Afizionatu mailako puntista onenen lehia

Afizionatu mailako zesta-punta txapelketarik garrantzitsuenetarikoa jokatzen ari dira Tolosako Beotibar pilotalekuan: Jose Ignazio Elolaren Oroimenezko I. Txapelketa.

Onenetarikoa, pilotarien mailagatik; izan ere, afizionatuen mailako puntista onenek parte hartu dute txapelketan. Azaroaren 15ean hasi zen, eta orduan, zortzi bikotek final-laurdenak jokatu zituzten. Irabazleek aurrera egin zuten, eta igande honetan, hilaren 7an, finalerdiak jokatuko dituzte Beotibarren, 17:15ean hasita. Bi partida horietako bikote garaileak euren artean lehiatuko dira astelehenean, hilaren 8an, 11:15etik aurrera.

Tolosako Beotibar Zesta Punta Elkarteak antolatu du txapelketa, pilota modalitate horri laguntzeko asmoz. “Ez gara zesta-puntaren egungo egoera larriaren arduradun, baina ez dugu izan nahi hori aldatzen ez saiatzearen errudun”, esan zuten txapelketaren aurkezpenean. Orain, azken partida horiei begira pilotalekua bete nahi dutela dio Andoni Lertxundi Beotibarreko kideak: “Txuletaren Festa izango da egun horietan. Horregatik jarri ditugu finalerdiak igande arratsaldean. Jendeak lasai bazkaldu eta frontoira joateko aukera izan dezan”.

Goio Altuna profesional ohia, Lertxundi bezala, Tolosako zesta-punta elkartean dabil lanean. Txapelketa honen garrantzia azpimarratu du hark: “Euskal Herritik mundu zabalera hedatu den kirol hau ezin dugu hondoratzen utzi, eta Beotibar Elkarteak bere aletxoa jarri nahi du. Pilotarien erantzuna eta maila oso ona izan da. Sarrerak dohainik jarri ditugu. Eta, orain, ikusleen erantzuna nahi dugu. Pilota modalitate ikusgarria da zesta-punta, eta frontoira bertara etortzea eskatzen diegu; ezagutzera, eta gozatzera”.

Beotibar zesta-puntarako pilotaleku laburra da. Ondorioz, pilotaren bizitasuna oraindik eta handiagoa da. Izan ere, zesta-punta da pilota bizien ibiltzen duen modalitatea.

Lertxundik eta Altunak bat egiten dute Beotibarreko ateak zabal-zabalik daudela.

Elola omenduz

Beotibar zesta-punta elkarteko Lertxundik azaldu duenez, txapelketarekin Jose Ignazio Elola omendu nahi dute: “Tolosako zesta-punta elkarteko sortzaileetako bat eta langile nekaezina izan zen”. Horrez gain, azaldu du Beotibar elkarteak, txapelketa antolatzerakoan, federazioaren zesta-punta indartzeko proiektuan aletxo bat jarri nahi izan duela. “Partidak ikustera etortzeko gonbita egiten dugu, jendea seme-alabekin etortzea, erakusteko zesta-puntaren ikusgarritasuna, pilotaren abiadura, soinua…”. Lehen txapelketa honek jarraipena izatea nahi duela gaineratu du Lertxundik: “Euskal Herrian erreferente izatea nahi dugu. Denborarekin gaztetxoek ere parte hartzea nahi dugu, hori izango delako zesta-puntaren indartzea bide onetik doala ikusteko adierazlerik argiena”.

Fernando Elola semeak antolatzaileei eta babesleei horrelako txapelketa bat antolatzea eskertu die: “Aitarentzat Tolosako eskola zen bere bizitza, bere mundua zen. Lan handia egin zuen martxan jartzeko eta haurrei zesta-punta erakusteko. Harentzat ez zen lan bat, pasio bat baizik. Ez zuen pilota bakarrik erakusten, balioak ere erakusten zituen, eta haren bizimodua horri lotuta zegoen”. Txapelketa Jose Ignazio Elolari egiten zaion “errekonozimendua” dela gaineratu du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.