Lehengo batean, goizean lanerako bidean nindoala, lagun batekin eta alabatxoarekin elkartu nintzen. Alaba triste zihoan ikastolara. Zazpi urteko neskatilak itsasoari buruzko ipuin bat eraman behar zuelako klasera eta berak Pirritx, Porrotx eta Marimototsen bat aukeratu zuelako, eta bazekielako gelako mutilek barre egingo ziotela.
Bai, hala daude kontuak: umeendako pailazoak gustuko izateagatik barre. Antza, nagusiegiak dira horretarako. Badirudi mutiko horiei futbola gustatzen zaiela eta neskatoei Violetta —lehen Hanna Montana izango zen, baina modak aldatu egien dira, futbol jokalariak zahartu ahala—. Ama eta biok animatzen ibili ginen umea, pailazoak gustatzea ondo zegoela eta berari gustatuz gero, hor konpon beste guztiak, ez ziela jaramonik egin behar esaten jardun genuen; eta barre egiten bazioten “eta zer!” ozen bat jaurti behar ziela. Baina uste dut gure diskurtsoak ez zuela gehiegi konbentzitu.
Agurtu nituen eta gaiari bueltaka ibili nintzen luzaroan, nahiko hunkituta laga ninduelako neskatoaren tristurak. Oso gogorra iruditu zitzaidan zazpi urteko haurrendako pailazoak txikien kontua izatea, eurak nerabeak balira bezala. Eta orduan Jose Ignazio Piter Ansorenari, Mirriri, egindako elkarrizketa batean irakurri niona gogoratu nuen. Berak zioen Txirri, Mirri eta Txiribitonen aurreko urteetan ikuskizunetara hamar-hamaika urteko umeak joaten zirela, eta denbora joan ahala haurren adina gero eta baxuagoa zela. Bere esanetan, haurtzaroa murriztu egin diegu umeei, aurre-nerabezaroan jartzen ditugu goizegi. Esango nuke, ikusitakoa ikusita, Ansorenaren esperientzia hori beste pailazoei ere gertatzen zaiela, eta kontu orokortua dela.
Zein tristea den, baina! Umeak desumetu egiten ditugu, gaztetxo bihurtu, behar baino lasterrago, horrek dakarren guztiarekin. Nerabezaro amaiezina jasaten dute/dugu horrela. Txarrena da pubertaroan sartzen direla, pubertaroaren aldaketa fisiologiko eta mentalik gabe, eta ematen dizkiegun ereduak guztiz sexualizatuta eta genero estereotipoak zeharo markatuta daudela: neskak, emakume pinpirin, makillatu eta tuntun; eta mutilak, gizontxo patetikoak indarra eta oilarkeria demostratu nahian.
Hala kontatu dit lagun batek, behintzat, 11 urteko iloba neska duena: makillaje, itxura eta abarrak baino ez omen dituzte berak eta bere lagunek buruan, Disney Channel-i esker, itxura denez. Izan ere, telebista kate horretan sit-com direlakoek eredu horiek zabaltzen dituzte, zeharo estatubatuarrak oso sexualizatu, banandu eta estereotipatuak. Galdetu beharko genuke zein den helburua, zergatik ostu nahi diguten bizitzako sasoirik ederrenetakoa, zergatik kendu nahi diguten inozentzia, zergatik niniak heldu bihurtu nahi txepel hori. Zer interes ekonomiko, sozial eta politiko ote dagoen horren atzean.
Ikaragarria begitantzen zait hau guztiau. Ume denborak luzea izan beharko luke, kantu, jolas eta barre artean bizitzekoa, itxura eta modari erreparatu barik, helduon eguneroko arazo txotxoloetatik kanpo, inork barre egiten badie “…eta zer?” ozen baten planto egin eta jarki daitezen, dibertitzen ibili, barrezka, arboletara igota, eta txiribueltaka lurrean, zoro, alai…
Leave a Reply