Kale gorrian edo leku ez-duinetan lo egiten duten pertsonak zenbatu zituzten urriaren 29ko gauean Araba, Bizkai, Gipuzkoako hamar biztanleria nukleo handienetan. Gipuzkoan, bi udalerritan egin zuten kontaketa, Donostian eta Irunen eta, denera, 126 pertsona aurkitu zituzten gaua igarotzeko etxerik gabe; 87 Donostian eta 39 Irunen.
Bizitegi bazterketa larrian dauden pertsonen inguruko bigarren azterlana izenpeko ikerketa argitara emango du Eusko Jaurlaritzak 2015ean, eta horren harira egin dituzte zenbaketak udalerrietan. Udalen gizarte ongizate arloen, Eudelen eta tokian tokiko elkarteetako boluntarioen laguntza jaso du Jaurlaritzak. Kalean lo egiten duten pertsonen baldintza soziodemografikoak eta beste hainbat datu ezagutzea da azterlanaren helburua.
Zenbaketaren garapena
150 boluntariok parte hartu zuten Donostiako zenbaketan, eta 65ek Irungoan. Taldeka banatu, eta talde bakoitzari auzo baten planoa eman zioten. Horrez gainera, kalean lo egin behar zuten pertsonak elkarrizketatzeko galdetegi bat eraman zuten boluntarioek.
Josune Zubillaga Rais Fundazioko boluntarioak Donostiako Amara Berri-Morlans eremuko kontaketan parte hartu zuen. “Sei boluntario ibili ginen. Denak elkartu, eta bagenekien zein kaletan begiratu behar genuen”, azaldu du boluntarioak. Kalean lo egin behar zuen jendea identifikatzen saiatu ziren lehenengo, “non zeuden, nola zeuden, poltsarik zeramaten”, eta, ondoren, gerturatu eta “galdetegia erantzun nahi zuten galdetzen genien, zertarako zen azaldu…”. Hala, gehienak erantzuteko prest agertu ziren: “Hurbildu, aurkezten ginen, esaten genien anonimoa zela, eta ea prest zeuden erantzuteko, eta ez genuen inolako arazorik eduki, betiere errespetu handiz, eta haiek ere errespetu handiz erantzun ziguten”.
Irungo San Migel Auzo Elkarteko presidentea da Maria Jose Barral, eta hark ere boluntario gisa parte hartu zuen kontaketan. Irunen metodologia bera erabili zuten, eta, haren kasuan, San Migel auzoan kalean lo egiten duten pertsonak identifikatzea egokitu zitzaion. “Bi gizon aurkitu genituen Antzarango arkupeetan. Beste leku batzuk identifikatuta genituen arren, horietan ez genuen inor aurkitu”. Galdetegia erantzuteko prest agertu ziren hasieran bi gizonak, baina, hala ere, galderen erdia egin ondoren, gehiago ez zutela erantzun nahi adierazi zuten.
Era berean, lo zeuden etxe gabekoak ez esnatzeko agindu zieten boluntarioei, baina behaketa fitxa bat bete behar zuten kasu horretan, eta sexua, adina, osasun egoera, garbitasuna… zehazten saiatu behar zuten.
Lehen emaitzak
Bildutako datuen arabera, Amara Berri, Loiola eta Martutene inguruan aurkitu zuten jende gehien Donostian, 33 pertsona denera. Intxaurrondon, Altzan eta Bidebietan 22 zenbatu zituzten; Parte Zaharrean eta Erdialdean 20; Grosen eta Ulian 10; eta Antiguan eta Añorgan, 2 pertsona. Horien artean, 65 gizonezkoak ziren eta 8 emakumezkoak. Lo zeuden beste 14 pertsonen sexua zehaztea ezinezkoa izan zen.
Irungo Udalaren Gizarte Ongizate arloak ez du eman auzoz auzoko daturik. Hala ere, jakinarazi du kale gorrian aurkitu zituzten 39 pertsonetatik 32 gizonak zirela eta 7 emakumeak. Horrez gain, 15 pertsona bide publikoan lotan ari zirela, eta beste 24 “etxebizitza gisa egokitu gabeko lekuetan” zeudela zehaztu du tokiko gobernuak.
Hala, zenbait lekutan kontzentrazio handiagoa edo taldeka lo egiten duten galdetuta, Donostian Morlansen batez ere herritar gehiago topatu zituztela adierazi du Zubillagak, “Amaran sakabanatuta zeuden aterpeetan, etxeetako atarietan, kaleko eserlekuetan… Eguraldi ona egiten zuen, tenperatura ere ona zen, eta horrek eragina dauka”.
Barralek, bestalde, Irungo Belaskoenea auzoko enpresa baten barruan, ustez 30 bat pertsonak aterpe hartzen dutela adierazi du, “baina aginduetako bat zen leku pribatuetan ez sartzea”.
Horiek horrela, zaila da profil jakin bat zehaztea bi boluntarioen aburuz. Zubillagak 2012ko zenbaketan ere parte zuen, eta, haren arabera, “denetarik dago, arrazoi askotarikoengatik daude kalean”. Droga menpekotasuna, langabezia, egoera ekonomikoa edo familiartekoa… izan daitezke arrazoi horietako batzuk.
Barralek, bestalde, ez du profil jakinik zehaztu ahal izan, eta, gainera, egia ez zietela esan uste du. Izan ere, “hiru egunerako zeudela esan ziguten, baina gurekin boluntario gisa zegoen emakumeetako batek inguruan lan egiten du, eta esan zigun dagoeneko 15 egun zeramatela han”.
Segurtasunik eza
Kale gorrian bizi diren herritarrak udalerri edo auzo batetik bestera migratzen dute batzuetan, Zubillagak dioenez. Haren ustetan, “segurtasun faltak” eragiten du mugimendu hori. Segurtasunik ezaren aurka aterpetxeak erabiltzea aukera bat izan daitekeen arren, batzuek hara ez jotzea erabakitzen dutela iritzi dio Zubillagak. “Beste batzuk ez dira sartzen, aterpetxe bakoitzak bere baremoak dituelako eta larrialdi egoeraren arabera baldintzak daudelako”. Horregatik, pertsona batzuen egoera lehenesten da, eta, gainera, “segun eta zein egoeran dauden ere ezin dira sartu”.
Irunen ez dago halakorik, eta tenperaturak 5ºC-tik behera egiten duenean, larrialdi zerbitzua eskaintzen zaie. Alde horretatik, EH Bilduren Udal Taldeak Martindozenea Aterpetxea proposatu du aste honetan gaiari irtenbidea emateko lehen urrats gisa. Izan ere, egoera zailean bizi dira herritar ugari gaur egun. Eusko Jaurlaritzaren pobreziaren eta ongizate faltaren azken ikerketaren arabera, 2008an krisia hasi zenetik, %42 igo dira pobrezian dauden biztanleak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %16,4k ongizate falta pairatzen dute.
Leave a Reply