30 urteko uhin askeak

Txapa irratiak 30 urte bete ditu. Horrek esan nahi du 262.800 orduko programazioa ondu dutela orain arte. “Erraz zenbatzen dira, baina bada marka”, diote irratiko arduradunek, hedabidearen webgunean. Txapa irratia 1984ko ekainaren 23an sortu zuten. Hasieran, herriko sindikatu batek utzitako lokalean hasi ziren emititzen, baina, bost urte geroago, udalak utzitako lokal batera eraman zuten estudioa. Gaur egun, Bergarako gaztetxetik zuzentzen dituzte irratsaioak. “Bergaran komunikazioa beste era batean ulertzen zuen gazte talde bat bildu zenetik, asko aldatu dira gauzak, eta asko aldatu gara gu geu ere”, azaldu dute. Hiru hamarkada hauetan kontakizun askoren ahotsa izan da Txapa irratia; horregatik, egindako guztiari begiratu bat emateko eta ospatzeko garaia heldu dela erabaki dute: hamaika ekitaldi antolatu dituzte urte osoan, baina garrantzitsuenak urte bukaerarako utzi dituzte.

Bihar, adibidez, Txapa Jaia egingo dute Bergarako gaztetxean, 12:00etatik aurrera. Ordu horretan, gaztetxetik abiatuko dira gazteak poteoan, txaranga batez lagunduta. 14:30ean bazkaria egingo dute, eta bazkalostean, berriz, The Potes taldea igoko da gaztetxeko agertokira.

The Pogues talde mitikoaren eta beste talde irlandar batzuen bertsioak egiten ditu The Potes-ek, era akustikoan. Kontzertua www.txapairratia.org webgunean entzun ahal izango da.

Txapa Jaia

Bihar, 12:00etan, gaztetxean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.