“Berehalako konponbiderik ikusten ez zaion blokeo teknikoko egoeran egotea, proiektuarekin eta zuzendaritzarekin konfiantzarik eta konpromisorik ez izatea, eta herritarrak elkartu beharrean banatu egiten dituen politika partidista erabiltzea”. Itziar Nogerasek hiru arrazoi horiek aipatu zituen apirilean, Donostia 2016 egitasmoko zuzendari nagusi kargua utziko zuela iragarri osteko agerraldian. 2008an kultur hiriburutzarako hautagaitza aurkeztu zutenetik, Donostia 2016 polemika iturri izan da, eta aurtengo urtea ere ez da atzean gelditu. 2016a iristeko urtebete pasatxo besterik ez da falta, baina zuzendari nagusiaren aldaketak markatu du urtea. Bost hileko prozesuaren ostean, irail hasieran aurkeztu zuten zuzendari berria: Pablo Berastegi (Iruñea, 1968).
Berastegik kultur ekoizpenaren alorrean lan egin du orain arte, eta hainbat esparrutan jardun du, gehienetan elkarlana eskatzen duten egitasmo handietan. Photo España nazioarteko jaialdiko zuzendaria izan zen 2002tik 2006ra, eta La Noche en Blanco ekinbidea koordinatu zuen lau urtean, 2007tik 2010era.
2008an, Madrilgo Matadero zentroko koordinatzaile nagusi izendatu zuten, eta 2012ra arte sorkuntza garaikideari lotutako gune horretan lan egin zuen. 2012tik, Madrilgo Conde Duque kultur zentroan zebilen.
Donostia 2016 fundazioaren patronatuak 42 hautagairen artean iruindarra aukeratu zuen “proiektuarekiko, hiriarekiko eta lurraldearekiko sentsibilitatea eta enpatia handia” erakutsi zuelako eta “zuzendaritza eta komunikazio trebetasun nabarmenak” dituelako.
Berastegiren izendapenak ere zeresana sortu du, ordea. Izan ere, zuzendari berriak ez daki euskaraz. Kargurako euskaraz ez dakien bat aukeratu izana kritikatu zuten hainbat herritarrek eta taldek; kontseiluak, esaterako. Sortuko Hasier Arraizek ere “akatsa” zela iritzi zion. Hain zuzen, Arraizen adierazpenez galdetu zioten Berastegiri aurkezpen agerraldian: “Agian arrazoi du, baina iritzia alda dezan lan egingo dut”. Juan Karlos Izagirrek ere Berastegi aukeratu izana defendatu zuen, eta azaldu zuen Bruselaren irizpideak betez aukeratu zutela —ingelesez jakitea derrigorrezkoa da, eta euskaraz edo gazteleraz jakitea baloratzen da—. Izagirreren esanetan, euskarak proiektuaren “bizkarrezur” izaten segituko du, hala ere.
Berastegi aukeratu artean, aldi baterako zuzendaritza teknikoa osatu zuen patronatuak. Aurretik proiektuan lanean ari ziren hiru pertsonak hartu zuten ardura, bost hilabetez: Xabi Payak, Garbiñe Muñoak eta Enara Garciak.
Egoitzaren inaugurazioa
Gorabeherak gorabehera, Donostia 2016k aurrera jarraitu du bere bidean. Urrian, adibidez, egitasmoaren egoitza inauguratu zuten ofizialki —ekainean aurkeztu zuten—. Jabier Lekuona arkitektoak birmoldatu du Easo kaleko suhiltzaileen eraikin zaharra. Toki bizi bat sortu nahi izan du han.
2014an askotariko ekitaldiak egin dituzte proiektuaren barruan. Ekainaren 28an, esaterako, Artejira antolatu zuten. Egun osoko egitarauan parte hartu zuten idazleek, akrobatek, aktoreek, dantzariek, musikariek, arte plastikoetako artistek, bertsolariek… Zortzi auzotatik abiatu, eta Easo kaleko egoitzan amaitu zuten jaialdia. Bestalde, Auzolab deitutako laborategiak antolatu dituzte. Hainbat profiletako herritarrak bildu, eta metodologia berritzaile baten bidez egitasmoen gainean eztabaidatzen dute.
Leave a Reply