Rebeka Calvo
Bilatzen denaren araberakoa izango da; batzuentzat paradisua izango da, eta beste batzuentzat, galduta eta ezer eskaintzekorik ez duen herria. Gazteluk 170 biztanle inguru ditu, eta Leaburutik irteten den errepidea bertan bukatzen da. Ez da pasabide bat, beraz. Horrek ere egiten du berezi Gaztelu.
1966. eta 1995. urteen artean Leabururekin batera osatu zuen udala, arazo ekonomikoak zirela medio, baina, horiek konpontzean, berriro banandu ziren. Kondairak dio Gaztelun bazegoela gaztelu bat —hortik izena—, eta horren aztarnak elizaren inguruan leudeke, baina ez dituzte topatu. XIII. mendeko eliza ere ederra du, arkupe ikusgarria duena.
Herri txiki gehienetan bezala, lasaitasuna da nagusi. Ez du industriarik, ez du trafiko hotsik; Gari Aranzabal alkateak esan bezala, dendarik ez duenez ez du kontsumismoan erortzeko aukerarik ematen… paradisua ote? “Errepidea bertan amaitzen da, jende gutxi bizi da, ez daukagu industriarik, Tolosatik gertu gaude…”, erantzun du Aranzabalek Gazteluko berezitasunen inguruan galdetuta. Zahartzen ari den herria dela dio alkateak, baina haurrak badaude, nahiz eta ez diren eskola txiki bat irekitzeko nahikoa. “Ez dago ume nahikorik, eta eskola txiki bat irekitzeko eskaerak asko dira. Industriarik ez dugu, eta, beraz, diru sarrerak ere txikiak dira; eskola txikia ezin edukitzea dakar horrek”.
Alkateari “herri txikietako giroa” da gehien gustatzen zaiona. “Plazan biltzen garenon artean beste harreman mota bat eraikitzea dakar horrek”, gainera. “Naturarekin harreman handiagoa dugu, umeak ere lasaiago daude, plazan, elizako atarian… batetik bestera ibiltzen dira lasai, libre. Beste gauza batzuk egiteko aukera ematen digu honek guztiak, sinpleagoak direnak”. Aranzabal duela bederatzi bat urte joan zen Gaztelura bizitzera —tolosarra da jaiotzez—, eta bera bezala Gaztelura bizitzera joandako askok esaten dute hasieran asko jaisten zirela Tolosara, baina gerora geroz eta gutxiago joaten direla.
Baserri mundua mantentzea
“Herria zahartzen ari da, baserritarrak zahartzen ari dira eta gure erronkarik handiena hor dago”, esan du. Hau da, Gaztelun baserri giroa mantentzen lagundu nahi dute, paisaia eta bizimodua mantentzeko bide emango bailuke horrek. “Baserriak handiak dira… eta gure erronka da nola buelta eman garai bateko baserri mundu hori gal ez dadin, nola eraldatu hori. Gure kezka nagusietako bat da. Batetik, baserrietan etxebizitza gehiago egiteko aukera ematea da gure nahia, arau subsidiarioen aldaketaren bidez. Etxebizitza berriak egin ordez, dauden baserriei buelta ematea da gure nahia. Gaur egun, gazteek ezin dute ez dakit zenbat metro karratuko eta ez dakit zenbat hektarea dituen baserria erosi. Jendeak ez du hori behar. Bestalde, zeinek zaindu behar ditu soroak? Zeinek zaindu behar du ingurunea? Jendea etor daiteke bizitzera, baina nork zaindu behar ditu belazeak? Zeinek mantenduko du paisaia? Horri erantzuna ematen saiatu behar dugu”.
Aranzabalek gogoratu du gazte batek baino gehiagok egingo lukeela nekazaritzaren aldeko apustua, baina horretarako laguntza behar dutela. “Nekazari gazteei aukerak eman behar dizkiegu. Nekazaria izan nahi duen gazteak ez dauka aukerarik; ezin du baserri bat erosi. Ez da Gazteluko kontua bakarrik; erantzun zabal eta orokor bat eman behar zaio honi. Instituzioek, honek duen garrantziaz jabetu, eta nekazaritzan edo mundu horretan aritu nahi duten gazteei irtenbideak eman behar dizkiete. Baserri publikoak… ez dakit zein den bidea, baina gaia aztertu behar da. Gazteluko artzain zaharrena hiltzen zaigunean zeinek zainduko du artaldea? Gazte batek artzain izan nahi badu ere, nola erosiko du terrenoa, baserria… ezin du”.
Gaztelun eguneroko beharrei erantzuna emateko lan egiten dute, batez ere. Ez dute diru sarrera handirik, eta, beraz, duten dirua proiektu txikietan inbertitzen dute, eta, auzolanean bada, hobeto. “Parkea auzolanean berritu genuen, elizara joateko eskailerak… mantentze lanak egiten ditugu, batik bat. Lizartzako bidea konpondu nahi dugu, eta diru laguntzak ari gara lotzen. Jendea harrituta geratzen da jaietan-eta zein diru gutxi gastatzen dugun, baina dena guk egiten dugu. Kantu afaria guk egiten dugu, zalgurdia herritar batena da, jokoak guk egiten ditugu… auzolanean aritzen gara”.
Garai batean barnetegia zegoen Gaztelun, eta horrek jende asko erakartzen zuen; itxi zutenetik beherakada nabaritu dutela dio alkateak. “Frontoian lekurik ez zen egoten, eta futbol zelaian tarte txiki bat egiteko ere komeriak izaten ziren. Jende asko egoten zen Gaztelun, eliza atzeko tabernan ere jende asko ibiltzen zen… Barnetegia ixtea kolpe handia izan zen”, gogoratu du Aranzabalek. Gaur egun, ostatua ere itxita dago, nahiz eta lehiaketara atera eta berriz ere irekitzeko asmoa duten.
Leave a Reply