San Juanek bere aurreneko Kontxako Bandera astindu du aurtengo emakumeen proban. Gauza jakina zen aurtengo garaipenak ez zuela urrutira alde egingo, iraileko aurreneko bi igandeetan aritu ziren lau ontziak gipuzkoarrak izan baitziren. San Juanek, Hibaikak, Zumaiak eta Oriok ohorezko txanda historikoa osatu zuten Donostiako badian, azken urteetako galiziarren nagusitasunari amaiera emanez. Emakumezkoen Kontxako Bandera 2008an sortu zenetik, galiziarrek bost bandera irabazi dituzte.
Mailari dagokionez ere estropada gogoangarriak izan ziren Kontxako bi jardunaldiak; aurreneko estropadan sanjuandarrek lortutako abantailak oso txikiak izan ziren gainontzeko ontziekiko —1,32 segundo atera zizkion Hibaikari, bost Zumaiari, eta hamabost Oriori—, eta inoizko lehiarik estuenaren protagonista izan ziren lau taldeak.
Garaipena, baina, arrosa kolorekoa izan zen. Pasaitarrek denboraldi osoan zehar erakutsitako mailan egin zuten arraunean eta merezimendu osoz lortu zuten aurreneko Kontxako Bandera. Donostian lortutako garaipenari esker, Juan Mari Etxabek zuzendutako kuadrillak aparteko urtea borobildu zuen, abuztuan bukatutako Euskotren liga txapelketan ere nagusi izan baitzen. Guztira bost bandera lortu zituzten liga txapelketan, tartean Zarauzkoa.
Denboraldi hasieran, ordea, Hibaikako arraunlariek estu hartu zituzten pasaitarrak. Errenteriako ontziak ligako lehen hiru jardunaldietan bi garaipen eskuratu zituen, Cudeyo (Galizia) eta San Pedron, eta Kontxako Bandera bukatu arte estropada guztietan aritu zen garaipenaren lehian. Ligan sanjuandarren atzetik izan zirenetan oso segundo gutxi galduta helmugaratu ziren. Pilatutako atzerapenik handiena zazpi segundo eskasetakoa izan zen, uztailean Donostian jokatu zen proban. Gainontzekoetan aldea txikiagoa izan zen: Orion, 1,58 segundo; Getxon, bost; Zierbenan, hamabi ehunen; eta Zarautzen jokatutako bi jardunaldiak batuta hamar segundo.
Zumaiak ere oso lan txukuna egin zuen arraunaren Olinpiar Jokoetan. Lehenengo jardunaldian bost segundoko atzerapena pilatu bazuen ere sanjuandarrekiko, bigarrenean lau ontzietan azkarrena izan zen. Lortutako aldea ez zen nahikoa izan, ordea, azken garaipena eskuratzeko, baina erdietsitako bigarren postuari esker, denboraldia emaitza onarekin ixtea lortu zuten zumaiarrek.
Orio, aldiz, aurten estreinatu da Kontxako Banderan. Denboraldiaren hasieran horiek ez zuten Euskotren ligara sailkatzerik izan, baina arantza kentzea lortu zuten Kontxako Banderako sailkatze estropadan.
Berde koloreko liga
Gizonetan, Hondarribiak bere bigarren TKE liga txapelketa eskuratu du 2014an. Ama Guadalupekoa izan da denetan mailarik erregularrena erakutsi duen ontzia, eta guztira zazpi bandera lortuta —Pedreña, San Pedro, Getxo, Moaña, Noja, Bilbo eta Bermeo —, sailkapena aurreneko postuan bukatu du 203 punturekin.
Hamar puntu gutxiagorekin sailkatu da bigarren postuan Orio. Igor Makazagak zuzendutako taldeak denboraldi hasiera aparta osatu zuen, eta lehen jardunaldietan sailkapenaren buru izan ziren. Ontzi horiak lau bandera irabazi ditu denboraldian: Bartzelona, Pontevedra, Boiro eta Portugaletekoa.
San Juanek bosgarren postuan amaitu du, 120 punturekin, eta San Pedrok bederatzigarrenean, 78 punturekin. Morrek makal hasi zuten denboraldia eta estropadek aurrera egin ahala emaitza hobeak lortu zituzten.
Kontxako Banderari dagokionez, garaipena Bermeo aldera joan zen. Hondarribiak maila aparta eman zuen bigarren igandean, 19:06ko denborarekin, baina ez zen nahikoa izan bandera lortzeko. Urdaibaik egundoko erakustaldia eman zuen aurreneko igandean eta aukera gutxirekin heldu ziren bigarren jardunaldira ontzi gipuzkoarrak. Lehen igandean Hondarribiak 11 segundotako atzerapena pilatu zuen; Oriok, 28koa; eta San Juanek 34koa. Donostiarrak TKE ligako ontzi indartsuenekin neurtu behar izan zituen indarrak eta minututik gora galdu zuen.
Bigarren jardunaldian ez ziren gauzak gehiegi aldatu. Sailkapen orokorrean Hondarribiak bigarren postuan bukatu zuen, Oriok laugarren, San Juanek bosgarren, eta Donostiarra ontziak zortzigarren.
Leave a Reply