Eibar, primeran

Eibarreko zaleek ez dute erraz ahaztuko 2014ko maiatzaren 25a. Data hori talde armaginaren jarraitzaileen buruan geratu da gordeta. Egun hartan Eibarrek balentria historikoa lortu zuen, Alavesi 1-0 irabazi eta Lehen Mailara sailkatzea lortuta. 28.000 biztanleko hiriak izarren ligako talde erraldoien eta ehunka mila biztanleko hiri handien parean lehiatzeko aukera eskuratu zuen, merezimendu osoz.

Gipuzkoarrek egundoko denboraldia osatu zuten, eta hiri oso baten bultzada lagun, hasieran ezinezko ametsa zirudiena gorpuztuz joan zen denboraldi amaierara iritsi ahala. Maiatzaren 25eko gauean festak eztanda egin zuen, eta Ipurua futbol zelaia zaleen eta jokalarien ospakizunen lekuko izan zen. Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeak 71 punturekin bukatu zuen liga txapelketa, aurreneko postuan.

Eibar Bigarren B mailatik igo berria zen, eta denboraldi hasieran inor gutxik espero zezakeen taldeak horrelako maila ematerik. Denboraldi hasiera gorabeheratsua izan zuen taldeak, eta hamargarren jardunaldira arte beheko postuetatik ihes ezin eginda ibili zen. Hortik aurrera, baina, Eibar emaitza positiboak pilatuz joan zen bata bestearen atzetik, harik eta 25. jardunaldian lehen postua eskuratu zuen arte. Liga txapelketa bukatu arte ez zen lehen bi postuetatik jaitsi.

Une historikoak

Maiz esaten da gorengo mailara iristea errazagoa dela bertan mantentzea baino, baina denboraldi berrian taldeak zelaian erakutsitako jokoarekin baikor izateko arrazoiak dituzte zaleek. Izan ere, Lehen Mailako aurrekonturik txikienetarikoa izan arren, espero baino hobeto moldatu da Eibar izarrez beteriko ligara. Hainbat une gogoangarri bizi izan dituzte denbora gutxian eibartarrek. Lehen jardunaldian gipuzkoarren arteko derbiarekin eman zion Ipuruak ongietorria Lehen Mailari. Eibarrek 1-0 irabazi zion Realari, Javi Larak sartutako gol historikoari esker. 6. jardunaldian San Mames berria bisitatu zuen Eibarrek, eta puntu batekin bueltatu zen hutsean berdindu ostean. 12. jardunaldian Real Madrilek egindako bisitak ere ikusmin handia piztu zuen.

Une historiko horietarako, baina, lan handia egin behar izan dute taldeko bulegoetan. Eibarrek 1,7 milioi euroko kapital hazkundeari aurre egin behar izan zion uztailean Lehen Mailako talde bihurtzeko. Denboraldi berriko aurrekontua 18 milioi eurokoa da, Almeria, Elx, Valladolid eta Rayo Vallecano bezalako taldeen parekoa. Zatirik handiena telebista eskubideetatik dator, aurreko denboraldiarekin alderatuz sei edo zazpi aldiz diru gehiago jasoko baitu Eibarrek. Bigarren B Mailan, 2012-13ko denboraldian, 1,3 milioikoa izan zen aurrekontua, eta Bigarren Mailan, 2013-14ko denboraldian, 3,9 milioikoa.

Azaroaren bukaeran, gainera, Ipurua zelaia handitzeko lanak hasi zituzten. Lehen fase horretan iparraldeko tribunako harmailak zabalduko dituzte, eta lanok 2015eko martxoaren hasieran bukatzea aurreikusten dute. Ipuruak, egun, 5.000 eserleku ditu, eta lanen ostean ia bi mila gehiago izango ditu: 6.950 eserleku. Etorkizuneko Ipuruak bideo markagailu modernoak ere izango ditu, bai eta larrialdietarako irteera hobeak ere.

Aldaketak ere egin behar izan zituzten udaran zuzendaritza organoetan. Hala, Alex Aranzabalek hartu du Eibarren Lehen Mailako proiektuaren lema, bai arlo instituzionalean, presidente gisa; bai taldearen egitura arloan ere, zuzendari nagusi gisa.

Kirol arloan, berriz, hainbat jokalarirekin indartu da taldea Lehen Mailari eusteko helburuarekin. Tartean dira Abraham, Zaragozatik etorria; Ekiza, Athleticetik etorria; Piovaccari aurrelaria, Italiako Sampdoriatik utzita iritsi dena, eta Javi Lara, Ponferradinatik fitxatutakoa. Aurreko denboraldian taldeko izar bihurtu zen Jota Peleteiro, aldiz, Ingalaterrako Brentford taldera joan zen. Taldearen umiltasunaren adierazle da fitxaketetan gastatutako dirua: euro bakar bat ere ez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.