“Sorreratik joan da ‘Uztarria’ garai eta joera berrietara egokituz”

Uztarria Azpeitiko herri aldizkariak hamabost urte bete ditu. 1999ko azaroan kaleratu zuen hilabetekariaren lehen zenbakia Uztarria Kultur Koordinakundeak. Gaur egun Uztarria Komunikazio Taldeak argitaratzen du, eta, aldizkariaz gainera, Uztarria.eus webgunea du martxan, eta beste hainbat produktu ere kaleratzen dituzte, betiere Azpeitiari lotutakoak. Julene Frantzesena komunikazio lantaldeko kidea da (Azpeitia, 1990); euskarri digitalerako eta paperekorako jarduten du.

Uztarria herri aldizkariak hamabost urte bete ditu. Zer deritzozu ibilbideari?

Uztarria-ren bigarren fasean sartu nintzen ni proiektuan, Komunikazio Talde zela, 2009ko azaroan. Beraz, aurrekoaz ezin dut balorazio zehatzik egin. Dena dela, badakit 1998an sortu zela Uztarria Kultur Koordinakundea, Azpeitiko herrian euskara, kultura eta komunikazio arloetan zeuden hutsuneak betetzeko asmoz. Kulturarako eta euskararako jarritako helburuak bete zituztela eta, komunikazio talde bilakatu zen 2008an, eta komunikazio arloan dabil ordutik. Beraz, esan daiteke helburuak bete dituela hamabost urteotan. Orain komunikazioari begirako erronkak ditu Uztarriak, eta horretan ari gara. Herri aldizkariaren lehen zenbakia 1999ko azaroan argitaratu zen. Ordutik, 166 argitaratu ditugu, eta hil honetakoa da 167.a. Hainbat aldaketa izan ditu hilabetekariak urte hauetan, bai diseinuari eta bai edukiari edo atalei dagokienez.

Aldizkariaz gainera, webgune bat ere badu Uztarriak: uztarria.eus.

Webgunea 2002an sortu zuen Uztarriak, eta hainbat aldaketa izan ditu. 2012ko otsailean aurkeztu genuen webgune berritua. Sorreratik joan da Uztarria garai eta joera berrietara egokituz, bere erritmo eta baliabideen arabera. 2012an jauzi handia eman zen: Komunitatea atala jarri genuen webgunean, eta parte hartzea izugarri igo da ordutik. Atal horri esker, taldeek zein norbanakoek aukera izan dute euren profilak (kideak) egiteko eta albisteak edo bestelakoak idazteko. Herriko talde ia guztiek dute komunitaterako sarbidea, eta izugarria da parte hartzea. Bestalde, guardiako farmazien egutegia, edukien aldaketak eta sakelakoetara eta tabletetara egokitutako aplikazioa ere egin ditugu, irakurleei zerbitzu berriak eskaintzeko. Asteazkenetik, .eus da webgunea, eta aurki eskelen zerbitzua ere jarriko dugu bertan. Aldaketak izan ditu, eta izango ditu webguneak. Gure txikitasunean bada ere, beharrezkoa da, ahal dugun neurrian, komunikazio arloko berrikuntzetara-eta egokitzea gure webgunea ere.

Beste produktu batzuk ere argitaratzen ditu Uztarria Komunikazio Taldeak. Adibidez, Mugarria dokumentala kaleratu duzue orain. Zertan datza?

Aldizkariaren 15. urteurrenaren harira, Uztarriaren ibilbidea jasotzen duen Mugarria ikus-entzunezko lana aurkeztu dugu Sanagustin kulturgunean. Bertan, Uztarria Kultur Koordinakundearen hamasei urteko historia eta aldizkariaren hamabost urteotako ibilbidea jaso ditu Yuri Agirre kazetari azpeitiarrak. Uztarriaren sorreran aritu zirenen eta gaur egun Uztarriako kide direnen lekukotzekin osatu du ikus-entzunezkoa. Lan horrek bat egiten du Uztarriaren produktuen filosofiarekin. Izan ere, Uztarriak kaleratu dituen liburu, disko eta liburuxka biografikoen xedea herriko kazetari gazteei lanak egiteko aukera ematea da. Horren erakusle da orain arte ateratako 25 produktuetako asko herriko kazetari gazteek egin izana. Orotara, DVD bat, hamahiru liburu, disko bat eta hamar liburuxka biografiko kaleratu ditu Uztarriak.

Aurrera begira zeintzuk dira Uztarria Komunikazio Taldearen erronkak?

Aurrera begirako erronketako bat bazkideak lortzea da. Bazkidetza kanpaina egin dugu aurten, eta aurrerantzean ere egin beharko dugu, herritarrek komunikazio proiektua sostengatzen lagundu dezaten. Garai zailak dira denentzat, eta baita hedabideentzat ere, eta ekarpen txikiak handiak dira Uztarria Komunikazio Taldearentzat ere. Diru laguntzak jasotzen ditu Uztarriak, gainerako euskarazko hedabideen gisan, baina behar dugu herritarren babesa ere bizirik jarraituko badu proiektuak. Baina, babes hori lortzeko, Uztarriak bide berriak jorratu beharko ditu aurrerantzean ere. Komunikazio eskaintza zabala eduki beharko du. Teknologia komunikazioaren garai berrietara egokitu beharko du, bere pausoan, baina horrek izan behar du helburua. Bestalde, bere burua finantzatzeko bidean, Azpeitiko saninazioetan tonbola jartzen jarraitu beharko dugu, eta baita Frantziako Tourreko porra eta halakoak egiten ere. Bestalde, norbanakoak komunitatea erabiltzen hastea da helburua, izen-abizenekin ekarpenak eginez. Horiek are gehiago aberasten dutelako herri hedabidea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.