Osasuntsu ibili eta bizi

Oinez ibiltzetik haratago doan jarduera da martxa nordikoa. Turismo aktiboa, ariketa fisikoa eta natura oso lotuta daude Europa iparraldeko herrialdetan oso ezaguna den kirolarekin. Apurka, mundu osora ari da hedatzen, eta Euskal Herrian hainbat gune berezi egokitu dira kirol hori egiteko. Igandean aukera paregabea izango dute nordic walking deiturikoaren zaleek Anoetako kiroldegitik aterako den txangoarekin bat egiteko. Izan ere, deialdia kirola ezagutzen duten pertsonentzat da, ez baita ikastarorik emango ibilbideari ekin aurretik. Jone Arrospidek zuzenduta, 10:00etan aterako da martxa, Anoetako kiroldegitik, eta eguerdiko 12:30erako bukatzea espero dute.

Martxan parte hartu nahi duen orok etxetik eraman beharko ditu makilak. Eskia egiteko erabiltzen diren bastoien oso antzekoak dira, beharrezkoak martxa nordikoan aritzeko. Parte hartzaileek, gainera, gisa horretako martxetan erabili ohi den teknika menderatu beharko dute. Izan ere, martxa arruntean erabiltzen ez diren hainbat gihar talde lantzen dira; batik bat, besoak, bizkarra, sorbalda eta bularrak. Martxa nordikoa egokia da sasoi eta adin guztietako pertsonentzat. 1930eko hamarkadan du jatorria nordic walkingak. Garai hartan iraupen luzeko probetan aritzen ziren eskiatzaileak hasi ziren bastoi bidezko martxak egiten, entrenamendu gisa.

Martxa nordikoa

Etzi, 10:00etan, Anoetan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.