“Beharrezkoa da odola doan ematea”

Mende erdia bete du aurten Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak. Bertako zuzendaria da Sabin Urzelai (Venezuela, 1955).

Odol emailerik ez balego, zer?

Orduan, operazio geletan eta larrialdietan ezin izango zatekeen lanik egin. Bi irtenbide daude: senide edo lagun bati odola eskatu, ala ezezagun bati odola emateagatik ordaindu. Leku askotan gertatzen da hori, eta arriskutsua da. Norbaitek diruagatik ateratzen badu odola, medikuek egindako elkarrizketetan gezurra esan dezake, eta nahiz eta azterketa sakonak egin, galdeketan gezurra esanez gero, beti dago arriskua. Elkarrizketa %100ean egiazkoa izateko, odol emaileak altruista izan behar du. Beharrezkoa da odola doan ematea.

Odol asko ematen al da Gipuzkoan?

Bai. Ondo eta asko. Esan behar da azken urteetan kopurua jaitsi egin dela Gipuzkoan. Baita EAEn ere, beharrak ere murrizten ari direlako. Alde batetik, krisiaren eraginez ebakuntza kopurua jaitsi egin da. Eta, bestetik, garrantzitsua dena, ospitaleetan odola behar bezala jartzen ari dira, behar den neurrian. Lehen, ebakuntzetan odol gehiago galtzen zen; orain, teknika berriekin gutxiago. Adibidez, belauneko odola garbia da, eta, zona horretako ebakuntza bat eginez gero, makina batekin galtzen den odola jaso, garbitu, eta berriz sartzen zaio gaixoari.

2012an eskasia izan zenuten.

Otsailean. Bi faktore batu ziren orduko hartan. Batetik, jende asko kutsatu zen gripearekin, denbora luzez, eta ondorioz odol emaileen kopurua gutxitu egin zen. Bestetik, elurte handien eraginez gure unitateek ezin izan zuten leku guztietara iritsi. Ikusi genuenean erreserbak behera zihoazela, jendeari dei egin genion, arazoa larritu orduko. Erantzuna ona izan zen, eta geroztik ez dugu gisa horretako deirik egin.

Odolik gabe geratzeko arriskua existitzen al da?

Zorionez, aspaldian ez da operaziorik bertan behera geratu, baina 2000 efektuarekin izan genuen arazorik. Urte bukaerako ebakuntza asko atzeratu egin ziren, operazio geletan arazorik sor ez zedin. Urte berriarekin ebakuntza asko egin ziren, eta gizon batek eskutitz bat idatzi zigun, haserre, bere aitaren mokorreko ebakuntza atzeratu behar izan zutelako gabeziagatik. Azkenean, ulertu zuen odol emaile izan gabe ezin ziola beste bati exijitu bere aitarentzat odola ematea. Gazteek ez dute ezagutu gabeziarik, baina 40 urtetik gorakoek bai. Gertatzen zen ospitaleetan 0 negatibo-dun odolik ez egotea eta behar zuenak senideren bat eraman behar izatea. Kontuan hartu behar da odolak ere iraungitze data duela. Gordetakoa hondatu egin daiteke; beraz, kantitate batzutan mugitzen gara. Horregatik, erne egon behar dugu.

Jendea ohartzen da odol emaileen garrantziaz?

Hitzaldiak ematera joaten naizenean gazteengana, galdetzen diet: “Zenbatek uste duzue odola jasotzeko eskubidea duzuela behar duzuen bakoitzean?”. Guztiek jasotzen dute eskua. Baina odol emaileak zenbat diren galdetuta, hiruk edo lauk jasotzen dute.

Jende askori beldurra ematen diote orratzek. Nola animatu?

Helburua da hona etortzen dena berriz bueltatzea. Beraz, ahalegintzen gara emailea eroso egon dadin. Orratzak minik ez egiteko prestatuta daude.

Leave a Reply

Your email address will not be published.