkulazioa… Haientzako lehentasuna duten proiektuei dirua emateko aukera zabalduko zaie”.
Udal gobernu taldearentzat, berriz, oposizioko hiru alderdiek adostutako proposamenak ez dio erantzuten administrazioa herritarrei gerturatzeko borondateari. “Horren adierazle argigarriena zera da, lege egitasmo hau herritarren eta auzo elkarteen bizkar garatu dela”, salatu du EH Bildu koalizioak, ohar batean.
Egitasmoa udalbatzan bozkatu zen egunean bertan, araudia erretiratzeko eskatu zuen Parte hartze zinegotzi Axier Jakak, eztabaida prozesu bat abiatu ahal izateko: “Azkar batean egin da proposamen hau, bizilagunei bizkarra emanda, eta ez ditu auzoen berezitasunak errespetatzen”. Jakaren arabera, udala eta herritarrak hurbildu beharrean, urrundu egingo ditu hiria barrutitan banatzeak: “Administrazio egitura berri bat sortuko dute, udalaren eta hiritarren artean”.
PSEren bozeramailearentzat, ordea, ez du zentzurik auzoen izaera propioa aldarrikatzeak: “Gaur egun, auzo guztiak daude egitura administratibo berean elkartuta. Finean, denok gara donostiarrak”.
Egitasmoaren atzean egon daitezkeen xede eta arrazoiei buruz ere luze eta zabal eztabaidatu dute alderdiek orain arte. EH Bilduko ordezkarien ustez, PSEk, PPk eta EAJk herritarren partaidetza “oztopatu” nahi izan dute. “Administrazioa herritarrei zabaldu eta partaidetza sustatzeko eraldaketa sakona gauzatzen ari da Donostian azken urteotan. Erreferente bilakatu da euskal hiriburuen artean. Bidea zangotrabatzea bilatzen dute oposizioko alderdiek, herri partaidetzaren eremuan atzerapausoak egin ditzagun”, azaldu da koalizioak zabaldutako oharrean. Araudi berria “hauteskundeei begira” aurkeztea ere leporatzen die PSE, PP eta EAJri.
Salaketa horrekin bat egin dute Donostiako hogei auzo elkartek, egitasmoari eginiko kritikan. “Harrigarria iruditzen zaigu, proposamenak oinarri duen araudia 2003koa izanik, hauteskundeetarako hilabete gutxi falta direnean premiaz aurkeztea halako ekinbide bat”, esan dute elkarteek, guztiek sinatu duten idazki batean.
Gascok ukatu egin du bere proposamenak kutsu elektoralista duela: “Hemezortzi hilabete daramatzagu gai honekin bueltaka, eta denbora horretan ezer gutxi aurreratu dugu. Horregatik erabaki genuen proposamena behingoz aurkeztea. Juan Karlos Izagirre jaunak asko kritikatu du egitasmoa, baina udal gobernu taldeak ez du zuzenketa bakar bat ere aurkeztu”. Hemendik aurrera araudia irakurtzeko eta hari ekarpenak egiteko eskatu die auzo elkarteei. Auzoek, ordea, proiektua erretiratzeko eskatu dute, negoziatzen hasteko baldintza gisa.
Leave a Reply