Ikusten da zuen poz matxinoa

Hi, potro. Ez haiz ba benetan zerbait mundiala galtzen ariko?”. Sekula ez nion azkenaldian bezala neure buruari horrelakorik hainbestetan galdegin, atzerriratuta eman izan ditudan aldi guztietan. Izan ere, prismatikoekin begiratu, eta bozkario barea nabari da gurean. Baita baikortasuna ere, behingoagatik arrazoitua edo.

Kontatzen didate ezagutzen ez ditudan areto eta festibaletan talde berriek kontzertu borobilak eman dituztela. Baita behingoz musika elektroniko ez hain berbeneroa dantza daitekeela Azkoitian, Lasarten, Orion. Epelde galantak hankaz gora ipini duela Euskal Herria, linkedin, linke-din-din! Badela idazle berri bat, Danele Sarriugarte, eleberri harrigarria idatzi duena, eta hobe dudala maleta huts samarra ekarri, liburuekin toperaino bueltatzeko, badela non aukeratu. Zarauzko Sohotik pasa beharko, beraz, Garoan zakutoa betetzeko. Edo Donostiako Grosetik, horrenbeste kultura herrian kabitu ez eta izurritearen bigarren fokua hamabost kilometro ekialderago zabaldu dutelako. Hazten ari den liburu-denda bat. Urrezko aro baten erakusle garden eta objektiboagorik nekez bururatzen zait.

Belharrakoak bezain bikain, sormen olatua urrunetik ikusten dut, eta aparraren puntan hura gobernatzen ari diren surfista kementsuei begira, adi-adi dagoen jendetza. Hor beharko ote nuke nik ere, itsasertzean eserita, nire miopia eta guzti artistei so. Belharran gertatutakoak Youtuben ikustea, bitsarekin batere busti gabe, ez da gauza bera. Loreak Alemanian estreinatuko dute halako batean, edo DVD-a oparituko didate, baina surfean bost minutu aritutako edonork daki aspaldi lehertutako olatuetan ez dagoela ikuskizunik.

Nire erradar antigoaleko samarrak antzeman duen zorion-egoerak badu gainera erakargarri suertatzen zaidan izaera axolagabe bat. Izan ere, langabezian nituen lagun guztiek langabezian jarraitzen dute, eta kide berriren bat batu zaie klubera. Zabortegi guztiak lepo, eta aurki Gipuzkoako karrikak banana azalez eta erabilitako pixoihalez beteta izango dira. AHTaren lanek Hernialden eragindako zulotik Zelanda Berria ikusi ahal izango da datorren urtean. Eta halere poza, hazkundeari eta produktibitateari bizkarra emandako poz matxinoa. 2015ean milaka liztor erregin asiar jaioko direla jakin, eta zuek parkean dantzan.

Beldur naiz asteartean etxera iritsi eta ez dudala hemen ez da ezer aldatzen, zaharrak berri klasikoa gehiagorik entzungo. Bueltako hegaldiari uko egin beharko niokeela ere pasa izan zait burutik. Baina ez nadin tronpatu. Hanka egin nuenean, egungo loraldirik gabe ere, bazen zer dastatu eta non gozatu gurean. Nirea bezalako jarrera zekenarekin nekez egin zitekeen halakorik ordea. Eta jarrera zekena zuzendu gabe, hobe oraingoz bi mila kilometrora jarraitzen badut. Zapatak estu antzera dituzunarekin obsesionatzen zarenean, Eganen kalejira epikoena ere tortura bilakatzen da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.