Pinturatik kartelgintzara, zinemagintzatik eskulturara, Bermeotik Argentinara, Renotik (AEB) Hondarribira. Euskal Herritik mundura. Eta handik, artista handienek soilik erdiesten duten hilezkortasunera. Nestor Basterretxea iragan den uztailaren 11n zendu zen, hainbat egunez Donostiako erietxean egon ostean. Une horretan, eta ez lehenago, utzi zion sortzeari.
Jaiotzez bizkaitarra zen Basterretxea. Bermeon sortu zen mundura, 1924ko maiatzaren 6an. Arkitektoa izan nahi zuen gaztetatik, baina bi gerra sartu ziren artistaren eta haren ametsen artean: 1936ko gerrak Euskal Herria astindu zuenean, familiarekin Frantziara erbesteratu zen, eta II. Mundu Gerra hasi zenean, berriz, Buenos Airesera mugitu behar izan zuen. Orduantxe ekin zion ibilbide artistikoari. 20 urte baino ez zituen, eta marrazkilari trebea zen.
Arkitektura Teknikoko ikasketak hasiak bazituen ere, diseinatzaile lanetan hasi zen Argentinan. Ezkonduta itzuli zen sorterrira, 1952an, eta Arantzazuko santutegiko kriptako muralak egiteko eskatu zioten. Jorge Oteizak bultzatuta, horma irudia egiteko lehiaketara aurkeztu zen; baita irabazi ere. Berea zuen Hego Amerikako muralgintza. Urteetako lanaren ostean, dena dela, Vatikanoren debekua jaso, eta bertan behera utzi behar izan zuen. Artistaren bizitzako zauri handietariko bat ireki zuen ezezko horrek. Lanaren erdia egina zuen ordurako, baina 1984ra arte ezin izan zuen amaitu.
Beti aitzindari
Bi talde artistiko esanguratsuren bultzatzaile izan zen: 1957an, Grupo 57 abangoardiako taldea sortu zuen Jorge Oteiza eta Agustin Ibarrolarekin; 1966an, berriz, Gaur taldea jarri zuen martxan, Oteizarekin berarekin eta Eduardo Txillidarekin. 1958an albo batera utzi zuen margolaritza, eta orduz geroztik eskulturan aritu zen nagusiki.
Hainbat maisulan utzi zituen diziplina horretan; besteak beste, Eusko Legebiltzarreko buruan dagoen zazpi adarreko egurrezko zuhaitza, Donostiako Bakearen usoa edota Nevadako euskal artzainei eskainitako monumentua, Reno hirian.
Eskulturaz gainera, argazkigintzan eta zinemagintzan ere utzi zuen arrastoa artistak. Ama lur filma (1968), esaterako, mugarri bat izan zen; ispilu bat ondorengoentzat. Fernando Larrukert izan zuen bidelagun filmaren sorkuntzan, eta Gipuzkoako Ateneo saria eskuratu zuten 2003an Donostiako Zinemaldian.
Esparru artistikoa edozein zela ere, aitzindari eta erreferente bihurtu zen Basterretxea. Kartelgintzan eman zuen zeresana azkeneko urteetan. Makina bat diseinatu zituen: EAJ alderdiarentzat egin zituen lehenbiziko afixak, Francoren heriotzaren ostean. Oinarrizkoak ziren lan horiek, kolorez eta itxuraz. Abstraktuak, bai, baina erabat apurtzaileak, garai hartako joera naturalistak kontuan hartuta. Forma simetriko eta okertuak sintetizatu, eta grafismo bilakatu zituen.
Kartelgilea ez ezik, logotipo anitzen sortzaile ere izan zen: Eusko Legebiltzarrarena, Bizkai Euskal Folklorearena eta Bai Euskarari ziurtagiriaren irudi zaharra, besteak beste. Nafarroa Oinez festarako eta Euskaldunon Egunkaria-ren alde ere egin zituen lanak. Elkartasuna eta euskalgintza zituen ardatz. 2012an, Durangoko 47. Azokarako egindako kartela izan zen haren azkeneko lanik aipatuena.
Urteetan egindako lan eskergaren ondorioz, oso oparoa da Basterretxeak etxean zituen lanen artxiboa. Gaur egun 700 obratik gora daude katalogatuta.
Azken omenaldiak
Aitorpen franko jaso zituen Basterretxeak bizitza osoan. Azkena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren partetik. Irailean eman zion Urrezko Domina, omenaldi hunkigarri batean; Egin eta Euskaldunon Egunkaria kazetak saritu zituzten ekitaldi berean.
Azaroan, berriz, Lehen oroimenaren pisua izeneko erakusketa zabaldu zuten Donostian, Koldo Mitxelena kulturunean. Artistaren bizitza osoko obraren ikuspegi zabal bat ematen du erakusketak, horretarako oinarri nagusia etxean gordeak zituen obrak dituela, Hondarribiko Jaizubia auzoko Idurmendieta baserritik zuzenean eramanak.
Erakusketa 152 artelanek osatzen dute, eta horietako asko egundaino inon erakutsi gabeak dira, edo oso gutxitan erakutsiak. Garai eta teknika guztietako lanak daude, eta, gaien aldetik ere, askotarikoak dira. 2015eko otsailera arte izango da zabalik.
Leave a Reply