Kontra-eskultura batez eman zioten erantzuna. AEBetara artzain joandako euskal herritarrak omentzea zen asmoa. Horregatik egin zioten enkargua Nestor Basterretxeari, eta abstrakzioaren mugan zen giza figura handi bat sortu zuen eskultoreak; herdoil kutsuko totem moduko bat, Renoko Rancho San Rafael parkeko paisaia desertikoan (Nevada, AEB). Erraldoi bat, paisaia desertiko hura desafiatzen. Baina protestak piztu zituen irudiak euskal diasporako zenbait kideren artean: ez zen aski basque, nonbait, basque monument hura, eta beste eskultura bat eraikitzea erabaki zuten. Berandu gabe altxatu zuten eskuan axuri bat eta alboan txaukur bat daraman artzain txapeladunaren irudi kostunbrista, euskal jatorrikoa zen casino jabe baten lurretan, Sparks hirian. Bi eskulturek jarraitzen dute zutik egun, baina bakarra herdoildu du denborak.
Balio du anekdotak Basterretxeak eta bere garaiko beste sortzaile nagusiek bizi behar izan zuten bidegurutzea deskribatzeko. Gerraostean hondakinetan zen kultura berpizteko erronka jarri zion bere buruari artista sorta horrek, eta estetika berri bat bilatu zuten horretarako. Beren gisara uztartu zituzten abangoardia eta neolitoa, abstrakzioa eta aldarrikapena, herri kondairak eta zinemagintza.
Ez dago zertan ukatu: neurri batean iragan bat asmatuz amestu zioten etorkizuna lur jota igarri zuten kultura hari, baina argia zen apustua: kostunbrismoaren irteerarik gabeko bidea baztertuta, munduko izatearen arriskuetara zabaldu zuten “euskal” zena. Bazenik ere apenas zekien kultura bat berpiztu zuten, eta Basterretxea izan zen berpiztaile nagusi haietariko bat. Erraldoi bat bera ere, desertua desafiatzen.
Leave a Reply