Haurra zela, gaixorik erietxeko ohean, erizain batek eskaini zion babesagatik erabaki zuen osasungintzan sartzea Garbiñe Elolak (Donostia, 1989). Lanean daramatzan lau urteotan, jende helduarekin zein haurrekin aritzea egokitu zaio. Uneotan, larrialdi zerbitzuetan ari da lanean, eta gustatzen zaion arren, erizainek arlo guztietan “etengabe mugitzen” aritu beharko luketeela iruditzen zaio.
Gazte-gaztetatik datorkizu erizaintzarako bokazioa.
Haurra nintzela, beste aldean egotea egokitu zitzaidan, gaixoa izatea egokitu zitzaidan eta oso beldurtuta nengoen; oroitzen naiz erizain batek eskua gainean jarri, eta lasai egoteko esan zidala. Orduan, nire buruan zerbait mugitu zen, eta erabaki nuen nik ere nahi nuela jendeari laguntzen aritzea. Ikasketak 2010eko ekainean amaitu nituen, eta irail horretan bertan hasi nintzen zahar etxe batean lanean. Gero, Osakidetzatik deitu zidaten eta haurren arloan hasi nintzen lanean, jaio berri-berriekin. Ondoren, larrialdietan aritzea egokitu zitzaidan; digestio zein traumatologiako arloetan aritzea egokitu zait… Eta orain, deitzen didaten heinean, lana egiten jarraitzen dut; larrialdietan nago berriz ere, baina helduen arloan.
Gogorra al da larrialdi zerbitzuetan lan egitea?
Estres handiko arloa da, eta aldi berean, lasaia ere bada. Oso prestatuta egon behar duzu larrialdietarako, esperientzia izatea eskatzen du. Edozein eratako gaixoak tokatzea posible delako.
Lortu al duzu umetatik nahi zenuena, jendeari laguntza eskaintzea?
Hein batean, bai, gehiago laguntzea gustatuko litzaidake baina… Izan ere, langile gutxirentzat geroz eta lan gehiago daukagu eta estres handia izaten dugu; eta larrialdietan zaila da gaixo bakoitzari maila pertsonalean nahi bezala laguntzea. Geletako zerbitzuak, adibidez, beste era batera funtzionatzen du; baina larrialdietan, gaixoekin oso kontaktu motza izaten da, tratu pertsonalerako aukera gutxi egoten da.
Une gogorren bat bizitzea egokitu zaizu?
Bai, bizitzaren eta heriotzaren arteko mugan lan egitea tokatzen zaigu askotan, eta une gogorrak ikustea tokatu zait: lau hilabeteko haur baten heriotza, adibidez. Bizitza pertsonalean eragiten duten gauzak izaten dira horiek, familiak gaizki pasatzen ikusi behar izaten ditugu. Baina bi muturrak daude, momentu oso latzak egon daitezkeen arren, barre asko egiten dugun uneak ere izaten ditugu.
Arlo denen artetik bat hautatu beharko bazenu, zein litzateke?
Uste dut etengabe mugitzen aritu beharko genukeela, ikasteko eta lanari tamaina hartzeko. Izan ere, pazienteekin gertuko harremana izatea ona da, baina bizitza pertsonalean asko eragiteko arriskua egoten da batzuetan. Zerbitzu batzuk oso bereziak direlako; haurren arloan, adibidez, kasu oso gogorrak ikusi behar izaten dira eta horiek maila pertsonalean eragiten dute. Horregatik diot arlo batetik bestera mugitzeak, oreka bat emango lukeela, distantzia jartzen lagunduko lukeela.
Erizainak medikuen itzalean al zaudete?
Uste dut hori aldatu dela pixka bat. Erizainek ere geroz eta espezialitate gehiago egin ditzakete, lau urteko graduetan prestakuntza handia jasotzen dute, eta uste dut jendeak ere geroz eta konfiantza gehiago duela erizainengan. Ez dut uste bigarren mailakoak garenik, esango nuke diziplina anitzeko taldea osatzen dugula: guk medikurik gabe ezin dugu ezer egin, eta medikuek gu gabe ere ez; baina gauza bera erizain laguntzaile eta zeladoreen kasuan ere. Ez dago zalantzarik, medikuek prestakuntza handia dute, baina guri gaixoaren zaintza guztia egitea dagokigu. Izan ere, medikuek diagnosia egin eta tratamendua ezartzen dute, eta guk, medikuek agindutako tratamendua betetzeaz gain, geure prestakuntzak irakatsi digunetik zaintza osoa eskaintzen diegu gaixoei.
Eta zer izan behar da kontuan zaintza hori eskaintzerakoan?
Asertiboa izatea komeni da eta gaixoarekin enpatizatzea ere bai. Lehenik, prestakuntza behar da, eta gero, gaixoarentzat gertukoa izaten asmatu behar da. Gaixoak medikua urrun sentitu ohi du, baina erizaina ez, gu egoten garelako denbora gehien euren ondoan; horregatik da garrantzitsua erizaina gertukoa izatea.
Osakidetzako egora ikusita, nola begiratzen diozu etorkizunari?
Ba etorkizuna zaila ikusten dut, geroz eta lanpostu gutxiago daudelako. Beharrezkoa da oso oposizio onak egitea, bestela kanpoan geratzeko arriskuan egongo zara. Gainera, denbora osoan telefono deiaren zain egon beharra dago: “Gaur arratsaldean astebeteko kontratuarekin has zaitezke?”; “Etor zaitezke gaur gauean?”. Edonola ere, aritu naiteke hezkuntzan prebentzio arloan lan egiten, zahar etxeetan edo zerbitzu pribatuetan.
Leave a Reply