Auzokide batek teleskopiotik planetak erakutsi behar zizkiola esan zionean, adarra jotzen ari zitzaiola uste zuen, baina teleskopioaren beste aldean ageri zenarekin betiko liluratuta geratu zen Jon Teus (Donostia, 1968). Gaur egun, horretan lan egiten du, eta lanbide errentagarriagoak egon badaitezke ere, nahiago du gutxixeago kobratu arren gustatzen zaion horretan aritzea.
Nerabea zinela sortu zitzaizun astronomiarako afizioa.
13 urterekin, negu amaierako gau batean zaborra ateratzera irten nintzen etxetik, eta teleskopioa zuen auzokide batek bota zidan: “Jon, igo, Saturno eta Jupiter erakutsi behar dizkizut”. Nik adarra jotzen ari zitzaidala uste nuen, hori ezinezkoa zela. Baina igo nintzen, teleskopiotik begiratu nuen, eta Saturno ikusi nuen bueltako eraztun eta guzti. Erabat harrituta geratu nintzen: itzela izan zen lurretik begiratuta izar itxura duen hori teleskopiotik planeta bat dela ikustea. Eta halaxe katigatu nintzen, gaur arte.
Hala ere, ez duzu astronomo titulua zeure egiten.
Egia esan, astronomo hitza orokorregia da, zuzena astrofisiko izango litzateke, baina ni ez naiz ez astronomoa, ezta astrofisikoa ere. Hain justu, ez dudalako horretarako ikasketarik egin. Baina astronomia munduan barneratuta daramatzat 25 urte inguru. Horren barnean, dibulgazioan aritzen naiz, batik bat: esaterako, zeruari erreparatzeko ibilaldiak gidatzen ditut Nafarroako eta Zaragozako herrietan. Teleskopioak probatzen ere aritzen naiz, ikus-entzunezko zein infografiarako erreportajeak ere egiten ditut…
Aranzadiko astronomia departamentuko kidea zara 1981etik. Zer egiten duzu?
Denetarik egin behar izaten da: agenda kontuak, egitasmo berriak baloratu, zeruari erreparatzeko mendi ibilaldiak antolatu…
2003an, berriz, Observar el Cielo (Zeruari begiratu) enpresa sortu zenuen.
Teleskopioak probatzen ditugu Espacio aldizkarirako, eta saldu ere egiten ditugu. Dibulgazioan ere aritzen gara, eta, horrez gain, ETBrako astronomiari buruzko dokumentalak egiten ditugu. Oraingoz, lau egin ditugu.
Nolako garrantzia du zuretzat enpresari izena ematen dion ekintzak berak, zerura begiratzeak?
Ahaztuta daukagun zerbait dela esango genuke, natura arloko beste hainbat kontu bezala. Zerua da gure ingurune naturaleko elementu garrantzitsuenetakoa: basoei, itsasoari eta mendiei bakarrik erreparatzen diegu sarri, eta hor gainean dugu zerua elementu pila batekin. Begiratu eta zeruan dauden gauzak ikustearekin batera sortzen zaizkit galderak niri, eta, akaso, naturako gainerako elementuek baino galdera transzendentalagoak eragiten ditu zeruak: “Zer dira izarrak?”; “Zergatik daude zeruan aurora polarrak?”; “Zergatik ditu ziloak ilargiak?”… Esango nuke gure arbasoentzat suarekin batera garrantzi berezia zuela zeruak. Astronomia ezagutzarik izan ez arren, esango nuke edonori gustatzen zaiola zerua garbi dagoenean gora begiratu eta ikusten dena; zerua gure jatorria ere bada.
Errumaniarako zein Kanadako artikorako espedizioak antolatu dituzu.
Aranzadirekin egin ditut horiek biak, baina neure enpresaren bidez Saharako basamorturako eta Suediako artikorako espedizioak ere antolatu ditut. Errumaniarako antolatu genuen lehenengoa, 1999an, erabateko eklipsea ikus zitekeelako bertan, eta argazkiak ateratzera eta bideoak grabatzera joan ginen. Han bildutako materialarekin liburu bat ere egin genuen. Kanadako artikora, 2001eko irailaren 11n joan ginen, eta lurreratzen-edo ari ginen New Yorkeko atentatua gertatu zenean. Hango kasuan ere material bera bildu behar genuen, baina aurora polarren inguruan. Arrakasta dezentea lortu genuen, material txukuna bildu genuelako. ETBrako egin genuen lehen dokumentalerako, Cerca del cielo [Zerutik hurbil] deiturikoa, Saharako basamortura joan ginen eguzki eklipse oso bat bideoz grabatzera. Abentura polita izan zen, basamortu erdia-edo zeharkatu genuen tuaregekin eta. Amaitzeko, Suediako artikora joan ginen berriz ere aurora polarrak grabatzera, eguzkiari buruz ETBrako egin dugun azken dokumentalerako materiala biltzera.
Jendea harritzen al da zerura begira lan egiten duzula esandakoan?
Jendeak inbidia agertzen du hasieran; nire lana interesgarria eta ederra iruditzen zaie gehienei. Logikoa da, gustatzen zaizun horretan lana egitea beti delako ederra, eta are gehiago gaur egun. Sorpresa eramaten dute, baina baloratu ere egiten dute egiten dugun lana, arlo horretan dabiltzanek, batik bat. Edonola ere, egiten dudan lana ez da bereziki errentagarria, baina nahiago dut gutxixeago irabazita gustuko dudan zerbaitetan aritzea, soldata handiagoarekin motibazio gutxiago izatea baino.
Leave a Reply