Birziklatze tasa %45ekoa da, 2009koaren bikoitza

Gipuzkoako Diputazioak emandako datuen arabera, herrialde osoko birziklatze tasa %45ekoa da, duela bost urtekoaren bikoitza; udalerrien erdiek baino gehiagok %70etik gora birziklatzen dute, eta 43.000 gipuzkoarrek konposta egiten dute. Ondorioz, aurten 2007an baino %40 hondakin gutxiago bidaltzen da zabortegietara (170.000 tona).

Birziklatzea eta konpostatzea dira aldundiaren planaren zutabeak, eta norabide horretan hainbat herritan aldaketak egin dituzte hondakinen bilketan. Azken urteetan eztabaida asko sortu dituen gaia da bilketarena. 2009an, Usurbilek atez ateko sistema martxan jarri zuenetik, urtez urte gehiago dira sistema horren alde egin dutenak. Aurten, adibidez, hondakinak atez ate biltzen hasi dira Aretxabaletan, Ikaztegietan, Zestoan eta Pasaian.

Bestelako sistemak ere abiarazi dituzte, hala ere. Tolosan, esaterako, organikoa eta errefusa biltzeko txipa duten ontziak jarri dituzte. Udalaren arabera, %70eko birziklatze tasara iritsi dira. Azkoitian, berriz, eredu mistoaren aldeko apustua egin dute. Zabor nahasia biltzeko edukiontziak kendu, eta errefusa modu pertsonalizatuan biltzeari ekin diote. Fardel eta konpresentzako aparteko edukiontziak dituzte, organikoarenak bezala txip bidez kontrolatuak. Ataunen eta Ormaiztegin ere sistema mistoa jarri dute.

Mutrikun, kontsulta

Hilabeteetako parte hartzearen ondoren, azaroaren 30ean Mutrikun herritarrei galdetu zieten bi sistemaren artean zein nahi duten: edukiontziena —organikoa eta errefusa txiparen bidez— edo mistoa —organikoa eta errefusa atez ate; gainerakoak, edukiontziekin—. Edukiontzien sistemaren alde egin dute parte hartzaileen %82k. Udalaren helburua da %60ko birziklatze tasara iristea. Tasa horretara iristen ez badira, bestelako neurriak hartuko ditu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.